Astekaria

 Liburuak 

Karmele Jaioren bigarren ipuin bilduma

Irudia

Pilar Iparragirre


2107. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
'Zu bezain ahul'

Karmele Jaio ::Zu bezain ahul

Elkar

orrialdeak ::132

prezioa ::12.50€

Negozio munduan murgildurik daraman bizimoduagatik emazteak berarekiko zuen arreta galtzen ari dela ohartzen den gizonaren mikatza; hamasei urte preso egondako gizonak eta beste hainbeste herritik kanpo pasatako emakumeak topo egindakoan sortutako durduza; bizitzaren gogorra jasan duen andre bat eta eskolan baztertua izan zen neska batek elkarrekin topo egitean sentitzen dutena; hamasei urteko neskato baten eta bere aitaren artean dagoen ekaitza; etxean jasotako tratu txarren ondorioak; ama batek bere seme nerabean sumatzen duen hoztasuna; gaueko printzesak drogaren menpe egoteraino daraman gainbehera; haurdun geratzeko esperantzak galtzen dituen emakumearen barrua; askatasuna kentzen dion seme txikiak ama gazte bati emandako irakaspena; senar-emazteen ohikotasunetik asperdurara bitarteko muga lausoa; edo jaun eta jabe dela sentitzetik bere burua heriotzaren atzaparretan ikustera dagoen jauzia... Horrelakoxeak dira Karmele Jaiok Zu bezain ahul izenburuko ipuin bilduman azaltzen dituen gaiak. Pertsonaien ahuluneetan arakatzen du egileak bereziki, denok garelako ahul, eta bere ustez, zaurietatik sortzen direlako ipuinak.

«Pertsonaia zoriontsuek ez daukate istoriorik»

Ezberdintasun handia al dago Hamabost zauri-ko ipuinetatik Zu bezain ahul-ekoetara?

Ildo bertsutik doazela esan daiteke, baina agian helduagoak dira oraingoak. Izan ere, testuak biluzten saiatu naiz, bisuteriazko hitzak edo apaingarriak baino ez direnak alde batera uzten eta ipuinean funtzio bat betetzen dutenak baino ez mantentzen. Gaietan, berriz agertzen dira inkomunikazioa eta barne hizketak, baina oraingoetan pertsonen hauskortasuna edo biguntasuna da nabarmen.

Urtetan ikusi gabe egondakoek berriz elkar ikustean sor daitekeen asalduran erreparatu duzu.

Esaten da ibaia beti dela bera, baina eramaten duen ura beti ezberdina. Gaur ez gara atzo izan ginen pertsona bera. Hau erakusteko, joko handia ematen dute denbora askoan ikusi gabeko pertsonaien topo egiteek. Oso agerian geratzen da egoera horietan gauzak etengabe aldatzen direla. Askotan, gainera, horrelako enkontruak gertatu arte norbera ez da konturatzen hainbeste aldatu denik. Ispilu batean bezala ikusten du bere burua pertsonaiak aspaldiko laguna ikusitakoan. Ipuin batean esaten den bezala, bestearen zimurretan ikusten ditu norberak bereak. Eta ez naiz zimur fisikoez bakarrik ari.

Nolanahi ere, istorio gazi-gozo samarrak dira hauek.

Mina, beldurra, ezinegona sortzen duten egoeretan baino ez ditut aurkitzen nik istorioak. Nire ustez, pertsonaia zoriontsuek ez daukate istoriorik. Minik edo egonezinik ez badago, ez dut ikusten zer kontatu. Baina egoera hauek kontatzean ez dut tonu tragikorik erabili nahi izan, eta agian horregatik geratzen da zapore gazi-gozo hori.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza