Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-12-02 -- 2113.zenb

Landareak

Zurzuritzakoa

Jakoba Errekondo

argazkia

Populus alba

Lilien zuhaitza da zurzuritzakoa, idi-bihotz itxurako lilien zuhaitza, hobe esanda. Tulipa edo idi-bihotza tankerako lore ederrak ematen ditu Liriodendron tulipifera zuhaitz iparamerikarrak, eta horixe adierazten du zehatz-mehatz botanika sistematikoaren aita izan zen Carl von Linnék XVIII. mendean jarri zion izen bikoitz horrek. Harrez gero erabiltzen dugun bizidun guztien izendegiaren sistematika osoa berak abiarazi zuen eta izenari ematen zion garrantziaz jabetzeko hara zer esaten omen zuen: “Nomina si nescis, perit et cognitio rerum”, hau da, gauzen izena ez badakizu, beraietaz dakizuna ere urmariatuko da.

Ez idi-bihotzarenekoa (liliazeoak) ez zurzuriarenekoa (salikazeoak), magnoliazeoen familiakoa da idi-bihotzarbola; eta magnolien antzera ikaragarrizko lore-aldi bikaina ematen du. 60 metroko zuhaitza idi-bihotz galantez josia ikusteak liluratu bide zuen gure Carl eta txoramendu horretatik aska ezinik jarriko zion izena. Whitewood edo zurzuria deitzen dion egungo mundu honek beste txoramendu bat du, loraldia huskeriaren pareko alukeriatxoa irudiki, etekinari soilik so, zer probetxu du ba idi-bihotzarbolak? Zura! Eta hura zuri, ba zurzuri!

Populus alba, geure zurzuri europarraren zura gorrizta da, giharra horitik gorrirako kolore guztiez jantzia eta gizena, azalaren aldamenekoa, zurizta. Aldiz, egurrari lurra kendu eta zur eta lur hiloztu aurretik, bizirik den artean ikusten diogun guztia zuria du: enbor eta adar azalak, hostoaren txortena eta azpiko aldea... Bizirik, zuhaitza da zuria eta ez zurtuko den hilotzaren egurra, zurgaia.

Tankerakoa dute Atlantikoari alde banatatik begiratzen dioten biek egurra eta zura: arina, biguna eta ladu-erraza: iraupen eskasekoa. Amerikarra galanta egiten denez 50 lagunentzako enbor-hustu bakarreko kanoa monoxiloak egiteko gai zuten Ipar Ameriketako ekialdeko indiarrek. Kontinente haren mendebaldearen konkistatzaileen zigarretak, bibliak eta abar zur horrekin egindako kutxatan zihoazen. Europarrarena ere antzera erabili izan da, jostailuak, kutxak, pospoloak eta txotxak, etxe barruko arotzeria... Dena dela iraupen motzeko zur eskasak; ez zaie ba hortik zuria izena etorriko?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan