Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-02-10 -- 2123.zenb

Hau da hau elementua!

Nagore Irazustabarrena

argazkia

Fausto Elhuyar

Bergara, 1783. Elhuyar-Zubize anaiek, munduan lehen aldiz, wolframio izeneko elementu kimikoa isolatu zuten, Bergarako Errege Mintegiko laborategian. Jean eta Ursula gurasoak Parisen ezkondu ziren 1746an. Urte batzuk geroago, lan kontuak medio, Bilbora joan ziren bizitzera, eta 1753an Logroñora (Espainia). Bertan jaio ziren Joan Jose (1754), Fausto Fermin (1755) eta Maria Lorentza (1757) neba-arrebak.

1772an aitak Parisera bidali zituen bi semeak, Le jardin du Roi ikastetxean kimika eta mineralogia ikastera. Zientzia giro bero-beroa topatu zuten bertan. Kimikaren iraultzaren urteak ziren; orduan aurkitu zituzten, besteak beste, bismutoa, nikela eta manganesoa. Lavoisir, Scheele, Werner eta garaiko kimikari nagusien lanak ezagutzeko aukera izan zuten anaiek.

Euskal Herrira itzuli eta 1778an hasi ziren Bergarako (Gipuzkoa) laborategian lanean. Baina berehala joan ziren berriro atzerrira metalurgia-teknika berrienak ikastera. Fausto itzuli zen lehenik Bergarara, baina 1782az geroztik, Joan Jose eta biak elkarrekin aritu ziren Saxoniatik ekarritako mineral bati teknika berri haiek ezartzeko.

Minerala deskonposatu eta burdina eta manganesoa atera zituzten. Hondakinari azido nitrikoa erantsi eta hauspeakin zuria lortu zuten. Azido klorhidrikoa gehituta, hauspeakin horia izan zen emaitza. Hura xehatu, eta ikatz-hautsarekin nahastuta, ordu eta erdiz su bizian eduki zuten. Botoi gris moduko bat lortu zuten. Hatzez heldu eta hauts bihurtu zitzaien. Wolframioa zen, elementu guztien artean fusio-punturik altuena duena.

1784an, seguruenik Faustok idatzita, Tolosako (Frantzia) Zientzia Akademiak prozesuaren txostena argitaratu zuen. Berehala zabaldu zen berria Europa osoan. Joan Jose Bogotan hil zen, 1796an; Fausto, berriz, Madrilen, 1833an. Baina wolframioaren inguruko ikerketek bizi-bizirik jarraitu zuten.

Egun, Elhuyar anaiek isolatutako elementu gogorrak bere txokoa du taula periodikoan; tantalioaren eta renioaren artean, W ikurra eta 74 zenbaki atomikoa duen huraxe da. Eguneroko bizitzan ere toki garrantzitsua du: besteak beste, diamantea ordezkatu du trokelaketa eta zulaketa prozesu askotan, bonbilletan eta elektronikan erabiltzen da, baita plasma sortzeko ere. Material estrategikoa da, eta II. Mundu Gerratik hona eskaera handieneko produktuen zerrendan dago. Behar-beharrezkotzat jotzen da eta, esaterako, AEBetako gobernuak sei hilabeterako stocka dauka gordeta. Finean, Elhuyar anaiek lortutako botoi gris hauskor hargatik ez balitz, ezingo ziren prezio bideragarrian ekoiztu inguruan dauzkagun gauza asko.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan