Astekaria

 Denboraren makina 

Vlad versus Dracula

Transilvania, 1431ko azaroaren 8a. Vlad Draculea jaio zen, gero Valakiako Vlad III.a printzea eta banpiro odolzale ezagunenaren mitoaren jatorria izango zena. Oso gaztetan aitak otomandarren esku utzi zuen Vlad. Otomandarrek Valakia konkistatu zutenean bera izendatu zuten printze, baina lurralde gatazkatsu hartan ez zuen karguan urtebete ere iraun.

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2119. alea
2008-01-13
alde 0    kontra 0
Vlad printzea
Vlad printzea (Vlad printzea)

Turkiarren eskuetan urtetan jasandako irainek ez zuten ordea Vlad euren panpina bilakatzerik lortu, eta gazteak maniobra politikoetarako trebezia erakutsi zuen, otomandarrei bizkar emanda eta horien etsai hungariarren laguntzaz Valakiako tronua berriro lortuz. 1459an Inperio Otomandarrak eskatzen zituen zergak ordaintzeari uko egin zion. Berehala, Mehmed II.a sultana valakiarrentzako zigor eredugarria prestatzen hasi zen.

1462an otomandarrek armada bikaina osatu zuten, kopuruz Vladen armadaren hiru halako eta ekipamenduz ere askoz hobea. Valakian sartu eta berehala hartu zuten Targoviste hiriburua. Baina Vlad ez zen alferrik etsaien artean hazi, ederki ezagutzen zituen haien ohitura eta beldurrak. Batetik gerrilla moduan eraso zien, talde txikitan eta gauez; berehala printzearen eta iluntasunaren arteko harremanaren inguruko legendak zabaldu ziren etsaien artean. Bestetik, etsaiak zutoinean sartuta hiltzea ohikoa zen garai hartan. Baina Vladek muturrera eraman zuen ohitura hori. Mehmed II Targovistera iritsi zenean inguruko muinoak zutoinez eta gorpuz josita ikusi zituen. Kronika otomandarrek ziotenez, 15.000 eta 20.000 bitartean zeuden paldoan sartuta usteltzen. Sultanak Konstantinoplara bueltatzea erabaki zuen. Gainera, Vladek zutoinekin irudi geometrikoak egiteko ohitura zuen, propaganda krudelaren eragina areagotuz. Garai hartako ilustrazio eta izkribuek Vlad ikuskizunaz gozatzen irudikatu zuten. Eta, azkenean, psikologikoki irabazi zuen gatazka hura.

Otomandarren eta hungariarren arteko liskarren erdian zegoen Valakia, eta Vladek muturreko estrategia erabili zuen erresumaren burujabetasunari eusteko. Barne gatazkak apaltzeko ere balio izan zion; boiardoen –bertako aristokrata etsaien– oposizioa paldoan desagertu zen. Merkatari eta etorkin saxoienganako gorrotoa ere zutoinei esker ase zuen.

Ziur horrek eragina izan zuela mende batzuk geroago Bram Stoker britainiarrak 1897an Dracula kondearen mitoa nobela batean jaso zuenean. Vlad odol bila dabilen banpiro gisa irudikatu zuen eta, ondoren, Hollywoodi egokitu zitzaion irudi historikoa are gehiago distortsionatzea. Egungo Errumanian baino ez diote eusten printzearen irudi politikoari; 1976an Ceaucescuren gobernu komunistak Nazioaren Heroi izendatu zuen bere heriotzaren bosgarren mendeurrenean.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia