2007-11-18 -- 2111.zenb
Bazkide egitea ez da batere zaila. Oztopo guztiak kenduko dira herritarrak erakarri eta milaka bazkide lortzeko eta partaidetza txiki samarren bidez proiektu solidario handia lortzeko. Bazkide izateko 100 euroko kapital-ekarpena egin behar da eta kooperatiba osatzen denean, bazkide izatea eska daiteke. Ekimen hori zabalik dago, halaber, erakunde juridikoentzat. Azken horiek, gutxienez, 500 euroko ekarpena egin behar dute. Fiareren arduradunek lortu nahi duten kapital sozialaren erritmoa urteko 400.000-500.000 eurokoa da. Horrez gain, herritarren parte-hartze handia lortu nahi dute, finantza proiektu solidario horren oinarria herri ekarpenean sostenga dadin. Beraz, Hego Euskal Herrian, 100 euro jarriko luketen 15.000 bazkide beharko dira 1,5 milioi eurora iristeko, 8 milioi euro behar baitira Espainiako Bankuaren babesa lortzeko.
Ekimen horretan parte hartzen dutenek kapital sozialean edo gordailuetan egindako inbertsioa nahi dutenean berreskura dezakete, baina ez Espainiako Bankuari kreditu kooperatibari dagokion fitxaren eskaera egin baino sei hilabete lehenago. Bazkide berriak erakartzeko ez da ohiko publizitatea erabiliko, ahoz aho eta elkartez elkarte zabalduko da. Gainera, kanpaina Euskal Herrian egiteaz gain, Espainian ere egingo da. 2010erako, Fiareren proiektu hori bultzatzeko sei erakunde sortu beharko dira Espainian. Gero, bakoitzak dagokion partaidetza izango du, bildu duen diruaren eta jendeak gorde duen diruaren arabera.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa