Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Osasuna

Bihotz artifizialari esker bizirik

Joan den ekainaren 5ean, Bartzelonako Bellvitge erietxeko mediku talde batek bihotz artifizial bat ezarri zion, aurreneko aldiz Espainiako Estatuan, 48 urteko emakume bati. Gaixoak bi hilabete zeramatzan ospitaleratuta bihotz-gutxiegitasun terminal batengatik, eta ez zion tratamendu farmakologikoari erantzuten. Aste gutxiko bizi-itxaropena besterik ez zuenez, eta transplantea ezinezkoa zenez, medikuek ez zuten beste irtenbiderik izan.

Jabier Agirre

Jabier Agirre


2104. alea
0000-00-00
alde 0    kontra 0

Emakumeari ezarri dioten bihotz artifizialak INCOR du izena, eta hamabi zentimetroko luzera eta hiru zentimetroko diametroa dituen gailua da. Larruazal azpitik doan kable baten bidez lotzen da, korronte elektrikoa sortzen duten kanpoko lau bateriarekin. Aparatuak bihotzaren ezkerreko bentrikulutik aorta arteriara bultzatzen du odola, kasu honetan emakumearen ezker bentrikulua baitzen ondo funtzionatzen ez zuena.

Mundu osoan horrelako 300en bat ebakuntza egin dira, eta bihotz artifizial bati esker bizi diren gaixoen artean, duela zazpi urte operatutako estatubatuar bat da “zaharrena”. Oraingoz, Bellvitge ospitaleko espezialistek ezin izan dute kalkulatu zenbat denbora bizi ahal izango den emakumea bihotz artifizialarekin, baina baikor agertu dira. Esan dutenez, emakumearen gaitza (transplantea eragozten duena) desagertu egin daiteke datozen hilabeteetan. Era horretan, emakumeak transplante bat hartzeko aukera izango luke.

Ospitaleko Bihotz-Kirurgiako zerbitzu-buruak, Eduard Castells doktoreak, esan du “sistema berria zubi modura onartu eta erabil daitekeela agian, gaixoa bihotz-transplante bat hartzeko moduan egon arte”, baina nahiko garestitzat jo du sistema hori: emakumeari jarri dioten gailuak 90.000 euro balio du. Hala ere, Castellsek uste du zientzia gai dela aparatu sinpleagoak egiteko, ez tratamendu medikoarekin eta ezta transplantearekin ere sendabiderik ez duten gaixoentzat. Helburua bizi-kalitate onargarria lortzea da, gaixoa bere etxean egon, paseatzera edo erosketak egitera atera, eta joan-etorri laburrak bere kasa egin ahal izan ditzan.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia