2008-01-27 -- 2121.zenb
Sergey Brin Moskun (Errusia) jaio zen 1973an. Beranduago, errusieraz egin zituen bere aurreneko hitzak. 1979an familiarekin batera AEBetara joan zen bizitzera. Google bilatzailearen sortzaileetako bat izan zen. Eta 2003an Google Errusiara ailegatu zen. Hau paradoxa baten historia da.
Errusiako hotzaren katarroa gainetik kendu ezinda dabil Google. Herrialdean bertan sortutako Yandex bilatzailea, bitartean, mahuka motzeko alkandorarekin elurrezko pilotak aurpegira botatzen ari zaio. Errusiako internauten ia %50 ari da Yandex erabiltzen; Google-en portzentajeak %28 inguruan dabiltza.
Bilatzaile lokalaren nagusitasuna eta Google-en zailtasunak ez dira, adituen esanetan, zio politikoen ondorio. Vladimir Putinen Gobernuak ez du Txinakoaren bidea hartu Internet artaziekin ebakitzeko. Google-en arazoak errusieraren hizkuntz berezitasunekin dute zerikusia, Brinen ama-hizkuntza behar bezala erabiltzeko ezintasunarekin.
Kontrako bidean Yandex erabiltzaile lokalen esanetara jarri da, proiektuaren sortzaile eta buru Arkady Volozh-ek hedabideetan behin eta berriro errepikatu duenez. Moskuko trafikoari buruzko informazioa bila daiteke Yandexen denbora errealean, errusierazko blog eta albiste iturriak hobeto arakatzen ditu eta errusiarrak pozik daude bere e-posta zerbitzuarekin.
Hotzaren herrialdean jokoan dagoena hamaiketakoa baino gehiago da. Errusian Interneteko merkatua 47 milioi erabiltzaileko matrioxka erraldoia izatera iritsi daiteke hurrengo hamar urteetan. Sareko publizitatean izango den kontsumoa, adituen aurreikuspenen arabera, 670 milioi eurora ailegatuko da.
Dena dela, Google doministiku gutxiago egiten ari da azkenaldian. Konpetentzia txikiari aurrea hartu dio –Rambler.ru eta Mail.ru-ri besteak beste– eta bigarren bilatzailea da. Neguko Jauregia hartzen saiatuko da.
Erreportaia aproposa eta interesgarria. Segi horrelakoak idazten !
Maddi 2008-02-26 18:45:33Eskerrik asko Maddi!
Gorka Bereziartua 2008-03-05 12:45:21Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa