Abrako gailurra

  • Serantes mendiko antenak egunero ikusten ohituta daude Ibaizabalen ertz bietako milaka lagun. Oraingoan ordea, behetik ikusi beharrean, haien ondo-ondotik ikus daitekeen paisaiaz gozatzeko parada izango dugu. 448 metro eskaseko garaiera izanik, Bizkaiko kostako bista ederrak ditu Serantesek. Nortasun handiko gailurra.
Serantes mendia
Serantes mendia, BizkaiaArrate Diez
Serantesera igotzeko, Santurtziko Mamariga auzotik edo Zierbenako La Cuestatik has gaitezke ibiltzen. Santurtziko bidea hartu dugu oraingoan. Hara heltzeko, trena zein autobusa har daitezke Bilbotik, biak ere Abandoko geltokian. Autoz joanez gero, A-8an, Santurtziko porturako bidean, Mamariga auzorako irteera dago.

Vista Alegre kalean Serantesen tontorreraino eramango gaituen hormigoizko bidea hartuko dugu. Ondo adierazita dago une oro, eta ez dago galtzeko beldurrik.

50 metro ibilita, primeran ikusiko dugu Santurtziko portua. Bilbokoa, alegia. Itsasadarraren alde batean, Superportua, Santurtziko zentral termikoaren tximinia erraldoiak, hainbat solairutako etxe multzo ikaragarriak… Biztanle-dentsitatea eta kutsadura binomioa jaun eta jabe. Beste ibarrean berriz, Areeta, Getxoko Kirol Portua, Neguri, Ereaga eta Arrigunagako hondartzak, Algortako portu zaharra, txaletak, eta Bizkaiko Zubia ikus daitezke, besteak beste. Kontrastea ikaragarria da oraindik ere alde bien artean. Santurtziko portutik merkataritza-ontzi handia ari da irteten; Getxokotik, hainbat belaontzi, itsasoan egun pasa egitera.
Hiriko zaratatik aldentzen

Mamariga Serantesen magalean dago. Auzoak nortasun berezia du. Tradizioz arrantzalea izan bada ere, kontrastea erabatekoa da egun dauden metroko lanekin, esaterako. Hala ere, zoragarria da Vista Alegreko etxaldea ikustea, nolabait gogora ekartzen baitigu arrantzale bizimodua.

Baina utz ditzagun oroitzapenak eta goazen mendian gora. Lehen aldapatxoak igota, berehala ahaztuko zaigu portuko zarata. Horren ordez, ganadua, ortuak eta zenbait baserri eder ikusiko ditugu bidean aurrera goazela. Metro batzuk gorago, umeen jolaserako zelai aproposetara helduko gara. Egurrezko mahaitxoak eta iturri bi. Dagoeneko tontorra ikusten da, baina oraindik aldapa eta bihurgune batzuk falta zaizkigu hara heltzeko. Aurrez ditugunak aldapa luzeenak dira gainera, baina esfortzu apur batekin berehala helduko gara behinola funtzio militarra izan zueneko gotorlekura. Bista ederra dago handik, bai alde batera, Meatzaldera, zein bestera, Abrara eta itsasadarrera.

Konturatu barik azken zatira heldu gara, Serantesen gailurreko dorrerako 80 metro besterik ez zaizkigu geratzen. Behin goian, dorretzarra, antenak eta begiratoki handia aurkituko ditugu. Tontorretik bista paregabea dugu: Getxoko Galea muturra, itsasoa, Jata, Sollube, Durangaldeko mendiak… Baina baita ere, askoz hurbilago, Superportua, zentral termikoa eta beste hainbat “istripu”. Hemendik Bilbo Handi osoa ikus dezakegu, Handia izanagatik.

Eraikin militarrak

Bilboko portua –alegia, Santurtzikoa– behatzeko gune ezin hobea da Serantes. Horregatik defentsarako eraikin militarrak egin zituzten bertan. Felipe V.a erregearen garaian, Espainiako Ondorengotza-gerratean, hiru gotorleku eraiki zituzten, bakoitzak lau kanoi zituela. Gotorleku haiek munizioa gorde zein ingurua babesteko erabiltzen zituzten. Handik 160 urtera, 1875ean, Serantes tontorreko dorrea eraiki zuten. Ondoren bateriak, AEBen eta Espainiaren arteko 1898ko gerran. Espainiar militarrek estatubatuarren inbasioaren beldur zirelako indartu zituzten Kantauriko kostaldeko defentsak. Kanoirik ez dago egun, baina haien oroimenez-edo Las Baterías ez-izena eman zaio eremu honi.

Gotorlekua

1880an dorrea eraiki zuten, gotorlekutik 500 metrora. Zaintzako dorre modura erabiltzen zen. Gotorlekuak, bestetik, 6.800 metro koadroko azalera zuen. Forma pentagonala zuen, eta lau pabilioi. Bat armadarentzat, beste bat ofizial eta gobernadorearentzat, eta gainerako biak tresneria gordetzeko. Gaur egun, gerlaririk ez, herritar xeheak igotzen dira paraje hauetaraino. Eguneroko bizimodua ateratzea dute horiek borroka bakarra, eta ez da txikia.
Zierbena, Serantesera igotzeko beste abiapuntua
Iparraldean itsasoa, mendebaldean Muskiz, hegoaldean Abanto-Zierbena eta ekialdean Santurtzirekin du muga Zierbena udalerri txikiak. 1.300 biztanle eta 10,5 kilometro koadroko hedadura ditu.

Egun Bilboko portura begira antolatuta du bere jarduera, baina antzinatik itsasoko lanetan aritutako herria da, abeltzaintza eta nekazaritzarekin batera. Zierbenak, Abantorekin batera, izugarrizko demografia hazkundea izan zuen XIX. mende amaieran, inguruan zituzten meatzeak eraginda. Baina hazkunde hura 60ko hamarkadan eten zen, meatzaritzaren gainbehera nabariaren kariaz. Gaur udal industrializatua da, portu ondoko lanen ustiapenera zuzenduta.

Abantoko San Pedro eta Santa Juliana eta Zierbenako San Roman kontzejuek udalerri bakarra osatu zuten 1842an: Abanto-Zierbena. Hala ere, Zierbena 1878an hasi zen banatzeko lehen urratsak ematen. Azkenean, 1995ean lortu zuen independentzia. Abanto-Zierbenak, hala ere, izen horri eutsi zion Zierbena gabe ere. Arrazoia sinplea da: badago Espainian Abanto izena duen herria, eta estatuko legediak debekatu egiten du udalerri bik izen bera edukitzea.

Zierbenakoak “galipo” izengoitiaz ere ezagutzen dira, hori da-eta arrantzaleek erabiltzen zuten saskiaren izena. Saski horretan eguneko janaria, itsasorako jantziak eta eguna amaitzean zegozkien arrainak zeramatzaten, besteak beste.
Erromeria Serantesen
Urtero, Pazko astelehenean, Kornites erromeria ospatzen da. XIX. mende hasieratik dator ohitura. Erromeriaren izenak ogiz egindako eta arrautza egosiz eta txorizoz betetako opil borobilean dauka jatorria. Opiltxoa oihalez egindako poltsan sartuta, ingurukoak Serantes mendira igo ohi ziren askaltzera. Hango zelaietan dantza eta jolas egin ostean, iluntzean Mamarigara joaten ziren, jaia bertan jarraitzeko. Oraindik ere, jende andana biltzen da egun horretan festa ospatzeko.

Jateko:
  • Maisu jatetxea. Mamariga kalea 137, Santurtzi. Tfnoa.: 94-483 78 80.
  • El Marinero erretegia. Zierbenako portua. Tfnoa.: 94-636 50 58.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude