Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-02-17 -- 2124.zenb

Estaturik gabeko herria

Nagore Irazustabarrena

argazkia

Vieille Montagneko meatzea

Viena, 1815. XVIII. mendeko gerra amaigabeen ondoren, Europako mapa berriro marraztu zuten Vienako Kongresuan bildutakoek. Prusia eta Holandaren arteko negoziazioa ez zen erraza izan. Muga berria nahiko azkar adosten ari baziren ere, Moresneteko eskualdera iristean liskarrak hasi ziren.

Bertan zegoen Vieille Montagneko zink-meatzea eta biek nahi zuten, baina gatazka ez gordintzeko, azkenean, ez zen inorentzat izan. Moresnet egun Alemaniak, Belgikak eta Herbehereek bat egiten duten puntutik zazpi kilometrora zegoen. 3,5 kilometro koadroko azalera besterik ez zuen, baina mende luze batez lurralde neutroa izan zen, inolako jaberik edo jurisdikzio zehatzik gabekoa, Europaren erdi-erdian baina Europako estatuen mapatik kanpo.

Meatzea, hasieran, bi erresumetako ordezkariek kudeatu zuten. Berehala, ordea, lurraldean gobernu txiki modukoa sortu zen. Zergak biltzea eta legeak betearaztea ezinezkoa zen, ez zergarik eta ez legerik ez zegoelako. Gehien komeni zitzaiena aukeratzen zuten. Herbehereetako arau bat hartzen zuten batean, Prusiako lege bat bestean, biak baztertu eta euren bideari heltzen zioten hurrengoan… Administrazio arazo handiak zekartzan egoera hark, baina baita abantaila ekonomikoak ere. Inportazio-tarifarik ezin zen aplikatu eta Moresnet paradisu fiskal bihurtu zen. Bertako 3.000 biztanleak azkar aberastu ziren.

Baina Vienako Kongresuko erabakia aplikatu eta 70 urtera, Vieille Montagneko meatzeko erreserba guztiak agortu egin ziren. Bertakoek ez zioten pagotxari muzin egin nahi eta alternatiba berehala jarri zuten martxan: kasinoak, putetxeak eta ginebra merkea egiten zuten destilategiak zabaldu zituzten, eta edukiak batere kontrolatzen ez zituen posta zerbitzu askea antolatu zuten.

Lehen Mundu Gerrarekin batera, Moresnetek lurralde neutrala izateari utzi zion. Akabo prostituzioaren, jokoaren, alkohol merkearen, kontrabandoaren eta espioitzaren paradisua. Gerraren hasieran Alemaniak hartu zuen lur zati neutrala, baina Versalleseko Itunak Belgikari eman zion. Bigarren Mundu Gerran, 1944an, berriro Alemaniak okupatu zuen; hala ere, gerra amaitu eta, atzera, Belgikarentzat izan zen. Baina ordurako Moresnetek ez zuen ia biztanlerik. Lehengo abantailak amaituta eta 40 urtetako gorabeherak medio, ia denek inguruko “ohiko” estatuetara alde egin zuten.

Estatu propiorik gabeko herriak zer diren ederki dakigu, baina horra hor inolako estaturik gabeko herri baten historia.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan