Astekaria

 Ezpalak 

Abarrak

Meza bat Guggenheimen alde

Guggenheim Bilbao museoaren 10. urteurrena. Hamar urte eta gero hau. Kyrie eleison moduan izan genuen joan den astean Guggenheim museoaren urtebetetzearen berri. Hedabideen sermoiaren ostean Kristoren gorputza eskukadaka; antzeko kantu gregorianoa norabide askotatik: hasieran fedebakoek nolako kritikak egin zituzten eta zenbat itzuli diren artaldera; Gehryren beso titanikoak nola altxa zuen Bilbo, itsaso gorriak eta bi pasatzen ari zenean. Gaiaren abarretan interesa duenak begira dezala joan den asteko bandoetan.

Gorka Bereziartua

Gorka Bereziartua


2108. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0

Arteaz ez zen (asko) hitz egin. Urteurrena ospatzeko galan hango eta hemengo prokuradoreak izan zirela jakin genuen; Museoaren web gunean irakurri genuenez, oraingo euskal artisten erakusketa paratu dute “Hamargarren Urteurrena (sic) betetzeko dagoenean” –”dagoelako” ez zen hobe izango?–. Pulpitutik etorritakoak entzunda burutazioa mandeuliaren modura pasa da: konbentzitu egin nahi gaituztela. Oraindik, eta hamar urte dira, konbentzitu egin nahi gaituztela hartu zuten erabakiaren zuzentasunaz.

Ahaztu egin dute nonbait, Mendiko Sermoia behin esatearekin nahikoa dela bakoitzak gehien komeni zaiona uler dezan. Ez dela sinistran sinesten dutenak seduzitzen ibili beharrik honezkero. Are gutxiago aurreko asteetan Erromak, galtzak lanez betez, erdia baino gehiago Getsemanitik arrastaka preso eraman dituenean. Esan nahi dut, gauzak dauden moduan, inor ez dela Noe-ren arkarekin sartzen hasiko. Eta Judas ere azaldu da, saltsa guztietako perrexil. “Zorionak zuri” birika betez abestu, zilarrezko hogeita hamar txanponen kontua gorde eta museoak sei kilometro autobideren prezioa duela atera du mahai gainera. Merke atera zaio Jerusalemi tenplu berria.

Merke edo garesti, artearen berezko balioak ez du axola hemen. Gurutziltzatutako gizona, bi mila urte iraun duen artelana, ez zen txanponez ordaindu: mailu bat eta hiru iltze nahiko izan ziren, borrero kreatibo samar bat eta jendearen interesa. Interesik ez dago orain, ez artea sentitzeko, ez sustatzeko, ezta, sikiera, artistei jaten emateko ere. Hori ez dagoen bitartean, alferrik ariko zaizkigu sindikoak hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin zituela kontatzen. Eta orain zoazte Jaunaren bakean, museora ere bai, nahi baduzue.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia