Ongiaz, gaizkiaz

  • Ados Juanjo. Ez jakiteak, narrazio handien desagertzeak, egoera interesgarria sortu du. Norbera bere kabuz gauzak epaitzeko beharrean aurkitzen da aurrerantzean. Indibidualista izan naiz beti eta ez nuke halakorik deitoratu behar. Oharkabean labe bihurtuz doan gure planetaren azaletik gizateria osoa lurrunduko balitz ez nuke, gainera, negarrik egingo, ez baitiot-eta sinpatia gehiegirik, in abstracto behinik behin, gure generoari. Nire familia, lagunak eta etxeko katua, aldiz, maite ditut, zuk bezala. Tau Baskonia ere, biziki.

2008ko urtarrilaren 27an
Ur Apalategi
Ur Apalategi idazleaDani Blanco
Ongia eta gaizkia aipatzen zenituen. Filosofa dezagun apur bat, beraz.

Gizakiarengan miresgarria iruditzen zaidana ez da preseski ongia egiteko duen gaitasuna –ez baitut hori posible denik sinesten, beti baitira perbertsoak ekintza “onak”, beti baitute, inkontzientearen suilardean ondo gordeta bada ere, interesaren atze-zaporea–. Horregatik, eta barka bezait halako gordinkeria –oraingoz gutxi gorabehera inkisizio girotik libratzen den Frantziako Estatutik idazten dut–, ez dut uste gatazka politikoetan ongiaz ala gaizkiaz mintzo daitekeenik. Interesen konfliktoaz mintzatzea zuzenagoa litzateke, apika. Kontua da nola mozorrotzen duen parte bakoitzak ongien bere interesa, momentu historikoko moda kontzeptualaren nahiz indarren orekaren arabera. Orain dela 30 urte dialektikaz hitz egitea zilegi zen. Gaur ez. Gaur demokrazia eta morala daude modan. Ados. Baina, halere, norbaitek esaten duen bakoitzean azkenean ulertu duela bizitzaren gainetik ez dagoela ezertxo ere, eta ordurarte diskurtso ideologikoek itsuturik bizi izan dela, eta abar, barkatu baina barregura sortzen zait. Kuriosoa da ikustea eskuarki pertsona horrek sistema sozialean bere tokitxoa egitea lortu duen une biografikoan kokatu ohi dela epifania demokratiko-morala. Baina zer uste duzue, bada, palestinar kamikaze batek bere burua zartarazten badu oraindik zorioneko epifania demokratiko-moral hori izan ez duelako dela ala? Mesedez. Izan gaitezen serioak. Ideologia batek bestea estali du –baita zentzu sexualean ere–. Demokratismo moralak popatik eman dio dialektikari. Baina biak ala biak dira ideologia. Eta zer da demokrazia? Bada, gehiengoaren diktaduraren beste izena. Horregatik, ez kezkatu, hau ere modaz pasatuko da. Eta beste mozorro bat asmatuko dugu gure interesak disimulatzeko eta guztien arteko borroka odoltsuari jarraipena emateko.

Itzul nadin orain ongiaren eta gaizkiaren auzira. Batek esango dit, ez al da posible Hitlerren kasua aintzat hartuz gaizkiaren egiatasuna frogatzea? Eta gaizkia frogatua geratuko balitz, ongia ere, bide batez. Nik uste denok garela Hitler potentzialak. Inoiz inor hiltzeko gogorik izan ez duenak harria bota diezadala. Zerk desberdintzen gaituen Hitlerrengandik edota hilketa burutzen duen edozeinengandik? Egoerak. Bera aurkitu zen egoeran ez zen arriskuan sentitzen egin zuena egiteko, estrategikoki pertinentea iruditu zitzaion egin zuena, eta kito. Eta beste hainbeste pentsatu bide zuten bere alde “demokratikoki” bozkatu zuten milioika alemaniarrek; gehiengoa osatzen zuten alemaniarrek.

Entzun ditzaket hemendik harria eskuan prest daukaten santu demokrata-moralen indignazio oihuak. Izugarria da esan dudana. Bai. Hala da. Gizateria delako izugarria. Gure arteko bakoitza delako izugarria. Nola esplikatu bestela orain dela hirurogei urte genozidioa jasan zuen herri judutarrak orain palestinar herriari jasanarazten diona? Nola azaldu bestela Juanjok agerian jartzen zituen gure kontraesanak, hots, guri egiten dizkigutenek sortzen diguten indignazioa eta guk egiten ditugunek sortzen ez digutena?
Azken galdera bat orain Jose Inaziorentzat. Telekinesiaz –hots pentsamenduaren indar hutsez, eta inor ohartu gabe– jendea hiltzeko ahalmena bagenu guztiok, zenbat denbora iraungo luke gizateriak?

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude