Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Suteak, CO2 iturri

Coloradoko Unibertsitateko (AEB) NCAR zentroko ikerlarien arabera, AEBetan gertatzen diren sute handiek herrialde horretako ibilgailu guztiek urte osoan adina karbono dioxido igortzen dute.

Joxerra Aizpurua

Joxerra Aizpurua


2114. alea
2007-12-09
alde 0    kontra 0
Kaliforniako sutea
Kaliforniako sutea

Baieztapen hori egiteko sateliteetatik egindako argazkiak eta suteek igorritako karbono dioxido kopurua estimatzen duen eredu informatiko bat erabili dituzte. Egileek onartzen dute %50eko errore-marjina dagoela.

Dozena bat estatutako suteak aztertuz, horiek karbono dioxidoa oso azkar igorri zutela ikusi dute. Adibide gisa, Kalifornia hegoaldean urriaren 19tik 26ra gertatutako sutea erabili dute. Haren ondorioz 7,9 milioi tona karbono dioxido igorri ziren, hau da, Kalifornian hilero erregai fosilen errekuntzatik igortzen denaren laurdena. Gasa hain azkar igortzeak asko zailtzen du karbono-zikloa ulertzea. Ondorioz berotegi efektuari aurre egiteko zailtasunak egon daitezke.

Eremu bat erretzen denean landaredi berria sortzen da, baina horrek igorritako karbono dioxidoa birzikla al dezake? Zenbat birzikla dezake: erretakoak baino gutxiago ala gehiago? Erantzuna ematea zaila da, eta askotan landaredi berria sortu orduko berriro ere erre egiten da. Galdera gehiegi erantzunik gabe oraindik.

Milaka tona lur itsas azpian dantzan

Hainbat ikerlari frantziar eta alemaniarrek Afrikako itsas azpian gertatutako lur mugimendu paregabe baten berri eman dute Nature aldizkarian. Marokoko Agadir hiriaren parean gertatu den mugimendu horretan, 2.250 bilioi kilogramo sedimentu higitu dira, urtero ibaiek itsasoetara eramaten dutena baino hamar aldiz gehiago. Antza, sedimentuek 1.500 kilometroko bidea egin dute, Paristik Erromarako bidea alegia, eta itsas hondoak gorantz egiten zuen leku batean pilatuta geratu dira.

Aipatzekoa da ikerketa Exxon Mobil eta Shell enpresek finantzatu dutela neurri batean. Ez da harritzekoa, hidrokarburoak ustiatzeko itsas azpiko instalazioak gehitzen ari baitira, eta horregatik itsas hondoan gertatzen denak gero eta garrantzi handiagoa dauka enpresa horientzat.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza