Astekaria

 Azkena 

Reverte, itzal argiz

Arturo Pérez-Reverte erdal idazlea ez da morroi atsegina. Harroputz eta bere usteko agertzen da elkarrizketetan. Espainolkeria dario bere nobeletan. Haren liburuek urrun dituzte berrikuntza eta arriskua. Erdeinuz begiratzen dio literatura jasoari. Turmix literarioaren aitzindari, bertze egile eta garai batzuetan arrakastatsu gertatu diren ereduetan aritzen da, bazkan, banpiroa odol bankuan bezain aise. Gainera, aparrean dago Espainiako Estatuko irakurleen gogoan.

Aingeru Epaltza

Aingeru Epaltza


2123. alea
2008-02-10
alde 0    kontra 0
Aingeru Epaltza
Aingeru Epaltza idazlea (Iñigo Azkona)

Reverte erne egoten da efemerideei. Duela lau urte, enkarguzko lana erantsi zien Trafalgarko batailaren bigarren urteurrenaren ospakizunei. Orain, ez dio hutsik egin 1808ko maiatzaren 2ko gertakarien gorazarreari.

Unamuno euskaldunari bezala, Espainiak min ematen dio Reverteri. “Episodio nazionaletarako” isuri nabarmena agertu du hondar urteetan. Espainiar inperioaren XVII. mendeko gainbeherari sail osoa eskaini zion, hala behar-eta, garaiko gazte bizkaitar baten ikuspegian ezkutaturik berea. Gurea ere baden XIX. mende hasierako krisi politiko-soziala aspaldi handitik du ikusmiran.
Frankismoan heziak garenoi, orduko irakaskuntza zoldazuari loturik ageri zaigu Madrilgo herri xehearen altxamendua aliatu frantsesaren kontra. Zaku berean ditut Numantziaren errautsak, erregina katolikoaren atorra zurruna, Agustina Aragoikoaren kanoia eta Moscardó generalaren monokulo prusiar-mesetarioa.

Alde horretatik begiratuta, Espainiako pentsamenduan Aznarrekin batera abiatu eta Zapateroren agintaldian atertu ez den revival neokontserbadorearen inperio-minean sar genezake, lehen behakoan, Reverteren lana. Hark ere, itxuraz, “Espainia, zer hintzen eta non hago?” galdetzen dio bere buruari. Alta, bertze batzuek ez bezala, aizkoraz ekiten dio mitoari. Bere aberriaren zorigaiztoa ez dio inongo konjurazio judeo-masonikoari egozten. Agintarien berekoikeria eta gaitasun eza eta herriaren atzerakoikeria, horra, Reverteren iduriz, bere herriaren drama, ilustratuen kanpoederkeria ahantzi gabe.

Un día de cólerak, niri, lehen kapituluetan, harako ¿Arde París? hura ekarri dit gogora, Dominique Lapierre frantsesak eta Larry Collins estatubatuarrak elkarrekin egindako lanen saileko lehenbizikoa, eta nazioarteko lehen best-sellerra. Lan horretan, kazetari bikote honek koraltasuna ekarri zioten kronika historiko-periodistikoari, literaturatik ebatsita. Handik aitzina, letra larriz idazten diren gertakarien kontakizuna ez zuen gizon-emakume handien bozak eginen. Aldiz, mikrohistoriaren kontzeptuaren bidetik, puzzle baten gisara osatuko zuten dozenaka pertsonaia handi nahiz txikiren istorio, kontakizun eta ikuspegiek. Lapierrek eta Collinsek protagonista zuzenak buruz buru elkarrizketatuta atera zuten beren liburuetarako lehen gaia. Reverte dokumentazio historikotik elikatu behar izan da nagusiki, eta zuloak irudimenaren laguntzaz tapatu. Kazetari senak gainerakoa egin du: Madrilgo putazainaren ibilerak, Lapierren eta Collinsen erresistente komunistarenak bezain egiantzeko egin ditu Cartagenako idazleak.

Izan gaitezen, beraz, barkaberak. Ikas dezagun zerbait. Uste handikoa? Gure arteko bat baino gehiago ez litzateke apalagoa bertze garai batzuetako literatura ezagutu eta zukutuko balitu Revertek ezagutzen eta zukutzen duen bezala. Nazionalismoa, bertzalde, ez da gure nobelagintzatik aparte. Irakurlea harrapatzeko idazle honek aurkitu duen formularen jabe egiteagatik ez genuke gutako frankok diru guti ordainduko. Eta berritzaile, abangoardiak akabatu zirenez geroztik, nor da hemen berritzaile?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia