Soinu txikiak txapela erantzi zuenekoa

  • Txapelketa dute bertsolaritzak, aurreskuak, jotak eta bestek. Trikitian, berriz, aspaldi ez da antolatu Euskal Herri osokorik; zenbait herrik egiten dute berea, askotan gaztetxoentzat baino ez. 1988an, berriz, puri-purian zegoen Euskal Herriko Trikiti Txapelketa Nagusia. Ikusle asko erakartzen zituen, baina aldi berean eztabaida bizia leherrarazi zuen trikiti munduan. Handik gutxira tamaina horretako txapelketak antolatzeari utzi zioten. Batzuen ustez, hobe horrela.
Kepa Junkera
Kepa Junkera trikitilariaIñigo Azkona

Aurten hogei urte beteko dira seguruenik tinta gehien isuriarazi duen Euskal Herriko Trikiti Txapelketa Nagusia jokatu zenetik. Eztabaida ugari piztu zuen 1988ko hark, baita zenbaitzuren zaletasuna ere, orain dela lau urte Xabi Navarrok Euskonewsen sinatutako artikulu batek dioenez: “Txapelketen gurdian eta odol berrien bultzadaz, soinu txikia herrietatik hirietarako jauzia egiten ari zen. (...) Donostiako Belodromora 8.000 pertsona bildu zituen 1988ko Trikiti Txapelketa Nagusiak. Herri txikietako erromeriak ere berpiztu ziren, entzule berrien uholdeak bultzatuta”.

Txapelketa hura, hala ere, azkenetakoa izan zen. Gainbehera hasita zegoen ordurako. Imanol Urkizu soinujoleak gogoratzen duenez, trikitilariak ez zebiltzan gustura lehiaketan. Urduritasuna, norberaren lanaren balorazioa, besteekiko konparazioa... Azkenean, puntako trikitilariek txapelketa gehiagotan parte ez hartzea erabaki zuten, Urkizuren esanetan.

Kepa Junkerak 1988 du gogoan. “Niretzat inflexio-puntua izan zen txapelketak uzteko bidean. Orduko hartan, batzuek esan zuten trikitia okerreko bidetik zihoala, eta nik neuk kritika ugari jaso nuen”. Esan dugu ika-mika iturri izan zela 88koa. Haize berritzaileek indarrez astindu zuten Donostiako Belodromoko oholtza, eta zaleen artean oraindik itxi ez den eztabaida sortu zen. Tradizioa eta berrikuntza zeuden, eta daude, aurrez aurre.

90eko hamarkadaren hasierak Euskal Herriko txapelketa nagusiaren azkentzea ekarri zuen. Tartean, izan zen berpizte asmorik, eta ez ausardia txikikoak. Txapelketa bakarra nahikoa ez eta, bi egiteko proposamena ere izan zen. Bata, tradizioari loturikoa; bestea atzamarren trebezia neurtzeko.

Txapelketa Nagusiaren azken hatsa

Gaur egun, tokian tokiko txapelketa txikiek betetzen dute nola edo hala letra larridun Txapelketak utzitako hutsa. Gehienak gazte mailakoak dira eta, bost izan ezik, maiztasun finkorik gabekoak. Urtez urte eusten dionetako bat Hernanin egiten da, Kriskitiña dantza taldeak antolatuta. Horren zuzendaria, Jose Angel Segura, Euskal Herriko txapelketa berreskuratzearen aldekoa da, horrek trikitiari mesede egingo liokeelakoan. Uste berekoa da Imanol Urkizu gaur egun: “Bultzada emango litzaieke atzetik datozen gazteei. Txapelketak interesa sortzen du. Ondo antolatuta, hori bai. Azken txapelketen garaian esaten genuen antolaketa ereduaz eztabaidatu beharra zegoela, baina ez zen egin”.

Txapelketaren kalteak

Iazko udan, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak bosgarrenez antolatu zituen Infernuko Poza jardunaldiak, txapelketak hizpide hartuta hain zuzen ere. Orduan emandako hitzaldian, Joseba Tapiak adierazi zuen bere ustez atzeranzko urrats handia direla horrelako lehiak artearen ikuspuntutik, nork bere bidea hartzea galarazten dutelako. Lasartearrarentzat, egitura trinkoegia dute, eta entzulea aspertzeko arriskua ere badago, beti gauza bera eskaintzearen poderioz, berritasunari hegalak moztuta.

Txapelketek gazteei bultzada emateko balio dezaketela uste du Kepa Junkerak, baina kontraesana atzematen du haien baitan. “Musika puntu kopuru batez epaitzeak ez dauka ez hanka ez bururik. Txapela irabaz dezakezu baina beharbada zure musikak ez du hunkitzen”.

Entzuleen iritzia epamahai batena baino askoz garrantzitsuago ohartzeak bultzatu zuen Junkera txapelketetatik aldentzera: “Interesatzen zaidana ideiak edukitzea da”. Joseba Tapiaren ustez, lehiaketan sormena da galtzaile, teknika hutsa hartzen baita kontuan. Horren adibide, Junkera eduki zuen gogoan Infernuko Poza jardunaldietan: “1988an hark merezi zuen irabaztea [Tapiak berak eskuratu zuen txapela, Leturiarekin batera], puskatu, berritu eta harritu, hark egin gintuen”.

Ereduen arteko talka

Oier Araolazak, dantzan.com webgunearen kudeatzaileak, txapelketen albo-kalteez du kezka. Haren iritziz, txapelketek betetzen duten funtzioetako bat ereduak sortzea da. Txapelduna, besteen ispilu. Baina horrek arriskua ekar dezake Araolazaren ustez, eredu nagusia zein den garbi ez badago. “Horregatik gertatu ziren orain hogei urteko liskarrak, trikitia ulertzeko modu bik talka egin zutenean”. Eibarko dantzariak uste du eredu bat baino gehiago onartuta ere, horien arteko hierarkia ezartzen dutela txapelketek.
Edonola, inork ez du bereganatu txapelketa nagusia berriro antolatzeko ardurarik. Ustez horretarako zilegitasunik handiena leukakeenak, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak –tamalez ez dugu haien adierazpenik jasotzea lortu–, ez du urratsik egiten norantza horretan. Gainerakook bezala, zer gertatuko zain.
Bizkaia eta Gipuzkoa, estilo bi, bi estilo
Iaz, Mirari Azkunek eta Zaloa Zenarruzabeitiak irabazi zuten Trikitilari Gazteen Getariako Txapelketa. Lau bikote, eta eurak bizkaitar bakarrak, Etxebarriakoak, Markina ondokoak. Azkunek dioenez, ezustean suertatu ziren txapeldun. Gipuzkoan bikote gehiago dago, zaletasun handiagoa, eta ondorioz maila hobea. Betidanik. Kepa Junkeraren iritziz, berriz, bi herrialdeen arteko aldea nabarmenagoa zen lehen. 1988ko txapelketa nagusian, bera eta Motriku ziren bizkaitar bakarrak Gipuzkoako zazpi bikoterekin lehian. "Baina zaletasun aldetik gauzak orekatuz joan ziren 90eko hamarkadaz geroztik, eskolak hedatzeari esker".

Historian zehar, jotzeko era desberdina izan da batean eta bestean. Bizkaiko Trikitixa liburuan, Xabi Aburruzagak dio Euskal Herriko trikitia orokorrean estandarizazio prozesuan sartu dela. Eskoletan irakasteko era bat jorratu da, eta horrek eragin du gipuzkoar moldeak nagusitzea. Baina Bizkaian bazegoen berezko estiloa, jotzeko modu propioa. Rufino Arrola, Fasio, Luis Bilbao, Bonifacio Arandia... Hamaika izen, nortasun horren erakusle. Kepa Junkeraren ustez, Gipuzkoako estiloa landuagoa izan da, "baina Bizkaikoak ez zuen interes txikiagoa horregatik. Dena dela, erreferentzia unibertsalak gailendu dira gaur egun, norberaren eskualdekoen kaltetan". Trikitiak praka bakeroak jantzi ditu, eta horrek ez du denen poza eragin.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude