“Hitz-jarioak ez dizu komunikazio gaitasuna berez ekartzen”

  • Lasarten (Gipuzkoa) jaio, Iruñean ikasi eta Errioxako (Espainia) ikusleek ikusi zuten lehendabizi telebistan. Egun Pásalo saioa aurkezten du ETB2n.
Adela Gonzalez
Adela Gonzalez kazetariaIñigo Azkona

Definitu zure lana Pásalo saioan milioi bat hitzekin. Txantxa da: soilik hamar-hogei hitzekin egin dezakezu...


Ez egin desafiorik! Pásalo-k irauten duen bi ordu eta erdietan Iñakik eta biok milioi bat hitz botatzen dugu, behin batean zenbatu genituen. Erredakzio lana gure ezagutza apurraz igeri egitea da, edukien itsaso zabalean.

Orain Bilbon bizi zara, baina kazetaritzaren errealitatea erakutsi zizun lehen hiria... Ciudad Real (Espainia) izan zen!


Hastapenak beti gogorrak... eta zenbat ikasten den! Unibertsitatean bukatu eta edozein tokitara joango zinateke, lan egitearen ilusioak akuilaturik. Neuk lurra Ciudad Real-en hartu nuen. Informazio lokala, maketazioa, teletipoak... Bertako futbol taldearen gorabeherak ere jarraitu nituen ere, eurek ez zuten arrakasta handirik eduki ordea!

Elkarrizketa hau euskaraz egiten ari garela erakusteko, zer bururatzen zaizu?


“Hezer” berezirik ez.

Zeu ez zara makala, baina pantaila-kide duzun Iñaki Lópezen hitz-jarioaren azpian desagertzeaz egiten al duzu amets?


Hitz-jarioak ez dizu komunikazio gaitasuna berez ekartzen. Bertutea orekan izaten dela esan ohi da eta ez nuke programarena zapuztu nahi. Pentsa ezazu, denok berak beste hitz egingo bagenu. Baina “logorrea”-rik gabeko Iñaki ez litzateke bera izango.

Aldizkari hau irakurtzen dutenentzat, onenean jarrita Pásalo “la otra Euskal Herria” (beste Euskal Herri hori) da. Argia erakutsi al dizut?


Poltergeist filmean Carol-Annek argia aurkitu zuen, baina ez zen ausartzen hurbiltzera. Hala ere ezagutzen dut aldizkariak argitzen duen Euskal Herria. Ezagutu ez ezik bizi ere bizi dut. Aldizkarira inoiz hurbildu naiz, baina elkarrizketatzen dituzuen pertsonaien maila altua ikusita... harpidetu egingo naiz!

Zure izena Google-en bilatu eta agertzen zaren bosgarren orriak Pornstars & famosas dauka izena, baina ez naiz sartu.


Zure enpresak pornoaren aurkako hesi ona daukalako... Cyber batera joan eta harritu egingo zara!

Iruñean ikasi duzuen euskal kazetariok besteoi goitik begiratzen diguzue, ala guk zuei?


Ez naiz altua, hamar urteko iloba ezin dut goitik begiratu. Lasarte sorterrian eskola publikoan ikasi nuen. Aldaketa bortitza izan zen, baita argigarria hainbat zentzutan. Nafarroako unibertsitate pribatuan, irakasten zidatenaren “egia absolutua” zalantzan jartzen ikasi nuen. Bost urteko entrenamendua.

Lasartera heldu aurretik zure familia etorkin izan zen Frantzian.


Gerra-ostea mikatza izan zen arlo ekonomikoan. Aukera zegoen tokian zoria bilatu beharra zegoen. Ez nabil aberasteaz, jateaz baizik. Egun ikusten ari garen gauza berbera, baina orain hesiaren bestaldean gaude.

Adelatxo, eta beste norbaitekin joango bazina?


Pote bat Nervión tabernan eta kitto.

ASTEKARIA
2008ko urtarrilaren 27a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude