Astekaria

 Liburuak 

Markos Zapiain, literaturaz eta ziminologiaz

Irudia

Pilar Iparragirre


2123. alea
2008-02-10
alde 0    kontra 0

Markos Zapiain ::Txillardegi eta ziminoa

Susa

orrialdeak ::130

prezioa ::14€

Markos Zapiain ezaguna da egiten dituen literatur kritikengatik. Dudarik gabe, liburuak serio aztertuko ditu, baina azterketa horien ondorioak agertzeko orduan beti erabili izan du ironia puntu bat. Susa argitaletxearen eskutik plazaratu duen Txillardegi eta ziminoa liburuan erakusten duen berbera. Izan ere, lan hau irakurtzen duenak jakin ahal izango du Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren nobelei egileak eman dien interpretazioa. Aztertutako nobeletan gizakiak ziminoarekin duen loturaz Txillardegik esaten dituenak berresteko, Markos Zapiainek kontsultatutako genetistek gaiari buruz gaur egun defendatzen dutena ere ezagutuko du irakurleak. Eboluzioaren historia laburbilduz, hauxe dio Laztanguren genetistak: gizakia eta txinpantzea duela 11 milioi urte hasi ziren bereizten, baina gero berriz elkartu eta elkarrekin izan zituzten umeak. Duela 5,4 milioi urte ingururaino ez omen ziren behin betiko banandu. Hori kontuan izanda, hona hemen Zapiainek bere buruari egiten dion galdera: “zein ote da harreman haien ondorengoa: gizakia ala txinpantzea?” Antza, bietako bat izan liteke, gizakia ala txinpantzea, baina bietako bat baino ez.

«Txillardegirentzat gizakia funtsean zimino hutsa da»

Zein da liburu hau egiteko zio nagusia?

Euskal eleberri modernoan ugaztuna izan da nagusi hasieratik beretik, zehazki ziminoa. Txillardegiren obra ziminologia sakona da, besteak beste; polisemia handiko eleberriak dira bereak, baina orobat, Joan Mari Irigoienek dioenez, polisimio handikoak.

Azaldu al dezakezu hori pixka bat gehixeago?

Txillardegik usu nabaritu du, batetik, gizakion funtsezko aberetasuna; eta bestetik, ziminoen gaitasuna gormutuen zeinu hizkuntzak ikasi eta erabiltzeko, Ameslan-ez mintzatzeko, ehunka hitz erabiliz, hitz berriak sortuz, txinpantze elebidunak ahozko ingelesa entzun eta Ameslan-era itzuliz. Alegia, gizakion eta ziminoen artean ez dago funtsezko alderik. Txillardegirentzat gizakia funtsean zimino hutsa da.

Hori dela-eta, euskal gizakiok iraun dezagun, proposamen berezi samarra egin duzu zuk Txillardegi eta ziminoa liburuan...

Bai. Zeregin garrantzitsua dugu aurrerantzean euskaltzaleok: milaka zimino erosi, Ameslan-en pareko “Euzehizk” (Euskarazko zeinu hizkuntza) bat sortu (konplikatuagoa izan zen euskara batua), ziminoei irakatsi eta ondoren zimino euskaldunok ere estatistiketan zenbatuak izan daitezen erdietsi, hedabide erdaldunek haiek arroztu baino lehen. Gainera, auskalo, baliteke ziminoek gizakiok bezain traidoreak ez izatea hedabide arrotzetara lerratzeko orduan. Txillardegiri eskertu behar diogu aukera itxaropentsu honi ere bide teorikoa zabaldu izana. Ziminoei euskaraz irakastea ez zaigu oso zaila egingo, baditugu aurrekariak eta zubiak.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza