Telekinesiaren aferaz

  • Haize eta ke nobelagarriekin zatoz, Ur. Telekinesia deitu diozu mamuari. Zer litzateke gizartea, atzamarra mugitu gabe, inor beste inor hiltzeko gauza balitz? Horra zure galdera. Geurea, tenore honetan.
Jose Inazio Basterretxea
Jose Inazio BasterretxeaAOL
Hiztegian begiratu dut. Arrazoi fisikorik gabe, indar psikiko edo mental batekin gauzak mugitzean omen datza telekinesia. Liburu esoteriko batean kontsultatu dut, non psikearen kontzentrazio hutsez harriak nola mugi daitezkeen azaltzen baita hamar urratsetan.
 
Bete ezazu gorputza energiaz, hala diote. Arnastu lasai eta sakon. Egin itzazu luzamendu-ariketa zenbait. Eseri lasai eta so egin zure objektu materialari, itxi begiak eta gogoratu objektua, bildu zeure energia eta proiektatu hura objekturantz, saiatu objektua mugitzen alde batera nahiz bestera, zabaldu begiak…
 
Telebistatik ezagutu ditut nik metalezko koilarak bihurritzen zituzten lagunak. Lebitazioa praktikatzen zituztenak. Prestidigitadoreak. Magoak. Lehoi eta pantera hezleak. Zirku polita osatzen zuten denen artean.

* * *

Eta, zirku, zirku maltzurra bihurtu dute gure gazteek bortxa; ez geneukan nahikorik eta. Bortxa bihurtu digute telesail. Paria bat jipoitu eta telefonoarekin grabatzen dute euren balentria. Neska bat bortxatu eta berdin.
Elbarria eskaileretatik behera jaurti dute eta Interneten erakutsi digute nola zartatzen zaizkion ezpainak mailen aurkako talkan, nola erauzten dion ezker begia bere gurditxoaren torloju ero batek.
 
Odola erakutsi digute lehen planoan. Zoom-out, planoa ireki, eta negar batean ikusten dugu sarraskia. Erabat ireki planoa, eta koadrila ikusten dugu. Ehiztarien algarak entzuten ditugu.
Balentria ederra.
 
Hurreko kinesiak arduratzen nau ni. Ez urrunekoak edo telegidatuak. Aurrez aurrekoak jartzen dizkit kirioak dantzan. Komisarietako indarkeria fisikoak. Parke ilun batekoak. Eskola-gela batekoak. Fabrikakoak. Baita berunezko izu armatuak berak ere.

* * *

Ulertu nahi dudanez, gizartea hobetzeko kinesia diskurtsibo baten baitatik, kargu hartu zenidan aurrekoan, Juanjo. Erantzun beharko dizut nola ikusten dudan kontua. Ekidistantziaren liturgiarekin azaldu zitzaizkidan zure hitzak eta ez ditut konpartitzen.
Analogia batekin indartu nahi dut nire jarrera. Hara: jakina da oso, ezpain desberdinak dauzkala atmosferak, testura eta tenperatura guztiz bestelakoak han eta hemen, garaiera batean nahiz bestean bermaturik. Esparru etereo desberdinak direla atmosferako geruzak oro, batzuk eta besteak. Mundu desberdinak, unibertso berean badaude ere.
 
Ionosferan garatzen dira fenomeno batzuk eta troposferan beste batzuk. Han gertatzen dena, ez da hemen gertatzen. Halere, ez du batak bestea kentzen. Aurora boreal delako argi-mamuak ez du txingorrezko ekaitzaren ubela ukatzen. Ezta kontrara ere.
Modu eta era berean, gobernu demokratiko baten zaku urratua erakusteak eta salatzeak ez du hiri demode bateko kale bazter ziztrin batean klarinetea jotzen duen musikariaren oinetan itsatsitako zirina erakutsi beharra exijitzen. Ez du zertan. Nori berea; Zesar izan zein Jainko.
 
Komisarietako tortura salatu behar da, berez. Salatu egin behar dira epaitegietako mozkorraldiak, 18/98 deitu nahiz ez. Eta salatu eta kondenatu behar dira horiek, ETArekin ados egon ala ez. ETA bera larrutu ala ez. Geruza desberdinetako fenomenoak dira estatu-funtzionarien lan zikoitza eta legez kanporatuena.
 
Ez nago beste inoren ordez penitentziak ordaintzeko, ezta erretolika merkeak jasotzeko ere. Pixontzira bota ohi dut gernua, asko ala gutxi izan. Pixaz ureztatuz gero margaritak, segituan etorriko baitzaizkigu osinak lorontzira.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude