Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Landareak

Muxika tirria

Pertxenta denak, txirriporro edo mari-maisua, magal hautsia eta lirain airos izan daitekeen gisa berean, konplimenduzko lore duen mertxika bera (Prunus persica) tuatxa, toaxa, tuaxa, preseka, metxika, briska, duraza, duranzana, gurazaoa, melokotoia, kuntzuna, mertxika, mixika, mujika, muxerka, muxika, muxilka eta muxurka izan da geurean.

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2106. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0

Fruitu hau lehertu den ahosabaiaren goraxeagoko neurona multzoan artxibatzen den berarenganako grina, magaleko sakela hutsa gainezka ekartzeko otarra bete hustera azokara daramanaren irrika eta baserrian kosta ahala kosta bere uzta ugaritu nahi duenaren tirria halaberetsukoak dira. Ez da ez makala izan mertxika. Nola bestela honelako mertxika-izen jana! Lehen etxeoro zena, zenbatetan behineko ataritan topatuko egun? Txertatu eta landatu baino nahiago dendari frutazalearen kalakak jan. Etxean urte osoan jan direnen hezurrak erein zain hor ditut, era zaharrera... Arbendolondoak (Prunus dulcis) ez bezala, loraldiaren inguruko izozteei pulamentuz aurre egiten die eta ondorioz gure geografia osoan hazte-bide ederra du. Goizekoak, udakoak, berandukoak... barietate aukera ugaria da. Hauen tarterian Henri-Louis Duhamel du Monceauk 1768an Parisen argitara eman zuen fruta-zaintza liburu eder batean aipatzen duen “Bourdin” edo “Bourdina”, etxekoetatik jan dudan azkenekoaren antzera urrian heltzen dena. Mami zuria duela, baina hezur-aldea gorri bizia eta, maiz, kolore hau mami osora hedatua omen... Burdintsa edo burdina-sagarrarekin bezala gorrietan gorriari burdina... Parisen ere!

Berez txinatarra dena Alexandro Handiaren joan etorrietako gurdiren bateko zareren batean ekarria izango zen Pertsiatik Greziara; horra, gerora, mendebaldarron moztasunak, geure etorria grekoen berdantza aurreko iturrietara mugatzen digunak, jarritako izen zientifikoa, Prunus persica.

Paris berean, ehunen bat urte geroago, ordea, sendagileek mertxika jateko gomendio hauek luzatzen zituzten: ongi helduak hautatu, tamainan eta, batez ere, azukretan edo ardotan apailatuta jan, urdailak hobeto jasango dituela-eta. Gaurko osasungileei galdetu behar...

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia