Astekaria

 Bestelakoak 

ETAri arrazoi ematea

Normala da ETAri arrazoia ematea, baldin badu. Espainian, ordea, bekatua da hori, heresia ia. Ez genuke egin behar, beraz. Baina natural ateratzen zaigu. Guk natural egiten duguna zeharo okertzat hartzeko espainiarrek duten joera harroaren ondorioz euskaldunon bizitzan sarri asko errepikatzen da tentsio berbera. Oraingoan, gainera, tentsioa mingarriagoa da, lege mailara igo baita astakeria. Lege antiterrorista delakoak zigortu egin dezake ETArekin bat etortzea. Behartzen gaituzte ETAri arrazoirik ez ematera. Indarrez behartu ere, mehatxu zuzenaren bitartez.

Ekai Txapartegi

Ekai Txapartegi


2111. alea
2007-11-18
alde 0    kontra 0

ETAri arrazoi emateagatik zigortu gaitzakete baina ezingo digute gaizki ari garenik sinestarazi. Horrek agerian lagatzen du berriz ere euskaldunon behin-behineko egoera. Zein herrik iraun dezake modu naturalean eta arrazoia erabiliz egiten dituenak zigortzen dituen konstituzio baten menpean? Herriak halabeharrez legeria aldatzera joko du. Gutxienez, badugu esperientzia zabala pentsatzeko euskaldunok gure jokabide naturaletan jarraituko dugula temati, soldaduskari muzin egiten genionean bezala, ez garela espainiarrak esaten dugunean bezala… ETArekin bat etortzen jarraituko dugu, hala iruditzen bazaigu.

ETAri ezin zaiola arrazoirik eman, legea ez-ezik, joko politikoko “argudioa” ere bihurtu da. Zenbat aldiz ez ote dugu entzun euskaldunak ezin garela autodeterminatu hori ETAri arrazoia ematea delako? PPk sartu zuen iruzur dialektiko hori, PSOEk beso zabalik hartzeko. Ondoren, pozoi bera erabiliz, Josu Jon Imaz jeltzalea abertzaleak zornatzen saiatu da (El Paísek horretarako jarritako pulpitutik). Ondorioz, eztabaida ez da euskaldunoi autodeterminazioa dagokigun. Eztabaida da noiz ematen diogun arrazoi gutxiago ETAri autodeterminazioa onartzean ala ukatzean. Jatorrizko eztabaida ez zaienez komeni, kartak aldatu dizkigute. Eztabaida ez da politikoa, erlijiosoa baizik. Heresia da auzia, autodeterminazioa heretikoa ote den eztabaida dezagun nahi dute.

Eta horrek baditu arrisku nabariak. Haiek ezartzen dute ETAri arrazoi ematea zer den. Haiek markatzen dute heresia zer den, hemen zer egin eta esan daitekeen. Hortaz, “argudio” hori euskaldunon edozein eskakizun ukatzeko erabiltzen da: independentzia, autodeterminazioa, euskararen sustapena, euskal nazioaren existentzia, presoen gerturatzea, torturaren abolizioa edo dena delakoa. Ezin dugu halako txeke zuririk eman. ETArekin bat etorriz gero, euriak euri… eutsi geureari.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia