Gerraren harrizko aztarnak

  • Burdinazko Gerrikoa izeneko defentsa sistema 1936an eraiki zen, Bilbo eta haren inguruak frankisten esku gera ez zitezen. Hesi handi hura trintxeraz, alanbradaz, metrailadora habiaz, behaketa lekuz zein material horniketarako bide estrategikoz osatuta zegoen. Gure bazter eta mendi tontorretan gerraren arrastoak daude oraindik ere, eta horietako batzuk ezagutzeko bildu gara Alfredo Irusta historia adituarekin. Goazen bada bueltatxoa egitera.

2007ko azaroaren 18an
Burdinazko gerrikoa
Burdinazko gerrikoa (Bizkaia)Arrate Diez
Has gaitezen, lehenengo eta behin, gure aitita-amamak borrokatu zireneko –eta beharbada bertan bizitza utzi ere– Burdinazko Gerrikoaren kokapenaz jabetzen. Eusko Jaurlaritza osatu ondoren Burdinazko Gerrikoa eraiki zen 1936an, frankistek Bilbo har ez zezaten; besteak beste, portua babestu nahi zuten. Hala, hasi Muskizeko Punta Lucerotik, Triano mendietan barrena, Sudupetik Arrigorriagara, Upo menditik Egirletara eta Larrabetzutik Gaztelumendira, Fikan amaitzen zen defentsa sistema hori, azaldu du Alfredo Irustak.

Traizio nabarmenak

Alberto de Montaud y Nogerol koronelak Burdinazko Gerrikoaren diseinua eta lanen nondik norakoak zuzendu zituen. Haren aginduetara Pablo Murga eta Alejandro Goikoetxea zeuden. Murga ezustean harrapatu zuten arerioari hesiaren planoak ematen, eta 1936ko azaroaren 19an fusilatu zuten. Alejandro Goikoetxea ingeniari burua ere frankisten bandora pasatu zen eta, berak bai, 1937ko otsailean Gerrikoaren plano guztiak aginte frankistaren esku utzi zituen. Traizio horiei esker asko erraztu zitzaien lana nazionalei.

Defentsa sistemak bost sektore zituen. Lehenengoa Zierbenako Punta Lucerotik Sudupera; bigarrena Ganekogorta mendia, Ugaotik Sudupera; hirugarrena Upo mendigunekoa, Ugaotik Usansolora; laugarrena, Usansolotik Gaztelumendira eta azkenekoa Gaztelumenditik itsasora. Horrez gain, bi erresistentzia zentro zituen, Sudupen eta Ugaon.

Burdinazko Gerrikoa apurtzearen arrazoi nagusia, traizioak aparte utzita, bandoen artean zegoen ezberdintasuna izan zen. Guda hasieran artillerian zortzi baten kontra ziren, eta hegazkinetan aldea erabatekoa zen: Fronte Popularrak ez zeukan ia aparaturik. Esan daiteke frankistek berdin apurtuko zutela Burdinazko Gerrikoa, amaituta zein amaitu barik.

Burdinazko Gerrikoa eraikitzeko Lehen Mundu Gerraren ostean frantsesen defentsa sistema hartu zuten eredu: Maginot Lerroa. Gerrikoa ondo sendotuta zegoen errepide zein bideetan, esaterako Arrigorriagan, Egirletan, Larrabetzun, Mungian eta Urdulizen, baina beste leku batzuk ez zeuden behar beste finkatuta, denbora faltagatik. Eta beste fronte batzuk ere zaindu behar ziren, Ondarroatik Mena ibarrera artekoa, esate baterako. Azken batean, ehun kilometro baino gehiago ziren babesteko. Hori guztia zaintzeko pertsona eta denbora asko behar zen. Alfredo Irustak gehitu duenez, “emakumeek lan handia egin zuten Burdinazko Gerrikoa eraikitzen, baita gazteek ere. Lan egiteagatik jatekoa eta soldata jasotzen zituzten, beraz diru iturri bihurtu zen askorentzat. Horrez gain, gerrara ez zihoazenak ere lanean aritu ziren presondegian atxilotutako hainbatekin batera”.

Ibilbidea

Larrabetzura heldu gara, eta bertan geratzen den Burdinazko Gerrikoaren zati bat ikusi dugu errepideko bidegurutzean. Harresi bat da, goiko aldetik babestua. Baserri biren artean sostengu hormatxo bat dago, eta hori ere Gerrikoaren zatia da. Bestetik, gaur egungo zerrategiaren horma bat garai hartako Gerrikoaren aztarna ikusgarria da. Ondoren, Morgako bidea hartu, Goikolexea igaro eta ezkerretara, Gaztelumendira joango gara, ondo zehaztuta dagoen bidetik.

Gaztelumendin, frankisten erasoen ondoren Burdinazko Gerrikoa apurtu zeneko toki berera helduko gara. Bi metrailadore habia daude osorik, eta beste bati goiko aldea falta zaiola ikus daiteke. Habia horiek bisera edo estalpedun gotorlekuak dira; han, makina automatikoak jartzen zituzten errepublikar gudariek, bertatik tiro egiteko angeluak kontrolatzen baitzituzten. Mendialde honetan, lubaki arrastoak erraz ikus daitezke.

Frankisten garaipen monumentuak

Gaztelumendin monumentua dago frankisten bandoko hildakoen omenez. Nazionalek 160 kainoi inguru erabili zituzten Burdinazko Gerrikoa puntu honetatik apurtzeko. Borroka gogorrak egin zituzten tokietan, goiko argazkietan ikus daitezkeenak bezalako monumentuak altxatu zituzten. Halakoak daude, esate baterako, Sabigainen, Lemoan eta Urduñan.

Gaztelumendi utzi eta Ganguren aldera jo dugu, Galdakaora, frankisten antzeko mugimenduak eginaz. Beraiek Santa Marina hartu eta ondoren Santo Domingotik Artxandara jo zuten. Hemen ere metrailadore habia bat dago, eta baita nazionalek egindako oroimenezko gurutze bat. Monumentu horrek, gurutzeari eusten dion zutabean, hiru data ditu grabaturik: bi gerra karlistena eta Espainiako Gerra Zibilarena.

Artxandako metrailadore habia, bestalde, bakarra da inguru honetan, Derio herrira begira dago eta ez dago batere ondo zainduta, sasiek inguratuta daukate eta.

14.000 langile

Burdinazko Gerrikoa oso ondo eraikita zegoen errepide eta bideei dagokienez; komunikazioak oso ondo indartuta zituen, munizioa garaiz jaso ahal izateko. Eraikuntzan jende askok parte hartu zuen. Hamahiru arkitekto, hamabi industri ingeniari, meatzetako bi ingeniari, nekazaritza-ingeniaria, hiru aparejadore, hamasei kontratista eta garrantzitsuenak, 14.000 langile ibili ziren lanean, Bilbo eskuraezin bihurtu behar zuen harresia eraikitzeko.

Aztarnaz betetako mendiak

Lan handi horren aztarnak zein bertan hildakoenak asko dira gure inguruan, eta gerra borrokatu zen leku guztietan aurki daitezke. Ibilaldian ikusi ditugunez gain, trintxerak Bizkaiko mendi gehienetan aurki daitezke: Gaztelumendin, Laukizen, Unben, Barrikan, Punta Luceron, Muskizko Montaño mendian... Azken horiek Bigarren Gerra Karlistan eraikitako lubakien gainean egindakoak dira. Galdamesetik Sudupera arte ere defentsa lerro sendoaren arrastoak daude, eta Amurrion, Elgetan eta Markinan, besteak beste, metrailadore habien arrastoak ikus daitezke. Inguru hauetako mendietara goazenean, zuhurtzia apur batez jokatu eta gure arbasoek bizi izandakoa gogora ekartzea ez da lan zaila. Zalantzarik gabe, Burdinazko Gerrikoa Euskal Herrian izan zen gerrateko gorabeheren erakusle paregabea da.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude