Astekaria

 Bero-beroan 

Maltzagatik

EAEko Euskararen Legea: datozen 25 urteetako erronka

MAPUTXEAK, AIMARAK, maiak, kitxuak eta Hego Amerika eta Afrikako hizkuntza eta kultur gutxituetako zenbait ordezkari izan ziren duela bi aste Argiako esperientziaren berri ezagutzen. Garabide elkartearen eskutik, euskalgintzako beste hamaika enpresa eta erakunde ezagutzen ari dira Euskal Herrian.

Xabier Letona

Xabier Letona


2113. alea
2007-12-02
alde 0    kontra 0

Konparaketa orokor eta azkarra eginda, euskarak duela 40 urte bizi zuenaren antzekoa izan liteke haien hizkuntzak gaur egun bizi duen egoera. Konparaketak eta erreferentzia gune izateak ematen digu halako harrotasun puntua, kontuz ibili ezik harrokeria ere bihur daitekeena.

Katalunia edo Quebeceko ispiluetan begiratzea gehiago kostatzen zaigu. Egunerokoan euskaraz bizi nahi dugunok non eta nola gauden hobeto erakusten digu. Eta gaztelaniak, frantsesak eta ingelesak gurean bizi duten egoerarekin txintxo erkatuz gero, gure biluztasunaz ohartzen gara. Egunerokoan euskaraz bizi nahi dugunok bederen.
Komunitatearen zentzu ertsia erabili nahi gabe, abertzaletasuna nagusi da EAEn eta agian Euskal Herrian ere bai. Euskal hiztunen komunitatea, ostera, minoria da, eta abertzaletasunak gaizki darama errealitate hori, “hainbeste gara eta hain onak...” Zeresanik ez abertzaletasun instituzionalari buruz.

Berrikuntzaren gizarte honetan, elektratresnen munduan Electrolux eta Bosch-ekin konparatu behar da, haiekin lehia egin eta lehen lerroan kokatzeko. “Jan edo jango zaituzte”, oihaneko legea. Edo kutxen fusioa beharrezkoa da BBVA, Caixa edota Société Générali aurre egiteko. Lehen mailan egoteko. Garraio ereduarekiko lehentasunetan zeresanik ez, AHTren eztabaida lekuko. Berrikuntzaren izenean, denetan diru inbertsio itzelak egitea eztabaida ezina da.

Jakin nahiko nuke zenbat indar metatze eta diru beharko litzatekeen euskal kultura (euskararen kultura), ingelesa, gaztelania eta frantsesarekin lehiatzen jartzeko. Lehian Euskal Herrian, jakina. Zeren eta, oihaneko araua betez gero, lehiatu ezean jango gaituzte.

Maioriaren epelean ohitu denak nekez nahi izaten du minoriaren hotza. Horixe da gehiengo abertzale eta euskaldun funtzional osoaren arteko kontraesan nagusia. Nik ere zinez

sinesten dut euskara ez dela inoren patrimonio, euskal kultura maite eta errespetatzen duen orok du ondare horrekiko ardura. Baina zerbait sinesten badut zera da, euskara zerbait baldin bada, euskaraz bizi nahi dugunon hautu eta eskubide dela.
Botere publikoaren eta herri borondatearen arteko uztarria ondo bideratuz gero noraino iritsi daitekeen erakutsi du EAEko Euskararen Legeak azken 25 urte hauetan. Potentzialki legearen indarra erakutsi du, pozarren dagoenarentzat izandako lorpenengatik, eta salatzen duenak egin litekeena erakusten duelako.

Lortutakoa asko dela ez dago zalantzarik, gehiago egin zitekeela ere egia da. Eta lorpenen eta erosotasunaren epelean badenik ere ezin uka. Minoriak maioria bihurtzeko eskubidea du, beti ere herri borondatean oinarritzen bada. Baina hori baino eskubide garrantzitsuagoa ere badu minoriak: bere gutxiengo ezaugarrietan maioriaren errespetuarekin elkar bizitzeko eskubidea. Euskara garatuen dagoen lekuetan ere, oraindik azken egoera honetan gaude. Horra datozen 25 urteetako erronka.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia