Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2007-10-21 -- 2107.zenb

Kakaren autogestioa

Xabier Mendiguren Elizegi

argazkia

Dani Blanco

Edorta Jimenezi, atera berri duen liburu batean (Jainkorik bai ala ez, Joxe Arregirekin batean erlijioaz egindako solasaldi-eztabaida), gogoeta interesgarri bat irakurri diot, inmigrazioaren harira, nola kanpotarrak geure zaharren zaintzarako erabiltzen ditugun, geuk garbitu nahi ez dugun kaka garbitzeko, azkar eta zakar esanda.

Atso-agure elbarrituen eta haien zaintzaile etorkinen adibide hori beste hainbat kasutara zabaldu genezake, geure gizarteko botere-harremanen erretratu zehatza egiten duen legea emateko: dezakeenak zikindu egiten du, ez dezakeenak bestearena garbitu.

Sexuen artean noren lana izaten da oraindik ere gehienbat garbiketa, etxe barruan? Enpresa bateko organigraman, zein da gutxien ordaintzen den lanpostua eta errazen esternalizatzen dena? Nazioartean, non egiten ditu bere proba nuklearrak Frantziak, esaterako? Nora eraman ohi ditugu Europako hondakin erradioaktiboak eta industria-hondar kutsagarrienak?

Arau orokor horren aplikazio praktikoa bizi dugu egunotan Gipuzkoan, hiri-hondakinen bilketaren istiluarekin. Erraustegiaren ideiarekin ados zeuden hasieratik alderdi nagusiak –ez denak–, harik eta kokalekuak bere udalerrian edo inguruan behar zuela jabetu zen arte zenbait alkate –Zubietan: Donostiako lurretan eta Lasartetik hurrean–. Geroztik zalapartak eta axanpak, aitzakiak eta bazter-nahasteak.

Eta orain zertan gara? Donostialdeko zaborrak Errenteriako San Markosen bildu izan dira urtetan. Orain, erdia hor eta beste erdia probintziako zenbait zabortegitan: Beasainen, Azpeitian eta Zarautzen. Egoera naturala eta berezkoa horixe dela pentsatuko du gainera hainbat lagunek, nahiz eta ozenki aitortzera ausartu ez –gustu txarrekoa da, izan ere, “nire kaka zuk garbitu behar duzu” esan beharra; gauza batzuk hobe hitzik gabe egitea–.

Erraustegia baino irtenbide garbiago eta ekologikoagoak badirela aldarrikatzen dute zenbait alderdik eta ekologistak –ez denek–. Garbiena zaborrik ez sortzea, dudarik gabe. Baina egungo gizartearen martxa ezagututa –hiritarreko eta eguneko kiloa baino gehiago, eta goraka doa kopurua–, ez dakit ba oso irtenbide errealistak diren han-hemen aipatzen zaizkigunak –paper mordoa irakurri ostean eta errespetu osoz esanda–.

Bien bitartean, gizakien nahiz herrien hartu-emanetarako balio dezakeen jokabidea proposatu genezake, hau da, ardura gaitezen nor bere zikina garbitzeaz, arazoa auzoari pasatu beharrean.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan