Astekaria

 Liburuak 

Volksgeist edo Herri gogoa, Ilustraziotik Nazismora

Irudia

Pilar Iparragirre


2108. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
'Volksgeist, Herri gogoa'

Joxe Azurmendi ::Volksgeist, Herri gogoa

Elkar

orrialdeak ::333

prezioa ::24€

Joxe Azurmendi EHUko Filosofia Modernoko katedradunaren Volksgeist, Herri gogoa. Ilustraziotik Nazismora lana trilogia baten parte da, Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua-rekin, eta joan den urtean argitaratu zen Espainiaren arimaz obrarekin batera. Zerk eraman du Joxe Azurmendi hainbeste ahalegin eta ordu eskaini behar izan dizkion lan hau egitera? Politikan bizi dugun giro polemikoak –egunero kultura edo kultura eza zeharo nahasten dituena–. Azurmendiren esanetan, estatuaren “teologoek” diote abertzaleena pentsamendu esentzialista dela, herriaren arima batean, gogo batean edo esentzia batean sinesten duena; eta pentsamendu hori erromantikoa, irrazionalista eta arrazista ere badela, Herder edo Humboldt bezalako alemaniar pentsalarien tradiziokoa. Volksgeist liburuan gai horiek denak errepasatu ditu zegamarrak, herri gogo kontzeptua argitzeko; erromantizismotik zer duen eta zer ez; irrazionalismoak herri gogoarekin zerikusirik ez duela esateko; gainera, arrazismoaren historia filosofikoa eta politikoa ere berrikusten du, Frantzian hasi eta Alemanian jarraitzeko, volksgeist kontzeptuak Frantzian hasi eta Alemanian jarraipena izan zuen bezalaxe.

«Liburu honek burla askoren erantzuna izan nahi luke»

Zer da, berez, volksgeist kontzeptua?

Berez ez da herri baten mentalitatea, izaera, edo nortasuna baino; herri baten kultura, jakinduria. Izatez, kasik gauza bera da folklorea. Herri bakoitzak bere jakinduria edo folklorearen arabera sortzen ditu kantak, dantzak, jendarteko harremanak, legeak, artea, mitologia... dena. Volksgeist hitza Hegel-ek (1770-1831) asmatua da, esan ohi denez, gazterik irakurritako Montesquieu alemanera itzuli beharrak horrela konposarazita. Gogoratu behar da, Herder, Hegel, Savigny, denak Montesquieuren irakurle artatsuak izan direla eta euren “herri gogoaren edo izpirituaren” kontzeptuetan haren testuetatik abiatu direla.

Zer uzten du agerian zure liburu honek?

Europar pentsamenduaren historia bat bakarra dela, “teologo” politikoek gustuko duten dikotomismo manikeo hori gabe –alegia, Ilustrazioa versus Erromantizismoa, kosmopolitismoa versus etnizismoa, Frantzia versus Alemania–. Lanean, berrehunen bat urteko garapen historikoa dago –ilustrazioa, erromantizismoa, filosofia idealista, positibismoa, bitalismoa, nazismoa–; eta bestetik, herri gogoa eta nazioa; herri gogoa monarkia absolutoaren kritiko gisa; herri gogoa eta Estatu nazionala; herri gogoa eta arraza... Eta baita ere Erromantizismoa eta literatura nordikoa... Horrelako gai nagusien inguruan Europako pentsamendu modernoaren historia errepasatzen da XVIII. mendetik XX. mendera arte

Polemika asmoz idatzitako liburua al da hau?

Ez, liburua ez da polemikoa. Baina polemika eta burla askoren erantzuna izan nahi luke.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza