Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-02-10 -- 2123.zenb

Azken aukera

Gorka Urbizu

Roxanne, you don't have to put on the red light… abesten zuen Sting-ek, aspaldiko partez Andy Summers eta Stewart Copeland handia alboan zituela. Iraila zen, iaz, astegun buruzuria Bartzelonako Olinpikoan. Estadioa lepo: 55.000 bat lagun The Police ikusteko. Banandu eta hogeitabi urte beranduago hantxe zeuden, geure begien aurrean eta nahikoa sasoiko.

Harainoko bidea, ordea, ez zen batere erosoa izan. Nekagarria egiten da astearte batean Bartzelonaraino joatea, gau horretan bertan itzultzeko. Ez dakit zein ordenatan, baina denbora, dirua eta afizioa behar da horretarako. Halere, beti ez da Police ikusteko aukerarik izaten eta zintzo demonio azaldu ginen Iruñera, antolatutako autobusean igotzeko. Atzeko lekuak libre antzean zeudela eta hara jo genuen, lasaiago joango ginelakoan. Oker geunden: bide erdian ibilgailuak geldialdia egin zuen Tuterako Policezaleak hartzeko, eta handik gutxira haiek inguratuta geunden, ihesbiderik gabe. Berrogeitaka urteko rockzale nostalgiko aldra, ikusitako kontzertuen pasadizo harrigarriena nork botako. Ozen, jakina, ahoa zabal-zabal eginda eta gidariak berak entzuteko moduan. Bada, handiena atzekoak askatu zuen:

 ndash; Ni Manarekin amorraturik nago. Izugarri gustatzen zaizkit, eta Zaragoza eta Iruñerako, bietarako sarrerak hartu nituen. Lehenengoan Espainiako bandera atera zuten, baina Iruñekoan, aldiz, Nafarroakoa bakarrik! Ez zitzaidan batere ondo iruditu Alfajarín parean botako zuen hori, oraindik 300 km geratzen zirela. Zorionez, tortura hura amaitu eta heldu ginen, halakoan, Bartzelonara. Beldur ginen, aspaldiko taldeen itzulerok duten arriskuen jakitun, baina latza izan zen kontzertua, gogoangarria zinez. Ziurrenik Police ikusteko azken aukera izango zen gainera. Edo behintzat hori zioen mundu guztiak, musikariek 60 urtetik gora zituztela gogoratzearekin batera.

Bada, atzo irakurri nuen berria: 2008an, Policek Valentzian, Madrilen eta Bilbon joko du. Eta ez da kasu bakarra: orain gutxi Euskal Herrian izan diren Springsteen eta Dylan, esaterako, Donostia eta Iruñean izango omen dira aurten. The Rolling Stones “azkenekoz” hainbat bider ikusi dutenekin gogoratu naiz halabeharrez. Halaxekoa baita zenbaitetan negozio hau, beti azken aukera saltzen digutela. Nolaz ez nintzen ohartu Sting-ek berak abisua ematen zigula mikrofonotik: you don't have to put on the red light. Alegia, halakoetan ez dela zertan argi gorria piztu beharrik. Egongo direla aukera berriak aurrerago ere. Eta autobusa hartu beharrik gabe. Ez da gutxi, ez da gutxi.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan