Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-02-09 16:49:58
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2007-11-04 -- 2109.zenb

Ensenyar la llengua

Katalana, ispilu bat non begiratu

Miel Anjel Elustondo

argazkia

Ariketa txarra ez, nork bere hizkuntzaren egoera irauli nahi eta auzoak zertan diren aztertzea, besterenera hurreratu, ikusi eta ikastea. Horretan lagungarri da Joan Solà irakaslearen Ensenyar la llengua liburua. Egilea ere ez da hasi berria, Gramàtica del català contemporani lanaren zuzendaria baita, hau da, filologo eta idazle belaunaldi berrien erreferente den aparteko gidaliburuaren idazlea.

Ensenyar la llengua lanean gramatikaz beste ari da Solà. Askotariko idazlanak bildu ditu bertara, izan hitzaldi, izan artikulu, katalanez batzuk, gaztelaniaz beste batzuk. Alabaina, xedea bat bera da orrialde guzti-guztietan: katalanaren egoera linguistiko, sozial eta politikoari dagozkion alderdiak lantzea. Asmo horretan, 1991 eta 2003 bitartean idatzitakoak bildu ditu egileak liburura.

Eta, izatekotan, handiagoa da optimismoa lehenengo lanetan, azkenetan baino. Esate baterako, hizkuntzaren egoera dramatikoa marraztu du egileak amaierako ataletan. Jakinaren gainean da autorea bera, eta ez du inork kargu hartuko dion kezkarik. “Norbera izan behar da egiten duen diagnostikoaren arduradun, bai eta haren ondorioz datozkeen ekintzen arduradun: nire ardura, berriz, zera da, eguneroko errealitate milaka aurpegidun hori ezagutzea eta nire auzokideei ez ezik, kanpoko interesatuei ere jakinaraztea”.

Zapalketa sotila

Espainiako hizkuntz egoera aztergai duela, Solàk Franco diktadorearen erregimena ekarriko du gogora, esanez askotan bortxaz ezarri zuela “estatu bat, nazio bat, hizkuntza bat” ideologia. “Gaztelania ez besteko hizkuntzak jazarri egin zituzten, eta hizkuntzaren indarra –ordukoa zein garai batekoa–, zenbat eta handiago izan, orduan eta handiago izan zen jazarpena bera ere. Uste dut ez dela exajerazioa esatea katalana lehenengo lekuan zegoela eta, ondorioz, askoz ere zapalketa sotilagoaren biktima izan zela. Gaur egun ere [1994an idatzia da testua], lehenengo lekuan dago eta, estutuz gero, esango nuke horrexegatik direla gehiago eta handiagoak aurrera egiteko jartzen zaizkion eragozpen politikoak”.

Berrehun orrialde baino gehiago ditu liburuak eta osorik da irakurtzekoa. Bertan asko dira kasuak, baina bat bakarra kausa: katalanaren normalizazioa. Kasuak berak ere, kontuan hartzeko modukoak dira makina bat. Esaterako, 1994ko azaroaren 8an, Espainiako Erret Akademiak eskutitza bidali zion Gobernuko presidente Felipe Gonzalezi. Bertan, hizkuntza gutxituren bat hitz egiten den komunitateetan, gaztelaniarentzako berariazko babes neurriak hartzeko eskatzen zioten. Solàk dio, CIUk eta PSOEk urte bat lehenago egin zuten akordioaren ondorioz etorri zela Akademiaren erasoa. “Akademia bezalako erakunde bat horrelako joko zikinean sartzeak agiri zaparrada eragin zuen: era askotako idazkiak argitaratu ziren, ofizialak, erakundeetakoak eta pribatuak, arestian aipatu dugun erakundearen kontra. Bada, xehetasun bat, baina ez bigarren mailakoa, lehenengo-lehenengokoa baizik, (…) agiri zaparrada eta guzti, akademikoak ez ziren jabetu beren eskutitzak zuen neurriaz, eta are gutxiago onartu zuten oker egina. Beraz, bi mundu mental (eta emozional) dira, konponezinak”.

Katalanaren egoera korapilatsua argitara ekartzeko asmotan, askotariko alderdiak lantzen ditu Solàk. Hitzean eta hortzean, eta zernahitarako, Espainiako Konstituzioak ezartzen duen muga behin eta berriz errepikatzen jarduteko tirria dutenek badute zer eta non irakurria irakaslearen lerroetan: “Espainiar konstituzioak gaztelania ez beste diren hizkuntzen aipamen laburra egiten du (…) ‘berariazko babes eta errespetua izango duten kultur ondare’ direla dio, baina ez dago haiei dagokien lege orokorrik, eta, ondorioz, konpontzen zailak diren gatazkak gertatzen zaizkigu askotan: adibidez, armada, botere judiziala, hedabideak eta garraiobideak tarteko direnean”. Beste pasarte batean irakurriko dugu Solàk duen iritzia: “Mundu honetan, inondik ere, inork ez du beste inor salbatzeko asmorik, zeharo alderantziz baizik –gizakiok egiten ditugun hitz zuri horiek gorabehera; alegia, kortesia gorabehera–”. Horra, bada, iturriko ur garbia bezain garbi, Solàren jarrera-iritziak.

Diskurtso berria behar

Joan Solàk badaki negarra jotzen ari dela, nekagarri litekeela. Gaur egun EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren arduradunek ere horixe egotzi diote gizarte eragile askori, etengabe negarra jotzen jardutea. Bestelako mezuak eskatu dizkiete, diskurtsoa aldatzeko… Joan Solà ere jabetu da arrisku horretaz. Badaki. “Neure buruari galdetzen diot ea kexuek esperantzarako bidea zabal dezaketen: bizitza-legea da handienak txikiena desegitea, eta gure kexuak bizitza sen horrexen ondorio dira. Katalan hiztunok biziraun nahi baldin badugu, modu eraginkorragoan defendatu beharko gara. Ez dakit nola, baina modua aurkitu beharko dugu (…). Bestelako balio sistema, etorkizunean kohesionatuko gaituen sinbologia berria osatu beharra dugu. Oraingoz, betiko balio klasikoak besterik ez dugu: elkartasuna, askatasuna, berdintasuna”.

Eta ispiluari begira jarrita, zer egin behar dugu euskaldunok? Nola babestu, nola jardun negarra jotzen ez ezik…

Erantzunak

Katalanaren egoeraren aurrean Joan Solŕ dio, “Neure buruari galdetzen diot ea kexuek esperantzarako bidea zabal dezaketen: bizitza-legea da handienak txikiena desegitea, eta gure kexuak bizitza sen horrexen ondorio dira. Katalan hiztunok biziraun nahi baldin badugu, modu eraginkorragoan defendatu beharko gara. Ez dakit nola, baina modua aurkitu beharko dugu (…). Bestelako balio sistema, etorkizunean kohesionatuko gaituen sinbologia berria osatu beharra dugu. Oraingoz, betiko balio klasikoak besterik ez dugu: elkartasuna, askatasuna, berdintasuna”. “Eta ispiluari begira jarrita, zer egin behar dugu euskaldunok? Nola babestu, nola jardun negarra jotzen ez ezik…” Artikulugilearen galderati erantzunez, niire ustez balio klasikoak kontuan izanik, euskal hiritarrok elkarrekin bizitzeko “kohesionatuko gaituen sinbologia berria”, bizikidetza ahalbideratuko duen oinarrizko printzipio bat adostetik iritxiko da. Printzipio hori honela formulatzen dut: “euskal hiritarrek euskara eta espainiera edo frantsesa jakiteko eskubidea eta betebeharra eta erabiltzeko eskubidea dute”. Komunitate bereko partaideen bizikidetza erosoak printzipio hau gauzatzea eskatzen du. Bakoitzak bere erreferentziak maitatzen segi dezake, ez dago alde batera utzi beharrik. Bizikidetza baketsua egin ahal izateko, solaskidearekiko errespetua da proposatzen dena eta horretarako gutxienekoa, batak bestearen hizkuntza ulertzea da. Ez da onargarria lagunarte bizitzarako hizkuntza hegemonikorik. Bereizkeriarik gabe kokatzen den harreman modua ezartzea da gakoa. Horretarako guztiek bere solaskideak erabili nahi duen hizkuntzan ulertzeko gai izan behar dute. “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik” leloa ez zait iruditzen zuzena. Egia bada ere, bizikidetza ahalbidetzeko ez da nahikoa batek euskaraz hitz egin nahi izatea, mintzakideak ulertzen ez badu. Norbanakoaren borondatea askotan jendartearen iritziak zapaltzen du eta iritzi honek gaina hartzen du. Printzipio hau edozein komunitateko hiztunen arteko harremanetan aplikagarria da eta bizikidetzareako proposamen honetan euskal jendarteak ados jarri beharra duela uste dut.

joxemari muxika 2007-11-01 21:05:35

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan