2007-10-21 -- 2107.zenb
Pausa kontzeptuaren jiran hegaldatzen da Arrebato. (Kontuz, segidan filmaren argumentua dator). Makalaldian dabil Jose Sirgado zinema zuzendaria, otso-gizon filmak baino ez zaizkio bururatzen. Heroinari fidel, bikote harremana zaila bihurtzen da hirugarren kidea sartzen denean. Halako batean, Pedroren fardel bat jasoko du etxean. Aspaldiko neskalagun baten anaia da Pedro, zinemarekin obsesionatua bizi dena, zehazki, pausa kontzeptuarekin. Erabateko lilura berreskuratzea da bere helburu bakarra.
Gainezkaldia. Txikitan jostailuei, kromoei begira sentitzen zuen hordialdia sentitu nahi du berriz eta sentiarazi, zinemaren bidez.
“Akilesen orpoa, ihes puntua, gure aukera bakarra”. Hala definitzen du Pedrok pausa. Jose Sirgadori bidalitako paketean kasete bat dago, eta film bobina bat. Kasetean hitzez, filmean irudiz, Pedrok aurkikuntza izugarria egin duela azalduko dio. Kamerarekin bere burua filmatu zuela lo zegoen bitartean, eta filma positibatzean fotograma gorri bat zegola ohartu zela. Kamerak irudi bat hartzeari uko egin izan balio bezala. Pedrok sentitzen zuen liluraren konplize balitz bezala. Film gehiago egin ahala, fotograma gorriak ugarituz joango dira. Pedrok susmatzen du, film bobina osoa gorriz betetzen denean, desagertu egingo dela. Hala esango dio Jose Sirgadori.
Jose Pedroren etxera ailegatzen denerako, berandu izango da. Kameraren begiak irentsia du jada. Jose Sirgado –zinemaren gaitzak kutsatua bera ere– kontziente da hautatutako bideak dakarkion tragediaz. Mantaz bildu, eta kamerari begira, patuari itxarongo dio.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa