Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-02-10 -- 2123.zenb

Gizarte Segurantza

Neurrira egindako erretiroak

Daniel Udalaitz

argazkia

Urtarrilaren lehen egunaz geroztik indarrean da erretiroa 65 urtetik gora atzeratuta gehiago kobratzeko legea. Beraz, aurrerantzean, abian da neurrira egindako erretiroa. Orain arte, salbuespen bakan batzuetan izan ezik, ezin zen legez erretreta adin horretatik aurrera atzeratu.

Espainiako administrazioak, Patronalak eta Sindikatuek Gizarte Segurantzako Legea berraztertzea erabaki zuten pasa den urtean. Lege horren baitan, besteak beste, pentsioa %15eraino handitzeko aukera aurreikusten da erretiroa 70 urtera arte atzeratzen dutenentzat. Berraztertze horrek pasa den azaroaren 22an jaso zuen Diputatuen Kongresuaren behin betiko onespena eta 2008ko urtarrilaren lehenean sartu zen indarrean. Euskal Herriak Gizarte Segurantza propiorik ez duenez, Espainiako eta Frantziako erretiro sistemei loturik daude langile euskaldunak.

Espainiako Estatuan erretiroa hirurogeita hamar urtetik gora hartzeko aukerarekin zera eskaini diete langileei: neurrira egindako erretiroa. Orain arte, salbuespenak salbuespen, nahitaezkoa zen gehienez ere 65 urterekin erretiroa hartzea. Hala, alor honetan Europako beste herri batzuek hartutako bidera lerratu da Espainiako Estatua ere.

Hona legeak dakarren neurri nagusia: 66 urterekin edo gehiagorekin erretiroa hartzen duten langileei %2 handituko zaie pentsioa, 65 urtetik gora kotizatutako urte bakoitzeko. Portzentaje hori %3ra igoko da 40 urteko kotizazio-ibilbidea egiaztatuz gero. Halaxe osatuko litzateke arestian aipatutako %15 hori. Arauak zehazten du, gainera, pentsio handiena gainditzen den kasuetan, oroharreko prezioan urtean kopuru bat jasotzeko eskubidea onartuko dela; kotizatutako urteen araberakoa izango da, hain zuzen, zenbateko hori. Arau hauen berri zehatz-mehatz jakin nahi duenak eskueran dauka Gizarte Segurantzaren webgunea: www.seg-social.es. Norberaren egoera zein den zehazki jakiteko, ordea, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko edozein bulegotara jotzea da onena. Han argituko dizkiote zalantza guztiak.

Egiazko hamabost urte kotizatzen, pentsioa eskuratu ahal izateko

Gizarte Segurantzako arau berrien artean pentsioen gaiari loturik beste neurri garrantzitsu bat ere hartu da: erretiroko pentsioa eskuratzeko nahitaez kotizatu beharreko epeari dagokiona. Kasu honetan, neurria gaitzagoa eta garestiagoa da gaur egungo langile eta etorkizuneko pentsiodunentzat. Izan ere, luzatu egin da erretiroa hartzeko nahitaez kotizatu beharreko gutxieneko denbora tartea. Orain arte 15 urtekoa zen gutxieneko epe hori. Eta araudi berriak beste xehetasun bat ere ekarri du: aparteko ordainsariak jada ez dira kontuan hartuko. Alegia, orain arte 4.700 egun kotizatzearekin aski zen gutxieneko epe hori osatzeko, baina urtarrilaz geroztik 5.475 egun kotizatu beharko dira eskatutako hamabost urte horiek egiazkoak izateko.

Erretiroa hartzeko adina gutxitzeko –eta erretiro partziala edo erretiro aurreratua hartu ahal izateko– koefizienteekin zerikusia duten beste aldaketa batzuk ere jasotzen ditu arau berriak. Hala, erretiroa hartzeko adina gutxitzen duten koefiziente berriak sartu dira indarrean lan “nekagarri, toxiko, arriskutsu eta osasunerako kaltegarrientzat”, baita ezintasunen bat duten pertsonentzat ere. Horretarako, beharrezkoa izango da, aurrez, dagozkion azterketa guzti-guztiak egitea; kotizazio aldaketak kontuan hartu beharko dira eta ezingo da inolaz ere 52 urte baino gutxiagorekin hartu erretreta.

Gainera, erretiro partziala eskuratzeko baldintzak bateratu egin dira erretiro aurreratua hartzeko baldintzekin. Aurreratua hartzeko nahitaezkoa da 61 urte beteak izatea (60 ziren lehen), 30 urte kotizatuta edukitzea eta enpresan sei urteko antzinakotasuna izatea. Azken bi baldintza horiek ez ziren eskatzen lehen erretiro partzialetan. 1967ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko mutualistentzat, 60 urteko adina mantentzen da. Azkenik, 2002ko urtarrilaren 1aren aurretik kaleratze baten ondorioz eta 35 urte kotizatu ostean erretiro aurreratua hartu zuten haien guztien pentsioa ere hobetu egingo da.

Alarguntzako pentsioak baitaizatezko bikoteentzat ere

Gizarte Segurantzako Legearen erreformak alarguntzako pentsioentzat ere hainbat hobekuntza biltzen ditu. Hala, esaterako, ezkonduen eta izatezko bikoteen baldintzak parekatu egin dira alarguntzako pentsioari dagokionean. Pentsio hori jasotzeko eskubidea onartuko zaie –gutxienez bost urtez– elkarrekin bizi izan direla egiaztatzen dutenei edo elkarrekin seme-alabak dituztenei. Heriotzagatiko laguntzari dagokionean ere ezkonduen eskubide bera izango dute izatezko bikoteek, eta laneko istripuen edo laneko gaixotasunen ondorioz gertatutako heriotzengandik ere oroharreko prezioan kalte-ordaina jasotzeko eskubide bera izango dute.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan