2007-10-28 -- 2108.zenb
Larrunek Udaletako Euskara Zerbitzuen egoeraren berri ematea interesgarria ikusi du, azken hamarkada hauetan izan diren aldaketek kezka eta egiteko berrien aurrean jarri dituztelakoan.
Nafarroan, ordea, ez da horren zuzena esatea Euskara Zerbitzuak sortu zirenetik hona gauzak asko aldatu direla. Gizartea bai, aldatu da (aisialdiko ohitura berriak, etorkinen ehuneko handiagoa, hiztun euskaldunen tipologia nagusiaren aldaketa...), baina, tamalez, Udaletako Euskara Zerbitzuetan ez da baliabide nahikorik izan gizarteko aldaketekin batera lan teorikoa eta praktikoa garatzeko, hau da, lanak eta egitasmoak behar berrien arabera egokitzeko. Izan ere, Nafarroako adierazle soziolinguistiko gehienek behin eta berriro errepikatzen dutenaren ildotik, udaletako Euskara Zerbitzuetan ere, garapena baino gehiago dagoenari eusteko ahalegina izan da nagusi. Horrek ez du esan nahi ez denik lanik egin, eusteak, azken finean, indarra eta lana eskatzen baititu. Kontua da garapen handirik ez dela gertatu ez baliabideetan (azken urte hauetan sortutako zerbitzu berriak salbuespen) ez lanaren emaitzetan ere. Eta, hala ere, ez dut Euskara Zerbitzuen lanaren balorazio negatiborik egiten.
Esandakoa hobeki ulertzeko, Nafarroako udaletako Euskara Zerbitzuek urte hauetan izandako oztopo nagusiak eta oztopo horiek gainditzeko jorratutako bidea azaldu behar dira. Oztopo nagusiak, nire ustez, bi izan dira: batetik, edozein hizkuntza plangintza garatu behar denean, alde teknikoak behar duen hizkuntza politika koherente eta egokirik ez da izan Nafarroan. Kontu jakina da askotan euskararen erabilpena garatzearen kontrako neurriak hartu dituztela hizkuntza politikaz arduratu direnek.
Baina arazoa ez dira izan hedabideetan agertutako noizbehinkako ekaitzak bakarrik, arazoa izan da euskararen normalizazioaren kontrako etengabeko zirimiria izan dugula urte hauetan, den-dena busti duena, eta oso zaila egin duena, Nafarroako zona euskaldunenetik kanpo, edozein ekimen burutzea, askotan alde teknikoan herritarrei planteatzen zitzaiena behin eta berriro ukatzen baitzuen alde politikoak. Hots, sinesgarritasun falta handia izan dugu gizarteari mezuak zabaltzerakoan. Gure lanbide bera ere ez da behar bezala finkatu administrazioko egituretan. Udaletatik kanpo, urteak dira Nafarroako Gobernuan normalizazio lanak bideratzeko ardura duten lanpostuetan inolako prestakuntza soziolinguistikorik ez duten irakasleak jartzen dituztela.
Udaletako Euskara Zerbitzuetan bakarrik lortu da prestakuntza berezia baloratzea eta proba espezifikoak egitea lan hauetan aritu behar duten pertsonei.
Bigarren oztopo nagusia baliabide falta izan da. Hainbat lekutan oso diru partida txikiak kudeatzen dituzte Euskara Zerbitzuek. Euskararen erabilera sustatzeari diru gutxi emateaz gain, jakin behar da Nafarroako udal gehienak txikiak direla, eta baliabide falta arazo estruktural orokorra dela. Hemen baliabideak Nafarroako Gobernuak dauzka.
Oztopoak oztopo, sortzetik bertatik Nafarroako Euskara Zerbitzuek jakin zuten aipatutako gaixotasun estrukturalei aurre egiteko txertoa asmatzen: elkarlana giltzarria izan da. Hasieratik egitasmo gehienak elkarrekin landu ditugu eta hori, baliabide ekonomikoak aurrezteaz gain, aipatutako hizkuntza politika egokiaren falta estaltzeko lagungarria izan da. Nolabait esateko, udalen batean egoera zaila izan denean, errazagoa izan da “gainerakoek” egiten dutenarekin jarraitzea; hau da, gehiago kostatu zaie ordura arte egindakoa bazterrean uztea, “gainerakoek” egiten badute.
Baina Larrunek aurrera begira jartzea eskatu digu. Barkatuko didazue orain arte iraganari buruz aritu izana, baina uste dut azaldutakoa azaldu eta gero hobeki ulertuko dela etorkizunean, nire ustez, Nafarroako Euskara Zerbitzuek daukaten lana: aipatutako oztopo larriak gainditzeko elkarlanean sakontzea, hain zuzen (haien artean eta gainerako eragileekin: euskara elkarteak, enpresak, ikastetxeak...); eta elkarlan horri etekinik handiena ateratzeko prestakuntzan sakontzea. Izan ere, baliabideak ahalik eta hobekien erabiltzeko, bide luzea daukagu oraindik egoeraren diagnostikoa eta egitasmoen ebaluazioa behar bezala egitera heltzeko.
Elkarlanak eman dezakeen emaitzaren adibidea daukagu Nafarroako Euskara Elkarteen Topaguneak sustatutako Mintzakide programa. Bertan Iruñerriko euskara elkarteek, euskaltegiek, euskarazko komunikabideek eta udalek parte hartzen dute (enpresa batzuen laguntza ere badu Mintzakidek). Sinestuta nago lortutako arrakastaren erantzule nagusia eragile guztiak mahai berean esertzea izan dela. Tamalez ez da askotan errepikatzen den adibidea.
Elkarlanaren eskutik, lanean ari garen guztion prestakuntza hobetzeak etorri behar du. Hasieran aipatu dut gizartea aldatzen ari dela eta Euskara Zerbitzuen jarduera ez dela aldaketa horiei egokitu. Joera orokor hori aldatu behar dugu. Batetik, aldatu nahi dugun errealitatea ongi interpretatzeko, gure lanean tresna metodologiko egokiak eta malguak erabiltzen ikasi behar dugu.
Bestetik, maila teoriko eta aplikatuan egiten ari diren ekarpenak ezagutu behar ditugu. Izan ere, hori izanen da modu bakarra kateatuta gaituzten molde zaharreko zeregin eta lanak gainditzeko (itzulpenak, betiko kanpainen errepikapena…).
Beraz, Nafarroan aspertzeraino agertzen diren adierazle soziolinguistikoak gainditzeko, hau da, eustetik garapenera pasatzeko, lan handia geratzen zaigu: elkarrekin egindako lan sortzailea eta berritzailea, elkarlana udalen artean eta Nafarroako gainerako eragileekin, gainerako euskaldunekin; ezin baikara egon Gobernuak baliabideak noiz emanen zain, Gobernuak hizkuntza politika noiz aldatuko zain.
* Rosa Ramos Alfaro, Berriozarko Euskara Zerbitzuko teknikaria.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa