Jose Elorrieta: «Euskal instituzioak lobbyen menpe daude»

  • Loiu (Bizkaia), 1951. Baserritarra. Asuako giro langilean hazia. Ezkerreko ideologia bere egin zuen frankismoan. 31 urte daramatza ELAn, aurki hogei beteko ditu idazkari nagusi bezala. Aro bat markatu du ELAn zein euskal sindikalgintzan: “Gu hasi ginenean baino hobeto prestatuta dago ELA orain, ekarpena kolektiboa da, ez pertsona batena. Alde horretatik baikorra naiz”.
Jose Elorrieta
Dani Blanco
ELAk Gernikan duela hamar urte burutu zuen ekitalditik, hurrengo berba hauek gogorarazi dizkigu bereziki Jose Elorrietak: “Egoera oso-oso gogorra zen, baina itxaropentsua”. Bere berbetan ETAren eta Estatutuaren denbora amaitua zen ordurako. Egoera hark –abertzaleen indar metaketa helburu– ziklo berria zabaldu zuen, Lizarra-Garaziko Akordioarekin eta honen porrotarekin amaitu zena: “Orain hamar urte ginen puntu berean gaude gaur egun. Estatutuak ez dauka bide egiterik, eta ETAk zer esanik ez” diosku ELAko idazkari nagusiak.

Bilboko Arriaga antzokian burutu duzuen ekitaldiaren ostean, zer geratu zaizu buruan bereziki?


Langileok, ELAkook behintzat, euskal administrazioarekin –Jaurlaritzarekin bereziki– dugun etsipena eta desengainua. Ez da desadostasun puntuala gainera. Ez. Gure esperientziaren arabera, herritarren eta administrazioaren arteko apurketa sakona da. Une batez Gernikako Estatutua klabe politikoan aurrera eramateko lidergoa izan zen, tentsio politiko bat, errebindikatzeko gogoa. Garaikoetxearen garaian oso garbi ikusi zen hori. Estatutua behin eta berriro politikoki bete behar zela aldarrikatzen zen. Ardanza lehendakari izan zenean bukatu zen fase hori.

Egun, aldiz, nola ikusten duzu Eusko Jaurlaritza?


Jaurlaritzak Estatutua bete behar dela dio, baina politikoki ez du hori lantzen. Praktikan kudeaketa hutsera mugatu du politika, interes konkretuak eta propioak zaintzera; interes ekonomikoak eta enpresa interesak. Euskal instituzioak lobbyen menpe daude. Estatutua erreferentzia bezala darabilte beren diskurtsoan, besterik ez. Zoritxarrez, gobernuan dauden indar politikoak ez daude tentsio politiko bat mantentzeko prest, Estatutua betetzeko.


Beraz, zertarako hitz egin Estatutuaz?


Guk Estatutua “erabili” dugu egoera politikoa aztertzeko eta alderdiek, Jaurlaritzan daudenek barne, ez dutela berau betetzeko ezer egiten frogatzeko. Gure ustez, nazionalismo instituzionala statu quoan instalatu da. EAJ eta EA dira alderdi nagusiak noski, baina ez da alderdi arazo soila. Sindikalismoaren ikuspuntu kritiko batetik salagarria da instituzioetan instalatzeko ezarri duten modua, boterea kudeatzeko modua. Gipuzkoako Foru Aldundiko cesantias (kargua utzi ondorengo soldata) da adibide bat. Hori da nazionalismo instituzionalista. Kargudun hauek ez dute herri honen etorkizunaz kezkarik, ez inolako konpromisorik.

Nazionalismo instituzional hori boterean instalatua dela diozu.
Dudarik gabe. Hor daudenen interesa karguan irautea da, errepikatzea. Hori oso gogorra da.


Ba al dago egoerari buelta ematea?


Buelta emateko, hasteko egoera onartu behar da, hori dagoela aitortu, egoeraren kontzientzia sortu. Gure zeregina hori esatea da. Batzuetan oker egongo gara, ez dugu azterketetan bete-betean asmatuko beti, ez dena argituko, baina ikusten duguna esaten dugu, hau da, nazionalismo instituzionalaren zeregina oso pobrea dela.

Lan arloko heziketa “negozio esparru” bezala jo duzue, baita eredua baztertu beharra ere. Jaurlaritza kritikatu duzue LABekin batera.


Adibide bat da. Enpleguan ditugun eskumenak argi eta garbi daude Estatutuan, oso zehatz markatuta dago konpetentzia hori. Beharrezko baldintzetan eman ezean ez dugula eredua onartuko esan dugu. Jaurlaritzak, berriz, erabaki du diru hori hartzea, Madrilek inposatzen dituen baldintzetan koma bat aldatu gabe. Atzean joko politikoa dago, ez dago beste azalpenik. Enpresarien interesa ere atzean dago. Lotsa eta zentzu politikoa galdu da. Kafe bat hartzen ari zara kontseilariorde batekin eta esaten dizu: “Money is money”. Baina, baina, nondik irten da bere gestioaz horrelako karikatura egiten duen pertsonaia hau?

Miguel Lazpiur Confebaskeko presidenteak “ELAren maximalismoak elkarrizketa baldintzatu du” esan digu berriki.


Maximalistak enpresariak dira, ez bakarrik Euskal Herrian, mundu guztian. Euren lehentasun bakarra dirua irabaztea da eta bost axola zaie zein baldintzatan. Maximalistak neoliberalistak dira eta enpresariak halaxe izan ere. Botere politikoek eta gobernuek maximalismo horri mugak ezarri beharko lizkiokete, baina zoritxarrez ez da horrela. Enpresariek muturrera eraman dute gizartea, desorekatu, hemen eta planeta osoan. Jaurlaritzako kide batek ere gu maximalistak eta prepotenteak garela esan berri du. Hara, prepotentea izateko boterea izan behar duzu, eta boterea eurek daukate. Sarkasmo eta zinismo handia behar da ELA maximalista dela esateko.

Estatutuaren bidez lortu zitezkeen eskakizun sozialak ez dira bete. Zertan gaude politikoki?


Egun ez dago tentsio politikorik Gernikako Estatutua betetzeko, eta Ibarretxek herri kontsulta planteatu du. Inkoherentzia izugarria dago eguneroko praktikarekin.

Lizarra-Garaziko Akordioa ez zen aurrera joan. Aldi honetan: PSOE-EAJ-Batasuna eta Gobernua-ETAren arteko eskema landu da transbertsalitatearen bitartez. Nola baloratzen duzu kontzeptu hau?


Transbertsalitatea planteamendu neoestatutista baten ikuspegitik logikoa eta normala da. Estatutuak egitura bat dauka, prozedura bat, mugak ere, noski. Kontua da, logika politikoa aldatu gabe betiere, prozedura hori landuz eta mantenduz ea dagoen Estatutu berri bat egitea. Ikuspegi horretatik transbertsalitatea defendatzea eta lantzea normala da. Kontua bada, esaterako, PSOEren jarrera aldatzea Estatutua aldatzeko, transbertsalitateak balio dezake. Posible al da presentzia bat Europan? PSOEk onar lezake...


...Baina transbertsalitateak beste marko politiko batera eraman gaitzake?


Bada, besteekiko errespetu guztiarekin, ez. Ez dugu sinesten horretan. Ni Estatutu zale banintz transbertsalitatea defendatuko nuke eta PSOErekin harremanak landuko nituzke.

Harritu egin al zaitu bake eta normalizazio prozesua iritsi den unera iritsi izanak?


Ez. ETA, Batasuna eta ezker abertzalea kontraesanetan ari dira. Arriagan esan dugu: gu zain gaude. Ez da desafioa. Gure esperantza da ezker abertzaleak autokritika politikoa egitea Anoetako Proposamenaz. Proposamena –hainbat abertzale alde batera utzita– PSOErekin akordio batera iristeko egin zen. Guk ez dugu bide hori egingarria ikusten. Eta honetan ere “ELA maximalista eta prepotentea da, espaziorik gabe gelditu da, protagonismoa galdu du” entzun dugu. Barkatu baina eztabaida ez da hori, eztabaida da ea espainolekin akordio bat lortzen dugun marko juridiko-politikoa aldatzeko.

ELAk Lizarra-Garazin “atzerapausoa” eman izana kritikatu zuen ezker abertzaleak.


Ezker abertzaleak konstante bat dauka: eurek esaten dutena ez bada egiten, ez du ezer balio. Eurek zer egin dute? Guk Nafarroan ordezkaritzaren %25 inguru lortu dugu, Nafarroan bada zerbait, e! Tuteran, ordezkarien %20 dugu. Asko egin dugu eta asko egiteko dugu, sindikatu bezala ari naiz. Orduan...

“ELAk hamabost urte behar izan zituen Estatutua hiltzat jotzeko. Guk hasieran hiltzat jo genuen” dio LABek.


Arrazoia daukate, denok dauzkagu kontraesanak. Eurek berriz borroka armatuaren arazoa ez dute ebatzi oraindik. Gu motelak gara... Sindikalismo errebindikatiboa egiteko ere denbora behar izan dugu, baina gauza batzuez autokritika sakona egin dugu, beste batzuek oraindik ez dute egin.

LAB-ELAren elkarlana izango al da berriz ere?


Abertzaleen arazoa, nagusia, Madril da. Madrilen menpe gaude. Madrilgo jarrera antidemokratikoa izugarria da, baina abertzaleok daukagun desafio nagusiena elkarrekin lan egitea da. Pluraltasun politiko eta sozial zabala dago herri honetan, kultura eta historia politiko ezberdinak daude. Lotura ezberdinak ditugu eta interes ezberdinak defendatzen ditugu LABk, ELAk zein enpresariek. Enpresari abertzaleak ere badaude eta interes objektibo desberdinak ditugu. Besteak kritikatzea erraza da, besteak errespetatzen ikasi behar dugu. LAB-ELAren arteko harremana berritzeko eta Lizarra-Garaziko Akordiora bueltatzeko gogor lan egin behar da. Hasteko gutxieneko zein puntutan egin dezakegun lan zehaztu behar dugu. Elkarrizketaren kultura ez dugu aski landu oraindik eta hori lortu arte ez dugu aukerarik Espainiaren aurrean. Zoritxarrez ez gaude une horretan. ETAren ekintzak, besteak beste, eztabaida eta erreflexioa desorekatzen ditu eta konbergentzia galarazten.


Bien bitartean Ibarretxeren herri kontsulta hor dugu. Ez duzu konfiantza handirik, antza.


Ez. Ibarretxen ibilbide orria azaldu aurretik esan genuen gainera. Galdera da: “Ibarretxek nor du atzean?”. Berak esango du, politikoki korrekto: “Hiru alderdi”. Ez da egia. Zoritxarrez. Eta egia balitz, ez litzateke nahikoa. Madrili desafioa egiteko hori baino gehiago behar da, adostasun handiagoa, gizartean ideia landuagoa. Akordioa alderdi guztien artean izanda ere, ez da nahikoa, baina horraino ere ez da heltzen. Ibarretxek ardura politikoa du Gobernuan, baina ez du gutxienekoa defendatu, eta orain herri kontsulta defendatzen du. Hitzez bai, baina ekintzez ez. Ibarretxek hau eta beste dio, baita Madrilgo Gobernuak erantzun ere. Aztertu zer dagoen atzean: nork onartzen ditu Espainiako Kongresuko aurrekontuak? Nork Legebiltzarrekoak? Orain hilabete onartu da azken Kupoa. Zein baldintzetan? Jaurlaritzaren proposamena zarata da. Zarata bakarrik? Ez bakarrik. Baina batez ere zarata.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude