2007-10-21 -- 2107.zenb
Karlos Zurutuza
1991n piztu zen Saddam Husseinen kontrako matxinada handia. AEBek 36 paraleloa ez zeharkatzeko esan zioten Bagdadi, eta horri esker Irakeko Kurdistanek lehen hauteskundeetara deitu zuen urte berean. Funtsean, Kurdistango parlamentuak 1992an ekin zion bere ibilbideari.
Irakeko Kurdistango Nazio Asanblada bildu aurretik, PUKeko alderdikide eta parlamentuko presidentea den Adnan Muftik bere bulegoan hartu gaitu. Parlamentua, ustelkeria, Irakeko gerra eta Kurdistango etorkizuna izan ditugu mintzagai.
KDP eta PUKaren arteko gerra eta gero, benetan harrigarria da elkarrekin ikustea alderdi biak hemen.
Lau urteko gerra lazgarria izan zen hura, bai. 1998an, Washingtongo Ituna sinatu eta gero, parlamentuan elkartu ginen berriz. Gerrak iraun zuen urte horietan PUKeko kideok ez genuen parlamentua zapaldu. Zorionez, oso harreman ona dugu orain eta horri eskerrak osatu dugu koalizio gobernua.
Ez al dago aurreko gerra-egoera horretara bueltatzeko arriskurik?
Puntu asko adostu ditugu bi alderdion artean. Ministro kopuru bera dugu biok, eta eskualdeko presidente KDPkoa baldin bada, parlamentukoak PUKekoa behar du izan, eta alderantziz. Hurrengo hauteskundeak bi urte barru dira, baina Irakeko egoera larria kontuan hartuz, bi alderdiok 2015 arte elkarrekin gobernatzea adostu dugu.
Ustelkeria al da orain eskualdeko arazo nagusietako bat?
Tamalez, oso eskarmentu urria dugu administrazio alorrean. Ez dut ukatuko ustelkeria existitzen denik, baina asko exajeratu dela ere iruditzen zait. Ustelkeria dagoela frogatzen duen ikerketa serio bat iritsiko balitz, orduan bai, hartuko genituzke horren kontrako neurriak.
Badirudi koalizioko tropak Iraketik erretiratzen ari direla. Egoera konpontzen lagunduko du honek?
Ez dut uste erretiratzeko asmoa dutenik. Eta hala balitz, ez litzateke ona ez irakiarrentzat ezta kurduontzat ere. Denbora luzez beharko ditugu. Saddam kanporatzen lagundu ziguten 1991n, eta orain herrialdea berreraikitzeko ezinbestekoak dira. Euren laguntza jaso izan ez bagenu, orain ez genuke ez parlamenturik, ez hauteskunderik… ez ezer!
Herrialde barruan ez ezik, kanpotik datozen mehatxuei aurre egiteko ere behar ditugu. Al Qaeda eta beste talde terrorista batzuk Siria eta Irango mugetatik sartzen ari dira. Bestalde, Ankara eta Teheranek bonbardaketak burutzen dituzte maiz gure ipar eta ekialdeko mugetan. Kurduek bizilagun txarrak izan ditugu beti, nahikoa arrazoi da hori edozein laguntzaz baliatzeko.
Nolanahi, ba al dago Irakeko egoera konpontzerik?
Ez dago botere osoa duen gutxiengo baten menpe bizitzerik. Irtenbide bakarra hiru federazioren arteko koalizioa da: xiitak hegoaldean, sunitak erdialdean, eta kurduok iparraldean. Dena den, kurduontzat berreraikuntza da garrantzitsuena. De facto herrialde bat dugu eta gogor ari gara lanean.
Estatu federal hori azken urratsa al da erabateko independentziarentzat?
Ez dago munduan bere buruaren jabe izan nahi ez duen naziorik. Kurduok amets egin dugu beti gure estatua izatearekin. Baina politikaria naizen aldetik, ekonomia sustatzeari ematen diot lehentasuna orain. Bakarrik bizirauteko bermerik ez badago, ezin dugu independentzia aldarrikatu. Bihotzak independentzia eskatzen dit; buruak, aldiz, Irakeko federazioko kide izatea.
Kurdistango estatu federal horretan Kirkuk legoke?
Jakina! Kirkukeko lurra eta jendea kurdua izan da beti. Saddamek milaka kurdu kanporatu eta arabiarrekin ordezkatu zituen. Orain Kirkuken dauden arabiarrek alde egin beharko lukete, baina ez indarra erabiliz. Giza eskubideak errespetatu nahi ditugu, horregatik sortu dugu hori dena bideratzeko komisio berezi bat. Arabiarren gehiengoa joateko prest dago, baina diru laguntzak eskatzen dituzte horretarako. Bagdad eta Arbilen arteko kolaborazioa ezinbestekoa izango da populazio mugimendu hori era baketsuan burutzeko
Dena den, ez dirudi Kirkukeko korapiloa epe motzean askatuko denik.
Erreferenduma urte honen bukaerarako aurreikusten zen, baina ezingo da epea bete. Eraso terrorista ugari jasaten ari den eskualdea da, baina ziur egon erreferenduma noizbait burutuko dela. Gehiengoa Bagdadeko kontrolpean bizitzeko prest agertzen bada, ez dugu horretarako oztoporik jarriko. Hala ere, eta lehen aipatu bezala, biztanle gehienak kurduak dira, eta ziur gaude Kurdistan barruan bizi nahi dutela.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa