2008-02-17 -- 2124.zenb
Serantes mendiko antenak egunero ikusten ohituta daude Ibaizabalen ertz bietako milaka lagun. Oraingoan ordea, behetik ikusi beharrean, haien ondo-ondotik ikus daitekeen paisaiaz gozatzeko parada izango dugu. 448 metro eskaseko garaiera izanik, Bizkaiko kostako bista ederrak ditu Serantesek. Nortasun handiko gailurra.
Serantesera igotzeko, Santurtziko Mamariga auzotik edo Zierbenako La Cuestatik has gaitezke ibiltzen. Santurtziko bidea hartu dugu oraingoan. Hara heltzeko, trena zein autobusa har daitezke Bilbotik, biak ere Abandoko geltokian. Autoz joanez gero, A-8an, Santurtziko porturako bidean, Mamariga auzorako irteera dago.
Vista Alegre kalean Serantesen tontorreraino eramango gaituen hormigoizko bidea hartuko dugu. Ondo adierazita dago une oro, eta ez dago galtzeko beldurrik.
50 metro ibilita, primeran ikusiko dugu Santurtziko portua. Bilbokoa, alegia. Itsasadarraren alde batean, Superportua, Santurtziko zentral termikoaren tximinia erraldoiak, hainbat solairutako etxe multzo ikaragarriak… Biztanle-dentsitatea eta kutsadura binomioa jaun eta jabe. Beste ibarrean berriz, Areeta, Getxoko Kirol Portua, Neguri, Ereaga eta Arrigunagako hondartzak, Algortako portu zaharra, txaletak, eta Bizkaiko Zubia ikus daitezke, besteak beste. Kontrastea ikaragarria da oraindik ere alde bien artean. Santurtziko portutik merkataritza-ontzi handia ari da irteten; Getxokotik, hainbat belaontzi, itsasoan egun pasa egitera.
Mamariga Serantesen magalean dago. Auzoak nortasun berezia du. Tradizioz arrantzalea izan bada ere, kontrastea erabatekoa da egun dauden metroko lanekin, esaterako. Hala ere, zoragarria da Vista Alegreko etxaldea ikustea, nolabait gogora ekartzen baitigu arrantzale bizimodua.
Baina utz ditzagun oroitzapenak eta goazen mendian gora. Lehen aldapatxoak igota, berehala ahaztuko zaigu portuko zarata. Horren ordez, ganadua, ortuak eta zenbait baserri eder ikusiko ditugu bidean aurrera goazela. Metro batzuk gorago, umeen jolaserako zelai aproposetara helduko gara. Egurrezko mahaitxoak eta iturri bi. Dagoeneko tontorra ikusten da, baina oraindik aldapa eta bihurgune batzuk falta zaizkigu hara heltzeko. Aurrez ditugunak aldapa luzeenak dira gainera, baina esfortzu apur batekin berehala helduko gara behinola funtzio militarra izan zueneko gotorlekura. Bista ederra dago handik, bai alde batera, Meatzaldera, zein bestera, Abrara eta itsasadarrera.
Konturatu barik azken zatira heldu gara, Serantesen gailurreko dorrerako 80 metro besterik ez zaizkigu geratzen. Behin goian, dorretzarra, antenak eta begiratoki handia aurkituko ditugu. Tontorretik bista paregabea dugu: Getxoko Galea muturra, itsasoa, Jata, Sollube, Durangaldeko mendiak… Baina baita ere, askoz hurbilago, Superportua, zentral termikoa eta beste hainbat “istripu”. Hemendik Bilbo Handi osoa ikus dezakegu, Handia izanagatik.
Bilboko portua –alegia, Santurtzikoa– behatzeko gune ezin hobea da Serantes. Horregatik defentsarako eraikin militarrak egin zituzten bertan. Felipe V.a erregearen garaian, Espainiako Ondorengotza-gerratean, hiru gotorleku eraiki zituzten, bakoitzak lau kanoi zituela. Gotorleku haiek munizioa gorde zein ingurua babesteko erabiltzen zituzten. Handik 160 urtera, 1875ean, Serantes tontorreko dorrea eraiki zuten. Ondoren bateriak, AEBen eta Espainiaren arteko 1898ko gerran. Espainiar militarrek estatubatuarren inbasioaren beldur zirelako indartu zituzten Kantauriko kostaldeko defentsak. Kanoirik ez dago egun, baina haien oroimenez-edo Las Baterías ez-izena eman zaio eremu honi.
1880an dorrea eraiki zuten, gotorlekutik 500 metrora. Zaintzako dorre modura erabiltzen zen. Gotorlekuak, bestetik, 6.800 metro koadroko azalera zuen. Forma pentagonala zuen, eta lau pabilioi. Bat armadarentzat, beste bat ofizial eta gobernadorearentzat, eta gainerako biak tresneria gordetzeko. Gaur egun, gerlaririk ez, herritar xeheak igotzen dira paraje hauetaraino. Eguneroko bizimodua ateratzea dute horiek borroka bakarra, eta ez da txikia.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1