Astekaria

 Diskoak 

Rockaren bat-batekotasunera daraman bidean

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2119. alea
2008-01-13
alde 0    kontra 0
Des-kontrol
Des-kontrol 10 urte + USA TOUR 2007

Des-kontrol ::10 urte + USA Tour 2007

Baga Biga

iraupena ::28’00´´ (CD)

prezioa ::17.10€

Des-Kontrol arrasatearrek ederto ospatu dute taldearen hamargarren urteurrena eta aspaldian lortutako arrakasta. Ez hori bakarrik, euren jarraitzaileekin ospatu nahi izan dute. Horregatik, DVD honetan taldearen historia batu dute ehunka irudi, abesti, elkarrizketa eta bestelakoekin (10 urte); eta horri 2007an AEBetan barrena egindako biraren erreportaje berezi bezain dibertigarria erantsi diote (USA Tour 2007). Hori guztia sorkuntza lan dotorea eta gozoki polita ez balitz bezala, DVDari opari bat gehitu diote: taldekideengan urte hauetan guztietan eragina izan duten hamar musika talderen bertsioez osatutako CDa. Zakarrak, Puñetazo, RIP eta Iskanbila arrasatearrak; Blitz eta Cock Sparrer moduko punk-Oi! klasikoak; Rancid eta Social Distortion rockeroagoak; edota Joe Strummer eta Johnny Cash aitajaunak.

«Musikarekin asko transmititu daitekeela ikusi dugu, atzerrian euskaraz abestuta harrera beroa izan dugu»

Gaur egun Des-Kontrol gazte askorentzat erreferentea da. Kaleratu duzuen bertsioen CDa modu bat da zuen inspirazioa izan diren taldeak ezagutzera emateko?

Erreferente izatearena ez dakigu egia den, baina guretzat hori esatea ohorea da. Urte askoan ahal izan dugun leku guztietan jo dugu, eta badirudi horrek fruituak eman dituela. Gure helburua zen azken hamaika urteotan eragin diguten taldeei omenaldia egitea; batez ere Euskal Herriko taldeei. Hasieran punk eta Oi! taldeak entzuten genituen; baina gero talde amerikarrak ere entzuten hasi ginen.

Noiz bururatu zitzaizuen DVDa kaleratzea?

AEBetako 2005eko bira egin ostean hasi ginen horretan pentsatzen. Taldeak hamar urte betetzean zerbait egin nahi genuen, eta denbora luzez taldearen gaineko informazioa batzen ibili ginen. Kristoren lana eta buruhaustea izan da, baina merezi izan du. Gerora, DVDa prestatzen genbiltzala, CDa egitea bururatu zitzaigun. Azken finean, CDak lan txikiagoa izan du, kantuak konposatuta zeudelako.

Zer irakatsi dizuete atzerrian egindako birek?

Kanpoan zaudenean taldekideen arteko laguntza baino ez daukazula. Horrez gain, AEBetan oso arraroa egin zitzaigun ordu erdiko emanaldiak egin behar izatea: emateko genuen guztia hain denbora laburrean… Bestalde, oso bitxia da ia kantu guztiak euskaraz eginez halako harrera beroa izatea. Musikarekin asko transmititu daiteke…

Zuek hasi zinetenean punka eta Oi!-a ez zeuden momentu onenean. Orain, berriz, indarberrituta daude oso…

Bai. Gu hasi ginenean oso talde gutxi zeuden. Orain, berriz, Arrasatez gain, Azpeitian, Donostialdean, Bilbon… talde eta entzule asko dago. Guk zorte handia izan dugu Duintasunez eutsi diskoa jende askorengana heldu zelako. Gainera, sasoi horretan Hodeik bestelako melodiak batu zizkion taldeari, eta agian horrek ere zeresana izan zuen

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza