Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-01-27 -- 2121.zenb

Egia deserosoa

Aitor Zabaleta

argazkia

Teoria katastrofikoek harrera ona izaten dute. Badauka gizakiak iragarpen apokaliptikoetan sinesteko joera.

Erdi Aroan, beldurtuta pasa zituzten X. mendeko azken urteak, 1000.ean munduaren amaiera zetorrelakoan. Hamar mende geroago, berriz piztu da alarma gorria, hasita omen dago planetaren hondamendiaren atzera kontua. Poloetako izotza urtuko da, itsasoak gora egingo du beldurgarri, berotan kiskalita biziko gara laster.

Klima aldaketa modan dago, eta libre da edozer esatea, kezka baino gehiago barregura ematen duten sasi-albisteak tartean.
Mendea bukatu baino lehen itsasoaren maila bost metro igoko dela entzun nion irratiko esatari bati. Lasai asko bota zuen iragarpena. Horrenbeste gehiegikeria esaten dira, azkenean ez dugu ezer sinestuko.

Komunikabideetan ez ezik, kalean ere bolo-bolo dabil hondamendiaren teoria. Iazko negu epela, esaterako, klima aldaketaren erakusgarri da askorentzat. Ez naiz ni kontu hauetan aditua, baina ez dago asko sakondu beharrik jakiteko epe luzeetan neurtzen dela klima, eta ez urtetik urtera, ezta hamarkadetan ere. Azkeneko udak eta neguak konparatzen jardutea tontakeria hutsa da, beraz. Horrenbeste aldiz entzuten dugun “lehengoak bai zirela negu gogorrak” horrek ez du azterketa sinpleena ere gainditzen.
Planetaren izaeraren parte da klima aldaketa, bai orain, baita duela hamar mila urte ere. Saharan baso tropikalak desagertu eta basamortua nagusitu zen baldintza klimatikoek hala behartuta. Europa iparraldean, berriz, Erdi Aroan izan zuten beroaldi bati esker ardoa egitera heldu ziren Norvegian. Aldaketok ez zituen gizakiak eragin, eta arazo handirik gabe barneratu zituen planetak.
Gaur egun ordea, katastrofe kutsua hartu du, eta gizakia omen da errudun.

Ez dago zalantzarik ingurugiroari egindako kaltea bueltan etorriko zaigula, baina horren haritik munduaren azkena aurreikustea askotxo dela iruditzen zait. Gizakia hain da egozentrikoa, uste du dena dabilela bere bueltan, lurrean eta zeruan.

Guztiz bat egiten dut hondamendi klimatikoa zalantzan ipintzen duten ikertzaileekin. Egon badaude, oso gutxi entzuten bazaie ere. Beraiena berbaro apal bat besterik ez da Al Goreren ahots anplifikatuaren aurrean.

Kiotoko protokoloa sinatu ez zuena da orain ingurumenaren defendatzaile sutsuena, Bakearen Nobel saria eman diote Irak hegoaldeko herriak uraniozko lehergailuz bonbardatu zituenari.

Petrolioaren munduko mapa ez da Amerikako Estatu Batuetako agintarien gustuko. Iran, Venezuela, Saudi Arabia, Nigeria... leku “arriskutsuak” dira, horretan ez dago alderik errepublikarren eta demokraten artean. Aldaketa klimatikoaren mozorroa primeran etorri zaie ordezko energien beharraz ohartarazteko. “Egia deserosoa” deitu dio Al Gorek bere diskurtsoari, eta munduak sinestu egin dio. Badauka meritua.

Erantzunak

Ez Al Gorerekin ez Aitor Zabaletarekin ez dut bat egiten. Al Gore jainkoaren pare jarri dutenekin ere ez dut bat egiten eta ezta aldaketa klimatikoa zalantzan jartzen duten zientzialariekin ere. Kontu guzti hau erlatibizatzen jakin behar dela begitantzen zait eta ez komunikabideei ezta politikariei ere atentzio minimoena ere ez zaiela jarri behar. Klima aldatzen ari da, lurraren 4.500 milioi urteko historian etengabe gertatzen ari den bezala. Lurreko beste hainbat prozesu ere aldatzen ari dira, gure planeta ez baita sekula orekan egon eta aldaketak konstanteak izan baitira. Prozesu gehienak, ordea, gizakiaren eskalan igarri ezinekoak izan dira orain arte. Egun bizi dena, ordea, gure eskalan igartzeko moduko aldaketa da, eta hori da zientzialariengan kezka sortu duena. Izan ere mundua, klima, biodibertsitatea aldatzeak ez dakar ezer txarrik, bertako bizidunak aldaketa horietara moldatzeko gai badira. Moldatzeko denborarik ematen ez duten aldaketak gertatzen badira, ordea, suntsipen masiboak gertatzen dira, kretazikoaren eta permikoaren amaieran gertatu zirenen modukoak. Kretaziokoaren amaieran dinosauruak desagerrarazi zituen hondamendian baino azkarrago ari dira egun espezieak galtzen, eta nik dakidala ez du meteorito batek lurraren kontra jo. Eta aldaketa klimatika ez da dena: habitaten galera, poluzioa, eutrofizazioa, euri azidoa, ozono geruzaren ahultzea… Aldaketa globala ez da aldaketa klimatikora mugatzen. Aldaketa gertatzen ari da eta jendea horretaz konturatu behar da, baina egoera erlatibizatzeko gaitasun handia izan behar du. Telecincok Indonesiako tsunamia aldaketa klimatikoak eragina zela esan zuenean jende askok amen egingo zion esatariak esandakoari. Nafarroako politikari batek ere esan zuen Nafarroako batezbesteko tenperaturek behera egin zutela azken urteotan eta ea nola uler zitekeen hori aldaketa klimatikoaren kontuarekin. Jende askok amen egin zion honi ere. Ez bata ez bestea, “no sabe / pero contesta” gehiegi dago kontu honen inguruan, komunikabide eta politikarien artetik, batez ere. Eta egungo gizartean, zoritxarrez, beraiek dira eragin handieneko pertsonak. Egia da kontu guztia magnifikatu egin dela baina gizakiak alarmismorik ezean behatz bakar bat ere mugitzen ez duela historiak erakutsi duen kontua da, pertsona bere egoismoaren barruan okerrena beti besteei gertatuko zaien esperantzan bizi baita. Alarmismo puntu batek jendearen sentsibilitatea piztu dezake, baina gehiegizko alarmismoak kontua barregarri utzi besterik ez du egiten.

Antton Alberdi 2008-01-29 13:22:07

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan