Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-01-06 -- 2118.zenb

Katamalo

Mozorroa eranzteko modua

Oier Guillan

Gotzon Barandiaranek liburua plazaratu du, Bihotz Bakartien Klubak (BBK) diskoa. Susa argitaletxearen eskutik lehena, Gor disketxearenetik bigarrena. Katamaloak eranztea dute helburu, edo horiek agerian utzi eta gogoeta eragitea behintzat. Arrakalak zarratu ostean, inoiz baino musikalago datorkigu BBK, taldea bera ere abagunerako zabalduta.

Ikusiko dituzu bata bestearen alboan, lerro bakarrean, argi xumeen azpian. Ikusiko dituzu musika tresnak soinean hartzen. Entzungo dituzu haien ahotsak, hitz egiten, xuxurlatzen, sentimenduak urratzen. Entzungo dituzu zure oroitzapen propioen islak haien hitzetan. Entzungo dituzu baina batez ere sentituko dituzu. Eta hunkitu egingo zara agian.

Proiektu zabala da Katamalo. Gotzon Barandiaranek idatzitako hitzak ditu abiapuntu Bihotz Bakartien Klubaren eskutik sortu den ikuskizunak. Zenbait emanaldiren ostean etorri dira, eta ez lehenago, Katamalo liburua eta diskoa. Proiektu hau erreala izateko zenbait kide gehitu zaizkie BBKko ohiko musikariei, haien artean Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslaria, erritmo biziagoetan erakutsi ohi duen ahotsaren indarra doinu apalago baina intentsitate berekoetara eramateko erronka bere gain hartuta.

“Katamalo” hitza kareta edo maskara esateko erabiltzen omen zen Bizkaia aldean. Zertarako mozorrotzen gara? Zertarako janzten dugu katamaloa? Galdera horiei erantzun nahirik abiatu zituen Gotzon Barandiaranek liburua osatzeaz gain diskoko kantuen oinarria ere badiren testuak. “Gezurra egiatzat esateak asko kezkatzen ninduen. Gai politiko eta sozialetan oraindik asko arduratzen nau nola saltzen diguten gezurra egia modura, jakinda gezurra dela. Amorru itzela sortzen dit eta horri buruz idazteko beharra izaten dut. Giza harremanetan ere horretara jotzeko ohitura dugu”.

Diskoa

Zortzi kidek parte hartu dute Katamalo proiektu musikalean: Alex Arregi (gitarra eta ahotsa), Gotzon Barandiaran (hitzak eta cuatroa), Itsaso Etxebeste (baxua), Aintzina Lekue (biolina), Gorka Mugarza (akordeoia), Jon Piris (kontrabaxua diskoan), Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsa) eta Nerea Urbizu (pianoa, ahotsa eta kajoia).

Gorka Urbizuk argi du proiektuaren abiapuntua literarioa dela. “Poesiaren bidez ezagutu genuen elkar Gotzonek eta biok. Arrakalakekin eginiko ibilbidea aurretik jarraitu nuen, besteak beste Ubeda anaiek egina zuten poesia eta musika uztartze hori beti erakargarri egin zaidalako, eta aukera sortu zen Katamaloren bidez barne jakin-min hori kanpora ateratzeko”. Urbizuk lan handia egin du diskoarekin, sormenean nahiz Karlos Osinaga teknikariarekin batera eginiko ekoizpenean, baina edonola ere hasieratik talde izaera azpimarratu du. “Diskoan kantu batzuk nireak dira, baina bada Alex Arregirena den bat, Nerea Urbizuren beste bat...”.

Zuzenekoetan sarrera literarioak egiten ditu Gotzon Barandiaranek, kantuekin tartekatzen direnak. Diskoan zazpi abesti bildu badituzte ere, gehiago dira emanaldietan entzun daitezkeenak. Urbizuk aipatu duenez “hasieran asmoa poesia horiek kaleratzea zen, musikaren bitartez. Gero ikusi genuen gauzak itxura ona hartu zuela eta merezi zuela kantuak etxean lasai entzuteko aukera ematea. Lan xumea da, baina uste dut disko laburrak ere baduela bere xarma”.

Esperientzia baten ahotsak

Katamaloren hamabi bat emanaldi eskainiak zituzten diskoak eta liburuak euren ibilbidea hasi aurretik, besteak beste Korrika Kulturalaren barruan. Egitasmo honek ekarri du Bihotz Bakartien Klubaren emanaldi berria inoiz baino musikalagoa izatea, errezitaldiaren kutsua mantendu badu ere.

Alex Arregik kasu, argi du abagunea: “Hasieran disko eta libururik gabe ibili gara. Gure arteko ezagutza landu dugu orain arte, emanaldiaren egituratzea. Orain patxada handiagoz ari gara jada, oinarria badago, beste zer edo zer pentsatzeko edo sortzeko ordua da”. Esperientziarekin talde egituran sakontzea lortu dute apurka eta horrek guztiak izan du eragina emanaldietan Gorka Urbizuren ustez. “Diskoa nahiko duin atera dela uste dut, saioak aurrera egin ahala sumatzen da enpastatuago gaudela”.

Gorka Mugarzak ere talde espiritu hori azpimarratu du. “Gure artean giro ona egon da, ez da izan halako elkarketa behartua. Saioetatik azpimarratuko nuke ez dutela forma itxia, aldaketarako aukerak egoten direla, ez dagoela beti abesti kopuru jakin bat... Edozein saiotarako balizko kolaborazioak eta moldaketak egiten ditugu”.

BBKren lehen emanaldietan errezitaldia zen nagusi, nahiz eta musika tarteka ere present egon. Arrakalak izan zen aurreko erreferentzia, Mugarzak dioenez: “Ez dakit zenbat emanaldi izan ziren, asko. Orduan poesia gehiago sartzen zen eta laburmetraia animatu batzuk ere proiektatzen ziren”. Aintzine Lekuek ere Arrakalaken parte hartzen zuen musikari gisa. “Batean zein bestean poesia da garrantzia daukana, baina Arrakalaken musika bigarren planoan gelditzen zen. Bazeuden kantu batzuk baina testu irakurria zen gehiena, musikak lagunduta”.

Musikatik poesiara doan bidea izan, ala alderantziz, bat egin dute biek. Gorka Urbizuk oroitzen duenez “Gotzonek buruan sartuta zeukan hori, poesia ondo dagoela baina zuzenekoan jendeak benetan pentsatzeko edo barneratzeko letrak musikarekin askoz ere eraginkorragoak direla. Hasieran behintzat nik lan literarioa egin nahi nuen musikatik nentorrelako, eta berak berriz, hamar hamabi kanturekin ikuskizun musikalagoa zuen buruan. Kantua eta poesia elkartzea, dena den, ez da gauza berria, ez gara lehenak ez eta azkenak ere”.

Edonola ere, hitza eta musika baino gehiago bada Katamalo Gotzon Barandiaranek testuotan kezka batzuen isla eskaintzen duen heinean. Musikariek ere aintzat hartu dute hori sortze prozesuan, Urbizuk berak aipatu duenez. “Berez hitzak Gotzonenak dira baina niretzat pertsonalki kontzeptuarena izan zen baietz esatera bultzatu ninduen amua. Gaia oso zabala ikusten dut, eta aldi berean unibertsala; egunero denok bizi duguna edo ikusten duguna: geuk ere badaukagula itxurakeria puntu hori, alegia.
 Gaiarekin musikalki jo dezakezu ironiara, aitortzara... Ez da kantu molde batera lerratzen, aukera ezberdinak ematen ditu”.
Alex Arregi ere ildo berean mintzo da: “Guztiok motibatu gaitu horrek: kontzeptua buruan duzula aritu gara musika egiten”. Nerea Urbizuk ere hitzen garrantzia azpimarratu du: “Kantu bakarra egin nuen, baina letrak hain serioak izanda errespetua ematen zuen konposatzeko garaian, gauza txukun bat egin nahi zenuen”.

Letretan ere elkarlana egon da; horren adibide izan liteke katamalo kontzeptuan oinarrituta Maialen Lujanbiok idatzi eta zuzenekoetan kantatzen duten kopla sorta.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan