Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-02-17 -- 2124.zenb

Maltzagatik

Demokraziarik ez Euskal Herrian

Xabier Letona

Euskal Herriarekiko bederen ez da demokraziarik. Zalantzan jarri liteke autodeterminazio eskubiderik aitortzen ez duen estatu bat demokratikoa dei daitekeen edo ez. Luze eztabaida liteke horretaz. Baina politika egiteagatik alderdiak legez kanpo jarri eta haien buruzagiak espetxeratzen dituen estatua ezin daiteke demokratikoa izan, nahiz eta neurriok zuzenean populazio multzo bati baino ez eragin. Ez zuzenbide estaturik, ez demokraziarik.

PPk eta PSOEk erabat berenganatua dute azkenean topatu dutela ENAM garaitzeko giltza, ohiko polizia bideak eta ilegalizazioek hondoratuko dutela dagoeneko indar metaketarako gaitasunik ez duen mugimendua. Errepresio selektiboa ei da bidea, zuzendaritzak bata bestearen atzetik desegin, berrantolaketa eragotzi eta datozen gazteek harri bertsuetan estropezu egin dezatela behin eta berriz.

Eta mende hasieran ehundutako estrategia berriak akaso lortuko du ezker abertzaleko erakundeak ahultzea, baina lortuko ez duena da gatazka politiko bortitza gainditzea. Urte askotxo iragan dira jada hortaz ohartzeko moduan eta Espainiako agintariek ere aspaldi ohartuta behar lukete.

Baina seguruenik berdintsu zaie, baldin eta ENAMeko fenomenoa burbuila gisa mantentzea lortzen badute, borroka armatu eta guzti ere burbuila horrek une batean sortzen duen presioa guztiz jasangarria delako. Eta agian komenigarria ere bai, Espainiako barne kohesio tresna gisa guztiz erabilgarria delako. Eta erabakitzeko eskubidearen aldekoen meta eragozten duen osagai garrantzitsuena delako. Errepresio uholde berri honek, gainera, negoziazio prozesu berri bat izatekotan, indarretik abiatzea ahalbidetzen dio Estatuari.

ENAMeko jendeak borrokan du esperantza... eta Estrasburgoko Auzitegian. Espainiarentzat kolpe latza litzateke Alderdien Legea hondoratzea, baina ez estrategia berriaren amaiera. Espainia beldur da Estrasburgorekin, baina hango epaiak zazpi urtez behin datoz. Okerrenera ere prezio onargarria Estatuarentzat.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan