Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-02-17 -- 2124.zenb

Legeak, indarkeria, erantzukizuna, zigorrak

Gotzon Barandiaran

argazkia

Iņigo Azkona

Legeak betetzeko daude. Eta betearazteko. Legeak betetzeko asko gaude. Eta betearazteko, balantzan, oso gutxi. Zer den legea gutxi batzuek erabakitzen dute. Zelan betearazi beste hainbestek.

Lege asko adostasunez betetzen ditugu, samaldan bizitzea bururatu zitzaigun behinola eta ordutik ezinbestekoak direlako onartzen ditugu legeak, edo beti behar dugulako aginduko digun norbait, nondik jo behar dugun esango digun norbait. Ongia eta gaizkia zer den bereizten erakutsiko digun botereduna. Eta boterea eskuratu duena ohitu egiten da, ez daki botere barik bizitzen, nagi izaten da beste inoren aginduak betetzen bizi garenon bestalde honetara etortzeko, bisitan baino ez bada ere. Eta badaezpada, bestalde honetako lege betearazleok irrika zein gurari arriskutsurik izan ez dezagun, bestalde honetako batzuk limurtzen ditu legea betetzeaz arduratu daitezen, mugaz bestaldekook gehiegi aztoratu eta samaldan ihesaldi kontrolaezinik gerta ez dadin. Eta limurtzen dituztelarik, samaldakideak bereizten irakasten diete, bereizitako horiek gorrotatzen irakasten diete, kalean jipoitzen irakasten diete, torturatzen irakasten diete, beharra izanez gero, hiltzen ere badakite.

ETAren jardunaren aurka egotea, ETAren jarduna gaitzestea, okaztagarria iriztea zilegia da. Ez hori bakarrik, legezkoa eta legepekoa da. Ostera gobernu espainolaren eta frantsesaren jardunaren kontra berba egitea, Frantziako, Espainiako, Euskadiko zein Nafarroako polizien jarduteko eraren aurka, gutxi batzuek asmatzen dituzten legeen aurka, mugaz bestaldean gaudenon aldean oso gutxi diren batzuen interes ekonomikoen arabera onartzen diren makro egitasmo ekonomikoen aurka egotea ez da zilegia, hain gutxi legezkoa edo legepekoa.

Ondorioez ari naiz, noski. Izan ere, gaur dela hamar bat urte arte (aurten beteko baitira Egin eta Egin Irratia itxi zituzteneko urteurrena) ETAko kide batek, atxilotu eta ziurrenik torturatzen zutelarik, urte luzeetako gartzela zigorra izaten zuen. 1998tik hona, ETAkoa dela ez dakienak ere, urte luzeetako kartzela zigorra izaten du.

Zergatik? Gutxi batzuek horretarako legeak asmatzen dituztelako eta bete daitezen indarkeria erabiltzen dutelako. Baina zer gertatzen da, urteek aurrera egin ahala, samaldak legeok okerrak izan zirela erabakitzen badugu? Legeak asmatu eta betearazi zituzten horiek, izango dute erantzukizunik? Eta zigorrik? Mugaz bestaldeon bizi garen samaldakide bereiziok gorrotatu, jipoitu eta torturatzen gaituzten horiek, izango dute erantzukizunik? Jasoko ote dute zigorrik? Egunen batean frogatzen bada samaldakide bereiziak froga barik urte luzez kartzelaratu zituztela? Nor izango da erantzulea? Izango ahal du zigorrik?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan