Boterearen historikotasunaz

  • Keba, Jose Inazio, nik ez nizun kargu hartu nahi, eztabaidatu baino ez nuen egin nahi. Dena dela, halako itxura eman banizun, barkatu, nire ofizio honen gabeziak izanen du errua. Zuk, aldiz, ekidistante deitzen didazu. Nik ere hiztegira jo dut: zenbait punturen arteko distantzia berdintasuna. Beno, ez zait gaizki iruditzen, gustatzen zait izenondoa.

2008ko otsailaren 10an
Juanjo Olasagarre
Juanjo Olasagarre idazleaJudit Fernandez
Zein lirateke bi puntuak? Aurreko egunean aipatu genuen ETAk eragindako guardia zibilen hilketa, bat; Estatuak, denon ordezkaritzaz beztiturik, eragindako 18/98 sumarioak jende errugabeari ekarri dizkion gartzela, isunak eta abar, eta hortik ondoriozta daitekeen Estatuaren nolabaiteko porrota, bi?

Beno, ba Jose Inazio, lazgarriagoa, lazgarriagoa diot (badakit politika sentimenduen eremura lerratu dudala izenondo horrekin), itzulerarik ez duen neurrian, lehendabizikoa iruditzen zait. Heriotza batek ez du bueltarik, nahiz eta uneoro hil jendea. Niestzchek zioen hura: “Biziak ez du ezer balio baina ezerk ez du bizia balio”. Eta kontuz, izugarria iruditzen zait sumario horrek akusatuengan eragindako kalteak.

Baina zuk geruzen zure azalpen horrekin argitzen didazunez, bat eta bestea fenomeno desberdinak dira; bata Estatuak eragin duelako, denok ordezkatzen gaituen zerbaitek, eta bestea, talde batek. Beno ba zure argudiatzearen arabera ezin naiz ekidistantea izan, izate desberdineko puntu biren artean ez dagoelako distantziarik. Hala ere, nik uste dut baietz, banaizela aipatu bi mutur horiek konpara daitezkeelako, neurri batean, eta urtetan, ETAk (berriz ere neurri batean diot) euskaldun guztiok sinbolizatu izan gaituelakoz. Horregatik hartzen dugu aintzakotzat, bestela hiltzaile saldotzat joko genuke eta kito.

Eta, aurrekoan bezala –betikoan segitzen dugu–, hortik moralaren eremura ailegatu gara. Uste dut, Ur, gizakia on ala txarra den eztabaidatzea ez zaidala axola, une honetan. Konforme egon naiteke zure gure baitako hitlerñoaren teoriarekin (ala ez). Kontua litzateke morala eta etika hitlerño hori bezatzeko sortu zirela zehaztea. Eta sortu ziren neurrian produktu kulturalak direla eta gizarte eta garai historiko bakoitzak izan duela bere morala, boterearen zegoen jende, talde, klase sozial eta abarren arabera, baina baita ere behean zeudenen laguntza, eraldatze eta abarrekin. Morala ez da beraz zerbait absolutua baizik eta historikoa, boterea ez den bezala.

Botereari dagokionez, barkatu, Foucault irakurri duen bat irakurtzen ari naiz, ez daude alde batetik banakoak eta bestetik boterea. Banakoak botere harremanen ondorio historikoa dira eta boterez eginak daude. Beraz norbanakoak ere erabiltzen du boterea. Horrek azal ditzake, Ur, “gure kontraesanak, guri egiten dizkigutenek sortzen diguten indignazioa eta guk egiten ditugunek sortzen ez digutena”.

Horregatik iruditzen zait, eta beharbada gaizki eta liseritu gabeko irakurketen ondorioa izan daiteke, laurogeiko marra ideologiko lodiak ez dutela balio eta are gutxiago praktika politikoak. Zein neurritaraino, demagun, indartzen du ETAren jardunak Estatuaren botere harrotzea? Edo zein neurritaraino hainbeste urtetako diskurtso politikoaren erabilerak ez ditu gure hitz guztiak erretorika –“erretolika merke” lokuzioa agertzen zen, Jose Inazio, ematen zenidan erantzunean– huts bihurtu?
Noraino dago egiten dugun/duten guztia esanahirik gabeko keinu izatera kondenaturik?

ASTEKARIA
2008ko otsailaren 10a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude