Astekaria

 Bestelakoak 

Afizioz aldatu

Hala da. Zenbaitetan ilusio apur bat galtzen du. Bizi erdia musikaren dohainen propaganda egiten eta orain nekea itsatsi zaio aldartean. Askotan saiatu da hurkoa konbentzitzen: doinu honek hau sentiarazten diola, letra horrek beste momentu hura gogora ekartzen… baina oharkabean burura etorri zaio urteetan saihesten saiatu den ideia hori: agian, musika ere ez dela hainbesterako izango.

Gorka Urbizu

Gorka Urbizu


2113. alea
2007-12-02
alde 0    kontra 0
Gorka Urbizu
Gorka Urbizu musikaria (Alex Larretxi)

Nekatu egin da; mamu bat ikusi duela errepikatzen duenaren sentsazioaz unatu, inork ez baitio sinesten. Pentsatzen hasia da Iker Jimenezen deia jasoko duela edozein momentutan kasu bitxi hori telebistan azaltzeko:

– “Aurrera egiteko arrazoiak ikusten bide dituzu David Bazanen doinuen atzean”, dio Ikerrek, ondo entseatutako misterio doinua hitzetan.

– “Halako zerbait, bai, oxigenoa noten artean-edo”, arrapostua, berben artean puntu suspentsibo gehiegi tartekatzen, inoren errukia biltzeko.

– “Eta, kontaiguzu arren, noiz izan zenuen agerpen hori lehendabizikoz?”

– “It's Hard To Find A Friend entzun nuenean. Baina ez zait horrekin bakarrik gertatu: Conor Oberstek edo Adam Stephensek abesten dutenean ere halakoak ikusi izan ditut. Laguntza eske nator…”.

Halaxe irudikatu izan du bere burua, eldarniotik ez oso urrun. Eta etsi beharrean, pasioz aldatzeko ordua dela erabaki du. Bere hurrengo afizioa, hunkigarria barik ukigarria izango dela ebatzi du, aspertu da eta, gauza abstraktuak azaldu beharraz.

Autoekin zaletuko da, adibidez: balbulak, gurpilak, olioa aldatzeko epeak, orduko berrehun eta hamar kilometro… bost axola nondik nora joateko; leihotik ere ez du begiratuko, ez dio paisaiari erreparatuko, ez du zikoinarik ikusiko kanpandorreetan, hori literatura litzateke eta ez du konplikaziorik nahi. Autoak eta 1 Formula, taxuzko afizio bat behingoz. Modan dagoena, gainera. Ez da konbertsazioetan galduko eta, are garrantzitsuago dena: konbertsazioak eduki ahal izango ditu, gustuko duen hartaz…

Hala da. Azken hilabeteetan musikarekiko ilusio apur bat galdu du. Nagia ere ematen dio Bilboko Euskaldunan Wilco ikusteko aspalditxo enkargatu zituen sarrerak erretiratzeak. Baina joan egin da. Kontzertua hastearekin batera konturatu da afizioa aldatzearen kontu hori ez dela horren erreza izango. Notek barruak astindu ahala geroz eta konbentzituago dago.

Saioa amaituta, autoan sartu eta etxerako bidea hartu du, barrenak aseta. Leihotik paisaiari begira doa. Gaua da baina zikoinak irudika ditzake kanpandorre bakoitzean.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia