Astekaria

 Bero-beroan 

Iparraldean inbertitzea

Juan Mari Arregi

Juan Mari Arregi


2105. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0

Iragan astean albiste garrantzitsua gertatu zen Euskal Herrian: Hegoaldeko enpresa batek Iparraldean egingo duen inbertsio garrantzitsu baten iragarpena. Urtsa Erraztik zuzentzen duen Laudioko (Araba) JEZ enpresa txikiak 15 milioi euro inbertituko ditu Nafarroa Behereko Arberatze herrian beste enpresa bat sortzeko, Arberatzeko Trenbide Materialak (MFA), hain zuzen ere. Trenbideetarako materiala egingo dute eta 43 langile enplegatuko ditu. Lau urtean 80 lanpostura ailegatzea espero dute. Gure lurraldearen bi zatien arteko harreman naturala oso garrantzitsua da. Dena den, askoz ere garrantzitsuagoa da inbertitzeko Hegoaldeko enpresek Iparraldeko eremuak aukeratzea, haiek langabezia eta sektore produktiboen eraldaketa handiagoa pairatzen baitituzte. Eta iraupenerako asmoarekin gainera, ekoizpen eta lan kostuen eboluzioaren arabera herrialde batetik bestera mugitzera behartzen duen filosofia multinazionalaren aurka. Egoera hori Euskal Herrian ere milaka lanposturen galera ekarri duen deslokalizazio politika bihurtu da. Arrazoi horregatik enpresa ekimen hori zoriondu behar da eta arrakastarik handienak opa, Iparraldeko biztanle horien ongizaterako ere izango baita. Horrez gain ekimen hori Hegoaldeko beste hainbat enpresarentzat eredugarri izatea ere desiragarria litzateke. Iparraldean sektore espekulatiboetan ez baina etorkizuneko sektoreetan inbertitzearen alde egin behar da, horrela Euskal Herriaren zati horren garapen jasangarrian lagundu eta bertako gizon-emakumeak orain arte bezala emigratzera behartuak senti ez daitezen.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia