2007-10-28 -- 2108.zenb
Nire esperientziatik abiatuta, Euskara Zerbitzuetatik egin beharreko lanak eta plangintzak antolatzeko kontuan hartu beharreko alderdi batzuk azpimarratu nahi nituzke artikulu honetan.
Lehenik eta behin, adierazi nahi dut Gipuzkoatik ari naizela artikulu hau idazten, eta zehazki, Hernanitik. Hernani 18.000 biztanle inguruko herria da, euskaldunak %58 inguru gara eta erdaldun elebakarrak %20 inguru. Euskararen erabilera %30en bueltan dabil. Hernaniko Udalean Euskara Zerbitzua orain dela 17 urte osatu zen. Osatu, diot, lehenagotik ari zelako, jadanik, itzultzaile bat lanean.
1990ean osatu zen Euskara Zerbitzua hiru langilerekin, itzultzailea, euskara teknikaria eta administraria. Horrela iraun du 2000. urte arte eta une honetan 5 langile gaude. Azken biak Udal barneko erabilera planetara zuzendutako irakasleak dira, Udal euskaltegiko irakasleak.
Udaleko Euskara Zerbitzua 1etik 5 langile izatera pasa den neurrian, Udaletik kanpoko normalizazio agenteak ere asko ugaritu dira.
Bi euskaltegi ditugu herrian, 6 ikastetxe D eredukoak, Euskara elkartea, Euskal Herrian Euskaraz elkartea, Hernaniko Kronika egunkaria asteko 7 egunetan argitaratzen dena euskaraz, irrati bat, bertso eskola indartsua...
Bestalde, eta berariaz euskara normalizatzeko elkarteak ez diren arren, talde dezente dira herrian normaltasunez euskaraz ere funtzionatzen dutenak. Eta kontuan izanda Hernanin gizarte mugimenduek presentzia handia dutela, hauen lana ere oso kontuan hartzekoa da.
Orobat, asko ugaritu dira Euskal Herrian euskara normalizatzeko egitasmoak eta planak bizibide dituzten zerbitzu-enpresak. Sektore eta esparru desberdinetarako planak eta proiektuak eskaintzen eta bideratzen dituzte, hala nola, lan mundua, merkataritza, irakaskuntza, administrazioa, eta abar. Eta hauek etengabe ari zaizkigu beren eskaintzak egiten.
Normalizazioaren jokalekua, beraz, asko aldatu da azken urteotan. Agente asko, esparru batzuk oso jorratuta, ibilbide luzea eginda, material asko sortuta, ideia asko agortuta...
Eta jokaleku horretan, Udaleko Euskara Zerbitzua normalizaziorako beste agente bat da, bat gehiago. Eta hortxe dago lehenengo zalantza: non dago gure lekua? Zein da gure eginbeharra? Eta bigarrena: nola uztartzen dira plan eta egitasmo hauek denak?
Udaletako euskara zerbitzu askok bi lan esparru bereizi izan dituzte: udal barrua eta udalerria, eta bietan aritu izan dira eta ari dira lanean. Udal barruan, euskaraz funtzionatu ahal izateko planak prestatzen. Udalerrian, sektore desberdinetan eragiten –familia, ikastetxeak, merkataritza, lan mundua, aisialdia...– euskara gero eta gehiago erabil dadin.
Aurrerantzean ere bi ildoetan lan egin beharko da, baina lehentasun handienekoa administrazioa bera dela uste dut, udal barruan eragitea.
Asko aurreratu den arren, nire inguruan geldialdi bat sumatzen dut udal barruko erabilera planei dagokienean eta ataka horretatik atera beharra dago. Nik hemendik ikusten ditut aurrerabideak.
1. Elebitasunetik aldendu. Herritarra udalera datorrenean, gehienetan aurkituko du euskaraz atenditzeko gauza den langilea. Baina udaletan lana ez dugu euskaraz egiten. Gehien-gehiena gaztelaniaz sortzen dugu eta gero idatzi batzuk, jasotzailearen edota beste hainbat baldintzaren arabera, itzuli egiten ditugu. Batzuetan langileak berak itzultzen du eta, gehienetan, itzultzaileak. Eta honi “ele bietan” funtzioantzea deitzen diogu.
Elebitasunaren kontzeptua muinetaraino sartua dago eta funtzionario batek baino gehiagok uste du ezin zaiola euskara hutsean ezer inori bidali.
Arlo honetan orain 15 urteko egoera beretsuan gaude, ez dugu aurrera egin. Egoera honetatik atera beharra daukagu aurrera egingo badugu eta, nire ustez, euskara hutsezko jardunari bide zabalagoa egin beharra dago, bai ahozkoan eta bai idatzizkoan. Gure inguruan jende asko dago ulermen maila bat baduena, eta solaskide euskaldunari ulertzeko moduan dagoena. Euskarazko jarduna EZ OZTOPATZEAREN diskurtsoa erabili beharra dago. Herritarra ikastaro batean apuntatu dela eta gai dela euskaraz ulertzeko? Ikastaroa euskaraz eman daiteke, beraz. Ordezkari politikoa gai da ulertzeko? Udaleko batzordea egin daiteke, beraz, euskaraz, nahiz eta berak gaztelaniaz hartu parte.
Eta idatzizko jardunean, berdin. Euskaraz sortu duela idatzia udaleko teknikariak? Ahozko adierazpena eman diezaiola ulertzen ez duen langile edo politikoari... Komunikazio-bide bakarra ez da hitzez hitzezko itzulpena, beste bide batzuk ere badaude eta askoz merkeagoak dira.
Horretarako, noski, gaiaz asko hitz egin behar da, patxadaz eta naturaltasunez, eta akordioetara iritsi behar da, herritarrekin, langileekin eta ordezkari politikoekin.
2. Gaztelania hutsezkoari beldurra galdu. Euskara hutsezko bideak aurrera egiteak ekar dezake gaztelania hutsezkoak ere halako legitimizazio bat hartzea. Nire ustean, beti ere planifikazio baten barruan noski, onargarria litzateke. Alde batetik, orain ere gaztelania hutsean izugarri egiten delako (aitortu gabe bada ere), eta, bestetik, zenbait dokumentu itzultzea alferrikako lana delako, irudi kontuagatik soilik egiten delako eta ez inork irakurtzeko.
3. Beste administrazioekin euskara hutsezko harremanak sortu. Euskal Herriko administrazioekin, udal barnean bezalaxe, euskara hutsezko harremanak landu behar dira. Une honetan Eusko Jaurlaritzatik iristen diren idatziak, hizkuntzazko gaiekin lotutakoak barne, edo gaztelaniaz edo elebietan, daude. Ez da zaila lau urtetik behin alkateen errolda bat egitea euskalduna nor den eta nor ez jakiteko... Eta gauza bera Udaletik bidaltzen diren idatziekin ere.
4. Zuzentasunaren mamua arindu. Badirudi euskaraz idaztea inoiz ikasi ezin den zerbait dela. Euskaraz sortzen duten langileek, normalean, zuzentzaileari bidaltzen diote idatzia. Euskaraz lan egin ahal izateko, langileak sinetsi egin behar du gai dela, inork zuzendu gabe, euskaraz ondo idazteko. Eskura jarri behar zaizkio langileari tresnak eta erraztasunak eta, zergatik ez, akats txikiak onartu ere bai.
5. Departamentuen autonomia bultzatu. Euskara Zerbitzua izaten da, askotan, udal osoko jardunaren hizkuntza irizpideak betetzen diren ala ez kontrolatzen duena. Eta hori lan karga izugarria izateaz gain, ez da eraginkorra. Irizpideek, hasteko, errealak eta betetzeko modukoak izan behar dute eta departamentu bakoitzak izan behar du horien jarraipenerako arduradun bat, zuzeneko jarraipena egingo diona. Irizpide horiek, era berean, biziak eta aldagarriak izatea komeni da eta ez ordenantza eta arautegi itxiak, egoerak asko eta azkar aldatzen baitira gaur egun eta behar beriak sortzen.
Euskara Zerbitzuen bigarren lan ildoari dagokionez, hau da, udalerriko sektore desberdinetan eragiteari dagokionez, gogoetarako puntu batzuk aipatzera mugatuko naiz.
- Normalizazio agente asko dago gure herrian eta garrantzitsua da agente horiek AUTONOMIAZ funtzionatzea nork bere esparruan. Talde hauen iniziatibak dira inportanteak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatu eta lagundu egin behar ditu, ez hainbeste zuzendu eta kontrolatu. Norberaren autonomian oinarrituta, elkarlan desberdinak eta anitzak planteatu ahal izango dira zenbait esparrutan, Udalaren iniziatibaz batzuetan eta udaletik kanpoko agenteen iniziatibaz beste batzuetan. Koordinazio gune arinak bilatu behar dira horretarako.
- Produktuak bezain inportanteak prozesuak, bideak, lanketa moduak dira. Ahalik eta hurbiltasunik gehienarekin egin lan herrian: agenteekin, sektoreko inplikatuekin… Beraiekin adostu, ebaluatu, gogoeta egin…
- Normalizazioaren esparruan zerbitzu enpresa asko sortu da. Enpresa hauek beren eskaintzak egiten dituzte. Eskaintzak, intesgarri joz gero, aztertu eta egokitu egin behar dira norberaren errealitatera, eta hurbileko jarraipena egin Udaletik.
- Plan estrategikoak baino, gestio estrategikoak dira inportanteak. Egitasmoak etengabe aztertu, ebaluatu eta egokitu behar dira. Ez zaio inertziari utzi behar gaina hartzen. Asko kuestionatu behar da zertan ari garen. Gogoetarako tartea hartzea oso inportantea da.
- Neurketa eta ebaluazioek neurrikoak izan behar dute, horiek bitarteko dira eta ez helburu.
- Aurrekontuak, dirua... inportanteak dira, baina hori bezain inportantea da zentzuz gastatzea.
Esandakoak esanda, bi ideia nagusi hauek azpimarratuko nituzke nire ikuspuntua laburbiltzeko:
1. Udaletako Euskara Zerbitzuen lehentasunezko egitasmoa Udala bera euskalduntzea da.
2. Euskara Zerbitzua bitarteko eta baliabide bereziak dituen normalizazio agente bat da eta neurri horretan ardura eta erantzukizun batzuk ditu, baina ez du zentraltasun ikuspegiarekin jokatu behar.
* Malores Etxeberria, Hernaniko Udaleko euskara teknikaria.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa