Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2007-12-23 -- 2116.zenb

Zoriontasuna

artikulu nagusira itzuli
Zoriontasunaren ajeak

Intuizioaren aurkako hipotesi batekin hasiko naiz. Zoriontasunak mekanismo maltzur baten baitan jarduten du: zoriontasunaz hitz egiteak (modernitatearen obsesioetariko bat da), bere gauzatzea oztopatzen du. Zoriontasunaren inguruan aritzearen trantzean nagoela, bat-batean datorkit burura ondorio epistemologikoak dituen honako galdera hau: Zoriontasunaz idatzi eta hausnartu al daiteke zoriontsu izanda, ala beharrezkoa da zorigaitzeko egoera bat nozitzea? Ez dut horrelakorik baieztatuko, baina bete-betean asmatuko du zoriontasunaren inguruan hausnartu, komentatu edo kritikatzeak ideia bera eragozten duela susmatzen duenak. Urrunago joan beharrik ez daukat: niri, adibidez, testu hau idazteak zoritxarreko buruhausteak ekarri dizkit azken egunotan.

Zoriontasuna paradoxa pragmatiko bezala ulertu daiteke gaur egungo gizarte konplexuetan. Alegia, esatearen eta izatearen arteko desadostasun gisa. Izan ere, paradoxa pragmatikoen mamua gizarte bizitza osora heda daiteke, eta idatzita ez dagoen modernitatearen lege hau da eszeptizismoan militatzera bultzatzen gaituena. Gauzatzen ez diren profeziei buruz ari naiz: zoriontsu naizela esan ahala suspertu egiten dut, bide batez, zoriontasuna galaraziko duen prozesua bera.

Hausnarketa objektu bilakatuz gero, zoriontasunak garapen gaiztoa dauka: neurosi bihurtzen da. Alegia, zoriontsu izateko, ezinbestekoa zait zoriontsu naizela konpultsiboki errepikatzea, ispilu aurrean zein jendaurrean, esateak izatea balekar bezala, nahiz eta badakigun konpultsio honek zoriontasunaren lorpena bera ezintzen duela. Honen adibiderik argiena prentsa arrosan agertzen diren pertsonaiak dira, behin eta berriz “orain zoriontsu naiz” berresten dutenak.

Emozioak reifikatu ditu modernitateak; bizirik dagoena, fluxua, gauza bihurtu du. Osagai kimikoen taula bailira irudikatuz eskuraezin bihurtu ditu emozioak. Zoriontsu izatearen beharrak, zoriontasunaren kontzientzia areagotzearekin bat, bere praxia aldrebestu du iheskor bilakatuz. Zoriontasuna estrukturalki iheskor bilakatu da: nahi duzunean ihes egiten du eta nahi ez denean da soilik eskuragarri zoriontasuna.

Ez da ordea beti horrela izan. Badago historian zehar zoriontasunaren egitasmo baikorragorik. Hala nola, bere jatorrizko adieraren arabera (greziar filosofoei zor diegu), zoriontasuna uztartzen da norberaren gobernuarekin (ataraxia), zuhurtasunarekin (phronesis) eta oro har bizitza onarekin. Gerora, modernitate kapitalistaren baitan, psikologia, gizatasuna zientifikoki soslaitu duen zientzia, izango da zoriontasunaren arazoari helduko diona. Izan ere, modernitatearen oinarrian dago sentimenduak erreflexiboki kudeatzearen xedea, gizarte zein ekoizpen harremanetan etekin itzelak ematen dituena. Modernitateak, beraz, zoriontasunaren eta oro har atseginaren sen produktibista garatuko du.

Freud handia izan zen zoriontasunaren adiera patologikotik beste ulermen terapeutiko honetarako trantsizioaren argilunak bere gain hartu zituena. Vienako jakintsuaren aburuz, familia burgeseko alabak, etxe berean lan egiten zuen giltzazainaren alabarekin alderatuz gero, zoriontsu izateko aukera murritzagoak zituen, bere klase sozialari zegokion sentimenduen kontrolaren ezarpen kulturala zela eta. Hala ere, modernitate erreflexibo izenpean ezagutzen ditugun gaur egungo gizarteetan alderantziz gertatuko litzateke: burgesaren alaba izango da zoriontasunetik gertuago egongo dena. Patologia zena, (auto)kontrolaren ezarpena, trebezia bilakatu da, alegia, harreman estuetan, gizarte bizitzan eta lan esparruan ezinbestekoa den jarrera erreflexiboa garatzeko gaitasuna, lengoaia, komunikazioa, zaintza eta oro har subjektibitatea eraikitzeko ezinbestekoak diren euskarrien kudeaketa errazten duena. Hitz gutxitan: zoriontasuna landu egiten da. Zoriontasuna hein handi batean despolitizatu egin dela irudituko zaio askori; ez da jada zoriaren erreinukoa. Are gutxiago aldaketa sozialaren eraginpekoa. Ezagutzaren arloan kokatu behar da. Zoriontasunaren inguruko ezagutza eta teknologiak (psikologia akademikoa, auto-laguntzako liburuak eta, zergatik ez, osagarri kimikoak) desberdin banatuta daude gizartean. Beraz, adituak izango luke soilik zoriontsu izateko aukera, know-how-aren jabe denak.

Soziologia luze eta zabal aritu izan da azken urteotan zoriontasunaren adiera politiko-kulturaletik urrunduz, sustapen terapeutikoa duen beste honetarako aldaketaz. Esan gabe doa, ordea, bat-batean ikusezina den mami handiagoko prozesua: askoren esanetan, modernitate erreflexiboan identitate pertsonala eta bizitza-estiloa taxutzeko baliabideek, materialek zein intelektualek, osatzen dute politikaren erregai berria, estatu eta alderdietatik harago, noski.

Hala ere, gauza bat da gizaki modernoa subjektibitatea kudeatzeko gai dela esatea eta oso bestelakoa zoriontasunaren ikuspegi psikologizistan erortzea. Hein handi batean, zoriontasunaren ajeak modernitatearenak ere badira. Gauza ez da subjektu modernoa gero eta moldakorragoa dela baieztatzea, baizik eta subjektuaren irudia bera eta mahats-sorta baten moduan atxikiturik dituen burujabetasun, koherentzia eta iraunkortasunaren kontzeptuak irristakorrak direla onartzea. Zentzuzkoagoa da gaur egun erabateko subjektuaz baino subjektu posizioei buruz hitz egitea. Posizio horiek askotan modu kontraesankorrean jardutera behartzen gaituzte.

Egitasmo berri honen arabera, zoriontasuna ez litzateke gehiago zorian, kalkulu arrazionalean edota aldaketa politikoan oinarritutako proiektu iraunkorra izango. Iraunkorra den gauza bakarra iraunkortasun eza da. Modernitate klasikoaren proiektu zibiko-politikoaren eta modernitate erreflexiboaren proiektu liberal-terapeutikoaren itzalean, inauteriaren xede den “hemen eta orain”aren logika da zoriontasuna bete-betean zeharkatzen duena. Hain zuzen ere, zoriontasuna hausnarketa objektutzat jotzen ez zuten garaietan –Erdi Aroan adibidez– hedatzen zen moduan hedatzen da gaur egun zoriontasunaren pozoi gozoa: izurrite edo rizoma moduan.

Lehenxeago, prentsa arrosaren adibidera jo dut zoriontasunaren neurosia irudikatzeko. Kontrako adibideak flash-mob izenpean ezagutzen diren mobilizazioak izango lirateke, neurosia modu katartikoan gainditzen dutenak. Flash-mob-ak (http://es.wikipedia.org/wiki/Flashmob) gertakari bitxiak dira oso: denbora mugatuan zentzugabekeriak diruditen ekimenak –adibidez, jainkosa bailitzan, ToysRUs makrodendan zegoen plastikozko dinosauroari erreberentziak egitea– burutzeko asmoz biltzen da jendea. Xelebrea eta hutsala badirudi ere, flash-mobak badu zer erakutsi zoriontasun kontutan.

Modernitate klasikoaren xedea beti izan da zoriontasunaren iraunkortasuna erdiestea. Haatik, zoriontasuna izan aditzaren bitartez deklinatu du. Izan: identitate finkoen gramatika, iraunkortasunaren eredu, megalomania… Flash-mobek zoriontasunaren gramatika alternatiboa proposatuko lukete: egon aditzaren bitartez deklinatzen dena, egoerari atxikia, tokian tokikoa, behin-behinekoa, “situazionisten” gustukoa…

Euskarak dikotomia hau ulertzeko bikote ederra eskaintzen digu: jolas/joko. Modernitateak zoriontasuna joko bezala bizi izan du, bizitza-apustu bezala, aukera dikotomikoa, baztertzailea: zoriontsu naiz ala ez. Posmodernitateak zoriontasunaren jokoari pozaren jolasa kontrajartzen dio, pozik egotearena. Jolasa: ludikoa, bat-batekoa, txikikeria, errentagarritasunik espero ez duena, ironikoa. Burujabearen jokoa da zoriontasunarena. Burugabearen jolasa, ergelarena, poza.

Erabil ditzagun, beraz, gure alde modernitatearen kale itsuak, paradoxa pragmatikoak, gauzatzen ez diren profeziak: akaso zoriontasuna bidezko ez dela esateak bere gauzatzea abian jarriko luke. Baina horretarako aldez aurretik gure bizkarretatik zama astuna kendu behar dugunaren susmoa daukat. Bakoitzak neur beza berea.

* Iñaki Martinez de Albeniz, EHUko Soziologia irakaslea.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan