Astekaria

 Bestelakoak 

Lan istripuak: egoera aldatzeko ordua

Aurten 107 langile hil dira jadanik lan istripuz Euskal Herrian. Hiru egunik behin langile baten heriotza. Eta horrela urteetan. Dramatikoa.

Irudia

Jexux Mari Ariznabarreta


2115. alea
2007-12-16
alde 0    kontra 0
Jexux Mari Ariznabarreta
Jexux Mari Ariznabarreta LABeko Komunikazio Arduraduna (Dani Blanco)

Estatistikek argi uzten dute prekarietateak, azpi-kontratazioek eta lan erritmoek zerikusi zuzena dutela lan istripu eta heriotzekin. Alde batetik, enpresariak eta euren irabazi gose aseezina dira errudun nagusiak: langilea kostu gisa ikusten dute eta lan arriskuen prebentzioa gain-kostu moduan. Helburu bakarra dute, ahalik eta diru gehien irabazi, eta berdin zaie langileen osasunaren eta biziaren kontura bada ere. Bestetik, Administrazioak sistema neoliberalaren eta enpresarien morroi hutsak dira eta, bere aurpegia garbitzeko kanpaina mediatikoetatik at, ez dute egoera eskandalagarri hau errotik aldatzeko neurri eraginkorrik inoiz hartu, ezta hartuko ere. Hauek ere, erantzule zuzenak dira.

Errealitatea gordina izanik, gogorra egiten bazait ere, aipamen gordin bat egitera ausartuko naiz: bai, enpresari eta Administrazioak dira erantzule nagusiak, baina, zer gertatzen da Madrilen langileen aurkako erreformak etengabe sinatu dituzten sindikatu horiekin? CCOOk eta UGTk bat egin dute Madrileko Gobernuekin –PSOE zein PPrekin– eta CEOErekin pare bat hamarkadatan langileriak aurreko mende osoan lortutako eskubideak hankaz gora jarri dituzten politikak eta erreformak adostu eta euskal langileoi inposatzerako orduan. Hortik datoz, neurri handi baten, egungo lan baldintzak eta langileon eskubideen murrizketa eta babesik eza.

Horrexegatik, ez dadila etorri orain inor langileriaren batasunaren eta pankarta bateratuen izenean lezioak ematen. Are gutxiago, lan istripuen aurkako planteamendu testimonial eta abstraktuekin. Lan istripuen aurkako borroka, prekarietatearen, azpi-kontratazioen eta lan baldintza txarren aurkako borroka da. Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraikitzeko behar dugun aldaketa politiko eta sozialaren aldeko borroka da.

Bai, heriotza bakoitzaren aurrean lantegian bertan erantzun behar dugu lankideok, baina, horrez gain, arazoa jendarte osoarena da eta erantzuna ere auzoetara, herrietara, kalera eraman behar dugu, herritar guztien partehartzea ahalbideratuz. Prekarietatearen eta lan istripuen aurkako erantzun eraginkorra eraiki beharko da enpresarien eta Administrazioen jarrera aldatu nahi badugu, eta jauzi kualitatibo hori gauzatzen hasteko, berandu baino lehen lanuzte orokor bat prestatzeko ordua da. Bide horretan egingo dugu bat egoera errotik aldatzeko ahaleginak egiteko prest daudenekin.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia