2007-10-21 -- 2107.zenb
Kirkuk Irakeko laugarren hiri handiena da eta Bagdadetik 250 kilometrora dago. 5.000 urteko ondare artistikoa duen arren, bere aberastasuna petrolioan datza. Izan ere, Irakeko erreserba handienetakoen gainean dago, eta Irak iparreko petrolio industriaren gune nagusia da. Beraz, Dallasekin senidetuta dagoela jakiteak ez du inor ustekabean harrapatuko.
80ko hamarkadan, Saddamen erregimenak hamar milaka kurdu, turkmeno eta asiriar biztanle kanporatu eta beste hainbeste arabiar eraman zituen horien ordez, gehienak herrialde hegoaldeko xiita txiroak. “Nazio Zuzenketa” izena eman zion Baath alderdiak “arabiartze” prozesu honi.
Baina Saddamen gainbehera 2003an gertatu zenetik, prozesua erabat inbertitu da, eta kanporatutakoek etxera bueltako bidea hartu dute. Populazio mugimenduak ikaragarriak izan ziren arren, Kirkukeko biztanle gehienak kurduak dira oraindik ere. Bagdadeko kontrolpean jarraitu edo Kurdistango eskualdean integratzea erabakiko zuen erreferenduma aurtengo azaroan burutzekoa zen baina hauteskunde-zentsua egiteko zailtasunek eta biolentzia giroak kontsulta atzeratu dute.
Zoritxarrez, etengabeak dira Moqtada al Sadr eta Al Mahdiren milizia xiiten erasoak, militar nahiz zibilen kontra.
Bestalde, Ankarak operazio militarrak egitearekin mehatxatu du Kirkukeko erreferenduma burutzekotan. Bertako turkiar jatorriko biztanleriaren interesak defendatzea du aitzakia, baina nazioarteko analistek pisuzko beste arrazoi bat antzeman dute: Kirkukeko petrolioaren etekinek aberastasun handia ekar diezaiokete Irakeko Kurdistango eskualdeari, Turkiako milioika kurdu txiroen erreferentzi bihurtuz aldi berean.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa