2007-10-14 -- 2106.zenb
Logroñon (Errioxa) jaio eta bertan bizi izan den arren, euskaltzale sutsua da Alberto Garcia. “Niretzat gauzarik handiena euskara da eta zaindu egin behar da”, esan digu etxean ikasitako bizkaiera garbian. Bederatzi urteko Adriana alaba Errioxako hiriburutik Vianako Erentzun ikastolara egunero autobusez joaten da beste zortzi lagunekin.
Osasun arazoek bultzatuta, klima lehorragoaren bila joan ziren Mañariatik (Bizkaia) Errioxara Garciaren gurasoak. Etxeko hizkuntza euskara izan dute. “Logroñon lehenengo euskara ikasi behar da, ez baduzu hala egiten, ez baitago atzera bueltarik”. Irribarrez gogoratzen du eskolan hasi zenean ia ez zuela gaztelerarik ulertu ere egiten.
Garciaren emazte Eva Inza Badajozen (Extremadura) jaio, baina gaztetatik Logroñon bizi da. Alabak amarekin gazteleraz egiten duen arren, euskaraz egiten du hitz aitarekin. Errioxan jaioa izan arren, oso ongi egiten du euskaraz. “Euskara batua eta bizkaiera nahasten ditu batzuetan, baina hori ona da, hizkuntzaren aberastasuna baita”, dio aitak pozik.
Adrianaren gelan zortzi ikasle dira eta oso giro ona dagoela dio aitak, bai ikasle eta baita irakasleen artean ere. “Batzuetan brometan esaten diogu datorren urtean Logroñoko eskolaren batera aldatuko dugula, gertuago dagoelako, baina berak ez du hori entzun ere egin nahi”.
Alberto Nafarroa Oinezen prestakuntzan aritu da, grafismo batzordean. “Ez nuen ezagutzen zein handia den egun hau Erentzun ikastolarentzat, txundigarria da sortu duen ilusioa, bai ikasle, irakasle eta gurasoongan”.
Ikastolez hitz egitea ez da gauza erraza Logroñon, hori da behintzat Garciak ondorioztatu duena. Beren lagunei axola ez zaien arren, begirada eta komentario txarrak behin baino gehiagotan egin izan dizkiotela aitortu du: “’Nolatan eramaten duzu alaba Nafarroako ikastola batera hemen hainbeste eskola izanda?’ galdetzen didate harrituta, eta nik dena azaltzen diet, eta ulertzen badute ondo, eta ez badute ulertzen ere, ondo. Jada, berdin zait zer pentsatzen duen jendeak”. Hala ere, ikastolaren gaiarekin meriturik handiena bere emazteak duela uste du, euskalduna ez izan arren, beti jarrera ulerkorra izan baitu.
Alberto Garciak jatetxea du Logroñon bertan eta berak dio urteekin konturatu dela badela jendea ez dena bere jatetxera joaten euskaraz mintzo delako, baina hala ere, berdin zaiola. “Lehen tentuz ibiltzen nintzen alabarekin ari nintzenean inork ez gintzan euskaraz entzun, baina orain alaba hazten ari da eta irrikitan izaten naiz euskaldunen bat noiz etorriko berarekin euskaraz hitz egiteko”.
“Lehen tentuz ibiltzen nintzen alabarekin ari nintzenean inork ez gintzan euskaraz entzun, baina orain alaba hazten ari da eta irrikitan izaten naiz euskaldunen bat noiz etorriko berarekin euskaraz hitz egiteko”. Alberto Garciaren hitz horiekin geratzen naiz. Euskarak horrelako jarrera merezi duelako. Izan ere, guk ez badugu zaintzen edota maitatzen, nork egingo du? Euskara ez da hizkuntza handia hiztun kopuruari begiratuz gero, aldiz hizkuntza ikaragarria da, egunero gainditzen dituen zailtasun guzti horietan erreparatuko bagenu. Oso erreportai polita.
Maider 2007-10-15 22:55:40Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa 1.1