Astekaria

 Liburuak 

Industriak gizadiari eragiten dion suntsipenaz

Irudia

Pilar Iparragirre


2105. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0
'Gauzen presentzia'

Pablo Sastre ::Gauzen presentzia

Elkar

orrialdeak ::320

prezioa ::23.50€

Pablo Sastrek garbi dauka: emakume eta gizonak gai dira behar dituzten gauzak sortzeko –ahalmen horren lekukotasunak utzi dituzte historiaurretik hasita–, eta gai beharko lukete izan esateko, eurek, aurrerabidearen izenean industriak sortutako ezin konta tramankuluetatik zein gauza nahi duten –beharrezkoa zaien–, eta zein ez. Hori ordea, ez da inondik ere gertatzen, Gauzen presentzia saioan zalantzari tarte gutxi utziz azaltzen den bezala. Industria ondorengo munduari erreparatzen dio egileak, zibilizazio horren kritika zorrotza egiteko, galdera ugariren bidez. Hona hemen funtsezkoenetakoa: industriak sortutako makinetatik zenbat dira beharrezko, eta zenbat aurretik genituen “gauzak” baino okerrago eta, beraz, haiek izateari uko egin beharko geniekeenak? Industria ondoko etxeek zerikusi gutxi dute aurreko etxebizitzekin. Noiz sortu ziren koilara-sardexkak? Nolakoak ziren aurreneko oheak eta komunak, eta zergatik aldatu zen haien erabilera? Noiz ekin zion Mendebaleko emakumeak kuleroak eta bularretakoak janzteari eta gizonak kantzontziloak eramateari? Gasa, argindarra, trena, telefonoa, kotxea, ordenagailuak... nahitatezkoak ote ditugu?

«Irabaziari begira eginik ez dagoen zenbat tresna dugu?»

Zerk bultzatu zaitu Gauzen presentzia osatzera?

Beren baitan bizia daramaten gauzek –haurrek pintatutako paperak, txilar-belarrez eginiko eskobak– beren ederrez samurtu egiten naute; aldiz, izerdirik gabeko gauzek, beren indiferentzian asaldatu, aztoratu egiten naute. Aztoramendu hori dago saio honen oinarrian. Hortik heldu da galde-soka luzea. Nolatan heldu gara garen bezalakoak izatera? Nolatan ditugun gauzak izatera? Antzina, zelan eramaten ziren gauzak? Zein klasetako jendea hasi zen batzuk eta besteak erabiltzen? Jendeak aurre egin al zion? Irabaziari begira eginik ez dagoen zenbat tresna dugu? Zein gauza dira, hauetatik, seguru asko gustu handiz ari ez diren jendeen lan esklaboaren fruitua?

Galdera horien bidez, zehazki zer jakin nahi duzu?

Gauzak zergatik erabiltzen ditugun, edo zergatik ez ditugun erabiltzen, hori da jakin nahi dudana.

Eta erantzunak, nondik atera dituzu?

Jakituria iturrietatik bat, gure aitatxi-amatxiengandik hartzen ahal duguna, itxia edo biziki agortua dagoela sumatzen dut, eta horrek izugarri kolpatzen nau, zergatik da hori horrela? Orduan, nire eskura diren beste iturrietara jo izan dut: noski, ezagutze sentsiblea, batik bat inguratzen nauten jendeek eta gauzek eman didate; eta, bestetik, liburuetako jakintzaz baliatu naiz.

Kritika zorrotza egiten diozu “makinismoari”?

Ez dut uste progresoak gizateriaren ongizatea ekarriko duenik. Lehia, “ukan dezagun gutxiago, ukan dezagun orok” terminoetan ez baldin bada planteatzen, ez da nire lehia.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia