Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-02-03 -- 2122.zenb

Abarrak

Banpiro, ez dakit, interesgarriak

Gorka Bereziartua

argazkia

Vampire Weekend, Vampire Weekend (XL Recordings, 2008)

Ados, aurreneko diskoari taldearen izen bera jartzea ez da oso originala. Hortik aurrerakoa, ez dakit originala, baina freskoa behintzat bada. New Yorkeko (AEB) Columbia unibertsitatean elkartu zen Vampire Weekend laukotea. Campusa hiritik urrun dago eta ikasleen festetan jotzen aspertu ziren hasieran. Gero Sagar Handiko klubetan zer egiteko gai ziren erakusten hasi eta kontzertuetan lepo zuri berriak azaldu ziren banpiroen letaginentzat. Ahoz ahokoak funtzionatuko zuen, ez dakit, baina hozkaka-hozkaka orain XL Recordings zigiluarentzat –besteak beste The White Stripes-en diskoetxea– aurreneko lan luzea grabatu dute.

Dracula kondeari ere irribarrea ezpaineratuko liokeen diskoa da. Xalo, Paul Simonen Graceland ezagunaren bidea jarraitu dute ahotsaren melodiek, baina 1980ko hamarkadako soinua kafearen filtrotik pasata. Ez espero gehiegizko sintetizadorerik, tarteka eta behar denean bakarrik sakatu dituzte teklak. Gitarren soiltasunean eta bateriaren jolasean datza graziaren parte handi bat. Egiten dutenak oso sinplea ematen du, erraz sartzen da belarritik, baina kantu bakoitzaren oinarri erritmikoa landu egin dutela igartzen da. Halako kutsu, ez dakit, afro bat antzeman daiteke diskoa osatzen duten hamaika kantuen baterietan, eta horren gainean eraiki dituzte euren pop doinuak. Beharbada hori da eszena indie-ari egin dioten ekarpenik, ez dakit originalena, baina interesgarriena behintzat.

Bukaerarako utzi dut baratxuria. Abeslariaren ahotsak goiko notetan karranka egiteko joera du eta horren erruz, zenbat eta entzunaldi gehiago egin, orduan eta errepikakorragoa egingo zaizu diskoa. Peccata minuta azken aldian buztin berarekin egindakoak diruditen talde anglosaxoien artean zerbait, ez dakit, desberdina ekarri duten lau gazte hauentzako. Ea arrakastarik ez duten. Pena litzateke industriaren erritmo kriminalek derrigortuta disko hau lantzeko hartu duten denbora ondorengoetan ez hartzea.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan