Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-02-03 -- 2122.zenb

Liburutegia

Pilar Iparragirre


Felipe Juaristi ::Etxearen negarra

Elkar

orrialdeak ::110

prezioa ::10.50€

Felipe Juaristiren lehen umorezko nobela

Bizitzak aurpegi asko dauzka, eta batzuetan denak ez dira uste bezain logikoak eta arrazoizkoak. Antzeko zerbait gertatzen zaie Felipe Juaristik bere aurreneko nobela umoretsuan aurkezten digun bikoteari eta haien alabatxoari. Egoera nahiko surrealista eta umoretsuak irudikatu ditu egileak. Elkarrekin bizitzera joan nahi duen bikote bati etxe bila dabilen bitartean gertatutakoak azaldu ditu. Bitartean, neskaren amaren etxean bizi dira, haren txakur eta katu guztiekin. Amak izugarri maite du alaba, baina ez hainbeste hark laguntzat hautatu duen gizona. Alabak gizona pikutara bidaltzea nahi luke, eta horretan ahaleginduko da tai gabe. Gazteek garbi dute etxe propioa behar dutela, bikote izaten jarraitu nahi badute behintzat. Gainera, neska haurdun dago. Baina etxea aurkitzea oso-oso zaila egiten ari zaie. Azkenean, neska sei hilabeteko dagoenean, Donostiako Amara auzoko tren geltokitik irten eta “alokagai” hitza irakurriko dute etxe batean. Hantxe aurkituko dute aterpea. Hori bai, azken solairuan. Gaitzerdi, etxeak igogailua du; baina horrek ere kapritxosoa izan behar!

Felipe Juaristi
«Bizitzari aurre egiteko modu asko dago. Politena, barrea»

Zer dela-eta idatzi duzu nobela umoretsua?

Nik umoregilea izan nahi nuen, baina inork esan ez zidanez non ikasi behar zen horretarako, ez non zen umoregile onen ikasketa handien fakultatea, atzizkiarekin geratu nintzen: alegia, umorerik gabeko egilea. Ez da niri umorea bost axola zaidalako, ezta gutxiagorik ere. Baina idatzi ditudan liburuen artean gutxi dira umorezkoak, serioak izan dira gehienak.

Etxearen negarra ez.

Ni ez naiz gizon serioa. Hala banintz, ez nintzatekeen idazle izango, Kutxako langilea edo udaleko funtzionarioa baizik. Uste dut bizitzari aurre egiteko modu asko dagoela, eta politena barrea dela. Baina barre egitea gaizki ikusia dago. Gizartean errazago onartzen dira negargarriak barregarriak baino. Oso jende gutxik egiten du barre bakean, haurrak, eroak edo adinekoak izan ezik. Baina barrea oso serioa da. Hain serioa, ezen hilgarria ere izan baitaiteke.

Hilgarritzat jo behar al dugu zure nobela hau?

Ez. Nik ez dut esango berau irakurtzean barrez hilko zaretenik; ez nuke halakorik nahi; jendeak hatzez seinalatuko ninduen eta esan ere bai, ozenki gainera, “horra hor barrez hiltzen duen gizona!”. Ez da parte onekoa. Dena dela, aukeran, hobe barre eragile izan, barre eraile baino. Liburua, benetan gertatutako kontu batetik sortua da. Bikote bat ari da etxe bila, bere garaian andregaia eta biok aritu ginen bezala. Kontatuko banu zenbat ikusi genituen eta zer desastreak! Eta orain etxe bat egoera onean aurkitzea lehen baino zailagoa da, oso zaila.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan