Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Abioi ekologikoa

Europar Batasunak (EB) 1.600 milioi euroko inbertsioa iragarri berri du Clean Sky (Zeru Garbia) proiekturako. Izenak dioen bezala, helburua inguruarekiko hobekuntzak eragingo dituzten teknologia aeronautikoak garatzea da.

Joxerra Aizpurua

Joxerra Aizpurua


2125. alea
2008-02-24
alde 0    kontra 0
Hegazkina
Hegazkina, berotegi efektua sortzen bigarren eragilea da

Garbitasuna eta zarata gutxiago lortu nahi dituzte proiektu horrekin. Adibidez, 2020 urterako isuritako karbono dioxido eta nitrogeno oxido kantitatea %40 gutxitu nahi dute, eta zarata 20 dezibeliotan jaitsi.

Horretarako, EBk Teknologia Ekimen Bateratua (ITC) plana jarri du abian. Plan horretan, EBk, industria-jabeek eta zientzialariek elkarrekin lan egingo dute. Hainbat taldek hasierako azterketak egingo dituzte eta ondoren aeronautikan garrantzi handia duten sei alorretan probatuko dira, hots, hegaletan, material arinetan, errotoretan, motorretan eta ibilbideak optimizatzeko teknologietan.
Abiazioa bigarren eragilea da berotegi efektua sortzen dutenen artean. Une honetan CO2 isurketen %3 baino ez da, baina urtero trafikoak %5 gora egiten duenez, gero eta garrantzi handiagoa izango du.

Intsektuek zerikusia izan omen zuten dinosauroak desagertzeko

Dinosauroak meteorito baten eraginez desagertu zirela orobat onartutako teoria da. Hala ere, egoera hori baliatuz intsektuek desagerpena azkartu egin zutela uste duenik bada. Nola azkartu? Hozken bidez gaixotasunak transmitituz.

Princeton Unibertsitateko George eta Roberta Poinar ikerlariek What Bugged the Dinosaurs? Insects, Disease and Death in the Cretaceous (Zerk gaixotu zituen dinosauroak? Intsektuak, gaixotasunak eta heriotza Kretazeoan) liburua argitara eman berri dute, eta bertan meteoritoekin bakarrik hain azkar ezin izan zutela dinosauroek desagertu azaldu dute, eta beste faktore batzuek, intsektuek eta loredun landareek alegia, desagerpena azkartu zutela adierazi dute.

Bi ikerlariek ez dute zalantzan jartzen meteoritoak izandako eragina, baina hainbat fosil aztertu eta gero beste faktore batzuk izan zirela uste dute. Horien artean, ziurtzat ematen dute intsektuen zeregina, gaurdaino ailegatu zaizkigun frogengatik garai hartan izugarri ugaldu zirela jakin baitakigu. Ondorioz, oso normala litzateke horien hozken bidez gaixotasunak transmititu izana.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza