2007-12-23 -- 2116.zenb
Bizitza zoriontsua bere naturagaz bat egiten duena da” horrela esaten zuen Senekak1. Esaldi sinplea, gogoratzeko erraza eta zentzuzkoa ematen duena, baina gauzak ez dira hain errazak. Esate baterako, zer da “bere natura”? Zer da “bat egitea”? Nork erantzun behar ditu galdera hauek? Erantzun ezberdinak egonez gero, zelan erabaki zein den zuzena? Pertsona guztiek erantzun beharko lukete berdin? Azken batean, natura bakarra bada guztiontzat bat egite horrek berdintsua izan beharko luke guztiontzat ezta?
Galdera asko agertzen dira horrelako kontzeptu handiaren aurrean, baina ez dira bakarrak, esate baterako, zoriontasunaren galdera hau unibertsala da? Mundu osoan, talde guztietan eta historiako momentu guztietan planteatzen al da? Egia esateko, hiru informatzaile baino ez ditut izan, baina antza denez, kitxua hizkuntzan ez dago “zoriontasuna” zuzenean itzultzeko hitzik. Esan nahi al du horrek kitxua hiztunek ez dutela zoriontasunaren sentimendua edo egoera ezagutzen? Argi dago ez dela horrela, baina horrek beste galdera batzuk egiteko aukera ematen digu, esate baterako, zein da “zoriontasuna”, “poztasuna”, “alaitasuna”... eta antzekoen arteko harremana? Edo, zer da zoriontasuna, sentimendu bat ala egoera bat? Zein da gizabanako eta gizarte barruko eta kanpoko egoeren arteko lotura?
Galdera nahiko gaiaren zailtasuna adierazteko, norberak segi dezake beste hainbat ipintzen. Beraz, hemendik aurrera, artikulu honetarako eskatu didaten Soziologiaren edo Gizarte Zientzien ikuspegia labur-labur ematen ahaleginduko naiz. Pentsamenduaren historian, pertsona ezagun batzuen idazlanetan dauden aipamen batzuk ikusiko ditugu lehenengo, eta gero inkesten bidez egindako jendearen zoriontasun mailari buruzko datu batzuk eskainiko ditut. Ondorioak nik neuk ateratakoak izango dira baina, irakurleek izango dute (hala espero dut) eurenak ateratzeko aukera edo, gutxienez, hortaz pentsatzen segitzeko aukera.
Zoriontasunaren aipamenak hainbat pentsalari “klasiko”ren idazlanetan
Senekarekin jarraituz, “(...) Esan diezaiokegu zoriontsua, arrazoiari esker, ezer nahi ez duen eta beldurrik ere ez duenari2”, eta apur bat geroago diosku: “Beraz, benetako zoriontasuna bertutean datza”.
Seneka pentsalari estoikoa zen, aldaketa eta ziurtasun eza handiko egoeretan babesteko “jakintsuaren” ideala defendatzen zuen. Bere planteamendu orokorra nahiak asetzea baino mugatzea zen, zoriontasuna pertsonak berak sortu behar zuen, ingurua edozein izanik, eta horretarako arrazoia erabili, bere buruari mugak ipini eta oreka bilatu behar zuen.
Immanuel Kant-ek hainbat zoriontasun mota aipatzen ditu: “… Batzuek zoriontasun morala eta zoriontasun fisikoa desberdintzen dituzte (lehenengoa norbere pertsonarekiko satisfazioan eta norberaren portaera moralean datza, beraz, egiten denarekiko satisfazioan; bestea, naturak ematen duenarekiko satisfazioan datza, beraz, beste batek emandako opariarekin gozatzen denarekiko satisfazioan) .
Kanten ustez, norberaren zoriontasuna “pertsona guztiek duten helburua da (euren naturaren bultzakadari esker), baina helburu hori ezin da inoiz beharra legez kontsideratu kontraesan baten jausi barik. Norberak berez, ezinbestez, nahi duena ez dago beharraren kontzeptuan sartuta, honek nahiaren kontran onartutako helburuarenganako koertzioa adierazten duelako. Beraz, kontraesana da gure zoriontasuna bultzatzera behartuta gaudela esatea”. Kantek beraz, ez du zalantzan jartzen pertsonok gure ontasuna edo zoriontasuna bilatuko dugula, ezta bilatze hori naturala, berezkoa, dela ere, berak azpimarratzen duena da gure “beharra besteen zoriontasuna” bilatzea dela. Beraz, zoriontasunarekin lotuta beste ideia bat agertzen zaigu: besteekiko lotura.
Hortik aparte, Kantek, beste gauza askoren artean jakina, azpimarratu egiten du behar moralei erantzuteko, pobrezia, gaixotasuna, ezintasuna… oztopo handiak direla eta zentzu horretan esango du pertsonok, gure behar moralei erantzun ahal izateko, badugula gure ongizatea bilatzeko “zeharkako beharra”, kontuan izanik, kasu horretan, ez genukeela ongizatea bilatuko gure zoriontasuna lortzeko baizik eta gure integritate morala mantentzeko.
Adam Smith da beste ikono bat mendebaldeko pentsamenduan. Gehienetan kapitalismoaren defentsarekin lotzen bada ere, askotan ahaztu egiten da La teoría de los sentimientos morales liburuaren egilea ere badela eta bertan holako gauzak esaten dizkigu: “Gizabanakoa guztiz berekoitzat jo arren, besteen patua interesatzen zaio, eta besteen zoriontasuna beharrezko egiten zaio, zoriontasun hori ikustearen plazera baino lortzen ez badu ere”. Bestalde, Smithek azpimarratuko du, Kantengan ikusi dugun beste ideia bat, hau da, inguruaren eta ongizatearen garrantzia (gogoratu behar dugu Kant eta Smith sasoi berekoak zirela, lehenengoa alemana, bigarrena eskoziarra eta egiaztatuta egon ez arren logikoa da pentsatzea batak bestearen lanak ezagutzen zituela): “Ustez bizitza honetako erosotasunaren eta zoriontasunaren osagarriak diren gizabanakoaren osasunaren, aberastasunaren, posizioaren eta izenaren zainketa da gehienok prudentzia deitzen dugun bertutearen zeregina”. Bestetik, Smithek Estatuaren “zoriontasuna” gure ardura ere badela aipatzen du eta, gainera, ardura hau naturak emandakoa dela dio.
Pentsalarien atal honekin amaitzeko askoz gaurkoagoa den batengana hurbilduko gara, Émile Durkheim frantziarrarengana, hain zuzen. Durkheim Soziologiako lehenengo katedraduna izan zen eta oso ezaguna den El suicidio ikerketa egin eta idatzi zuen. Bertan aztertzen ditu zeintzuk diren bere burua hiltzen dutenen inguru sozialak, azkenean, horren pertsonala ematen duen ekintzaren ostean dauden baldintza sozialak azpimarratuz.
Azterketa honetan Durkheimek “anomia” kontzeptua proposatzen du, gizarteak arau sendo eta argiak eskaintzen ez dituenean sortzen den pertsonentzako egoeraren larritasuna adierazteko. Suizidio anomikoari eskaintzen dion atalean horrela diosku egile honek: “Edozein bizidun ezin da zoriontsua izan, are gehiago bizi ere ezin du bizi, bere beharrizanak ez badaude bere bitartekoekin orekatuta. Bestela, lor dezaketena baino gehiago eskatzen badute, edo, beste barik, zer edo zer ezberdina eskatuz gero, etengabe izango dira minduak eta ezin izango dute min barik funtzionatu”. Eta bere argumentua garatzeko zera galdetzen du: “Nola finkatu daiteke pertsona batek eska dezakeen ongizate, erosotasun edo luxu maila? (...) Bere kabuz mugatu dezakeen kanpoko edozein botere kontuan hartu barik, gure sentsibilitatea bete ezina, amaiera gabeko labarra da (...), beharrizan moralentzako beharrezkoa da, gorputzak beharrizan fisikoentzako betetzen duen botere arautzailea bezalako botere morala”. Durkheimentzat botere moral hori gizartea izango da, gizabanakoaren iritzian justua, onargarria den gizartea. Arauak ezabatzen direnean, pertsonaren muga moral horiek, nahien kontrola, ezabatu egiten dira eta pertsona ez da zoriontsua izateko gai.
Orain arte beraz, pertsona, taldea, bitartekoak, estatua eta arauak agertu dira zoriontasunarekin lotuta. Baina horiek “pentsalariak” dira, halako gizaki arraro eta eskasak, zer da jende xumeak sentitzen duena? Gure burutapen honekin amaitzeko inkesta pare bateko datuak ikusiko ditugu.
Jendearen zoriontasunaren pertzepzioa
Agertu gura ditut irakurtzen ari zaren artikulua prestatzeko erabili ditudan lan bi, gazteen artean egindakoak. Bata Liman (Peru) egindakoa da eta bestea Espainian. Limako azterketan gazteen zoriontasunaren pertzepzioa beste aldagai hauekin lotuta aztertzen da: bere buruarekiko poztasuna, familia, lagunak, bizitza soziala, osasuna, aberastasuna eta maitasuna. Espainiakoan ez bezala, aldagai horiek lotzen dira gazteen mailaketa sozioekonomikoarekin. Lau talde eratzen dira: aberatsak, maila ertain-altua, ertain-baxua eta oso baxua. Lortutako ondorioek adierazten dute aberatsak, orokorrean, zoriontsuagoak sentitzen direla oso pobreak edo maila ertain-baxukoak baino. Aldagai guztietan agertzen da aberatsen eta txiroen arteko ezberdintasun esanguratsu hori, hau da, aberatsak lagunekin, osasunez, bizitza sozialean, maitasunean eta euren buruekin hobeto sentitzen dira pobreak baino. Salbuespen bakarra familia harremanetan dago; maila ertain-baxuak irabazten du beste guztien gainetik. Aipatzekoa ere bada, zoriontasunaren puntuazioa ondoen azaltzen duen aldagaia “Bere buruarekin ondo sentitzea” dela.
Espainiako ikerketan ez dago horrelako banaketa sozioekonomikorik eginda eta datu gordinak baino ez dira agertzen, baina gazteen artean zoriontsuak direla esaten dutenak %56,9 dira eta apur bat edo ez askorik %42. Honekin lotuta, euren bizitzarekin pozik daudenak %61,9 dira, %34,6ak “askorik ez” erantzun du. Berriro jaioz gero %47,4k ez luke ezer aldatuko eta 37,9k zer edo zer aldatuko luke.
Zelan lotzen dira pentsalarien eta jende arruntaren adierazpenak? Batzuen ustez ez da hain erraza aberastasuna eta zoriontasuna lotuta daudela esatea, horrelako azterketetan ez dagoelako eragina nondik nora doan jakiteko modurik (hau da, aberastasunak zoriona ematen du ala zoriontsuak direnak gauza gehiago egiteko gai dira?). Ez dago, bestetik, egoera pertsonala modu “objektiboan” neurtzeko modurik, hau da, egoera objektibo berdin-berdinean pertsona bik erantzun ezberdinak eman ditzakete.
Askotan entzuten dugu gaur egungo gizarteetan anomia handikoak direla, horrela da? Ez genuke orduan zoriontasunaren maila bajuagoak aurkitu behar? Zein izango litzateke gizarte baten zoriontasun maila “normala”?
Askok sentituko du gauzak berdin antzera daudela orain eta hasieran. Pertsonok animalia arraroak gara eta gure lorpenak beti dira esanahi askodunak. Dena dela, antza denez argi dagoena da zoriontsuak izateko geure burua ez dela nahikoa.
* Iziar Basterretxea, Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakaslea.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1