2007-12-23 -- 2116.zenb
Psikiatrian ari den baten ikuspegitik, zoriona zer da?” galdetu dit Argiak. Eta bote prontoko erantzuna honakoa izan da: “Aizu, kontsultara, orokorrean, zoritxarreko sentitzen direnak datoz!”. Gero, pentsatzen hasi naiz.
Egia da kontsultara zori gaiztoak, goibelak, ilunak, traketsak, latzak jotakoak etortzen direla. Gehienetan zoriaren zamapean zapuztuta, oinazean itota, bizitzaren funtsa galduta. Atzera begira galeraren sentimendua da nagusi; aurrera begira, berriz, izuarena. Eta oraina ezinaren deserosotasunean igarotzen dute. Gandiagaren olerki laburrak dioen bezala:
Neure mugapena dut
muga eta pena,
ezinaren kartzelan
zigortzen nauena
Baina egia da, baita ere, kontsultara zori horren amaieraren desirak bultzatzen dituela, zori beltzaren aldaketaren bila datozela, zori hobeagoaren egarriak dakartzala. Tratamenduaren xedea, horrenbestez, zori beltzetik zori argiagorainoko, egoera ilunetik egoera atseginagokoraino bide jorraketarako laguntza eskaintzea da.
Hasieran, litekeen bidea, ikusi ere ez da egiten. Horizontea estaltzen duen buxadura, eragozpena, oztopoa besterik ez da hautematen. Laguntzaren eske datorren ahoan hiru motatako esaldiak dira maizenak: ezin dut, ikaratuta nago, ez dakit. Esaldiok ahalik ezaren hiru ardatzen muina adierazten dute:
- Ezin dut. Indarrik gabe, txiki, ahul, hutsaren hurrengo sentitzen dira: errealitatearen osagarri oro saihestezinekoa bihurtzen zaie; errealitatearen eta hurkoaren aurrean koldartu, kikildu, txepeldu egiten dira. Biziraupena ezintasunean murgiltzen da. Ezinean hasitako eguna oinazean joaten zaie, bere buruarekiko kontenplazio errukiorrean. Ahultasunari darion ezintasuna.
- Ikaratuta nago. Eguna babes bila pasatzen dute. Inguratuta daudenean, zehaztugabeko eta amaierarik gabeko mehatxuzko sentimenduaren eraginez, isolamendura eta ihesera jotzen dute, atsedengarria litzatekeen txoko ziur baten bila; bakarrik daudenean izuak hartzen ditu, bere buruaren jabegoa galduz, ez baitakite bakarrik egoten. Beti gordeleku baten egarriz. Ziurtasunik eza.
- Ez dakit. Euren sufrimenduaren mamia “ez dakit” esaldiak nabarmentzen du hobekien. Gertatzen zaiena ez dute ulertzen, baina, gehienbat, etortzeke dagoenari darion ezinbesteko zalantza suertatzen zaie jasanezina. Oraina, etortzeko dagoenaren ezagutza ezaren menpean dago. Ezinezkoa den jakintza horren gose asegaitzak paralizatu egiten ditu. Ezjakintasuna.
Ahultasunari darion ezintasuna, ziurtasunik eza, ezjakintasuna dira zorigaiztoaren hiru oinak. Hiru murriztapen horien mugapenean lotuta, itota, gutxiagotuta, zori txarreko eta eri sentitzen dira. Muga estu, txiki, ahularen altzoan harrapatuta, izuaren menpe, esperantza izpirik gabe. Baina itxaropenerako bidea muga horietan hasten da, hain justu. Eta Gandiagaren olerkiaren aurrean Chillidaren beste hau ipini dezakegu: “El límite es el verdadero protagonista del espacio, como el presente, otro límite, es el protagonista del tiempo” (“Muga da espazioaren benetako protagonista, eta oraina, beste muga, denboraren protagonista”).
Muga da gizakiaren berezkotasuna. Gizakiaren ondasun bakarra ahuleziak, ziurtasunik ezak eta ezjakintasunak osatzen dute. Eta hor dago gakoa: indarra ahulezian sortzen da, ziurtasuna ziurtasunik ezean sustatzen da, jakituria ezjakintasunean mamitzen da. Paradoxa hirukoitz honetan abiatzen da, itxaropena elikatuz, zorionerako bidea eraikitzen ahaleginduko den tratamendua. Paradoxa argitzen saiatuko naiz.
Indarra ahulezian sortzen da, edo hobeki esanda, ahuleziaren kontzientzian. Gizakiaren kontzientzian baitago indarra, handitasuna, edertasuna eta abar. Adibidez, izarrez jositako gaueko zeru urdinaren kontenplazioan ikusleak erabakitzen du errealitate horren edertasuna. Ikuslearen begien baitan dago edertasuna (baita itsustasuna ere). Kasik mugagabeko ortziaren, itsasoaren, unibertsoaren aurrean kontzientziadun gizaki mugatu txiki eta ahula suertatzen da handiagoa, berari baitagokio erabakia.
Horregatik, Ernst Bloch filosofoak esango lukeen bezala, subjektuaren errealitate mugatua eta murritza, itxaropeneko afektuen (desiraren multzokoak) eraginez, potentzialtasunez beterik dago. Subjektu ahulari neurrigabeko ahaltasuna dagokio, baita errealitate, egoera, une beltzenean ere. Baikortasuna egoera jakin erosoan sortzen den legez, itxaropena errealitate ezkorrean, ilunean, larrian ernaltzen da. Ahaltasunez beteriko subjektuaren errealitate ilunean abiatzen da Ernst Bloch-ek “utopia zehatza” deiturikoa.
Era berean, ziurtasuna ere ziurtasunik ezean jaiotzen da, edo egokiago esanda, ziurtasunik eza jasateko ahalmenean. Hain arrunta den antsietatea (edo larritasuna, herstura, itolarria, angustia) ziurtatu ezin daitekeenaren ziurtatze nahi ustelean oinarritzen da. Baretasuna, grekoen “ataraxia” miretsia, alderantziz, ziurtasunik ezaren aurrean gordetzen den norberaren buruarekiko jabegoan, orekan eta lasaitasunean datza, etortzeko dagoenaren aldez aurretiko ziurtasunik ez baitago.
Jakituria ezjakintasunean mamitzen da, ziurtasunik ezari darion zalantzan. Jakintsua dudan elikatzen da. Aldez aurretik ezer ez dago erabakita, zehaztuta. Aldez aurretik ahalmena eta desira dago, ez besterik. Izaki mugatuaren ahalmen mugagabearen bilakaerak eta duda-mugan mugitzen den desiraren bultzadak eraikitzen dute etorkizuna. Itxaropenaren bidea ongi digeritutako zalantzek egituratzen dute.
Beraz ahuleziak, ziurtasunik ezak, ezjakintasunak mugatutako errealitate eta orainaldi beltz eta ilunean abiatzen da itxaropenaren trena. Ahaltasunez, potentzialtasunez beteriko trena da. Kontzientziaren bitartez ahulezia indar bihurtzen da, ziurtasunik eza jasan behar dela jakiteak ematen dio baretasuna, zalantzen pairamenak dakar jakituria. Zeren ikusmena nerbio-optikoa erretinan itsasten den puntu itsuan sortzen den bezala, itxaropena egungo errealitate ilunean abiatzen da. Esperantzaren bidean ekidin beharreko arrisku latzena “biharkotzearena” da (ekintza denboran atzera botatzeko, geroratzeko, “biharko uzteko” joera patologikoa). Zenbat arazo eta gatazka betikotzen eta usteltzen diren “orain ez da une aproposa” aitzakia erabiliz! Itxaropena gaurko gauza da, soilik. Zori ona esperantzaren eguneroko bide jorraketan eraikitzen da.
Beraz, psikiatrian aritzen den honen ikusmiran zoriona norberak bere iragana lepoan hartu eta eguneko errealitate gordinean eraikitzen duen itxaropena da.
* Blas Erkizia, Beasaingo Osasun Mentaleko zentroko psikiatra.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1